argia.eus
INPRIMATU
ERCko Roger Torrent izendatu dute Kataluniako parlamentuko presidente
  • Roger Torrent ERCko diputatua da Kataluniako Parlamentuko presidente berria. Independentistek gehiengoa mantenduko dute mahaian, erbestean dauden diputatuek euren botoa delegatzeari uko egin badiote ere.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 17a

Goizeko 11etan hasi da Kataluniako Parlamentua osatzeko saioa. Astearte arratsaldean, ERCk eta JxCATek akordioa izenpetu zuten Roger Torrent ERCko diputatu gaztea parlamentuko presidente izendatzeko, Carme Forcadellek iragan astean uko egin baitzion kargua berrartzeari. Parlamentuan zeuden 65 diputatu independentistek babestu dute Torrent eta hartara, gehiengo sinplea lortu du bigarren bozkaketan.

Espetxean dauden hiru diputatuek ezin izan dute parlamentuaren osaketako saioan parte hartu, Lllarena epaileak debekatu ostean. Euren botoa delegatzeko aukera izan dute. Oriol Junquerasek Marta Rovirari eman dio bere boto eskubidea, Jordi Sanchez eta Joaquim Fornek berriz Jordi Turullen esku utzi dute.

Erbestean dauden diputatuek berriz, uko egin diote euren botoa delegatzeari saio honetan euren botorik izan gabe ere mahaiaren gehiengoa eskuratzea bermatuta zutelako. Boto delegatua eskatu izan balute, oposizioak esana zuen aurreko legegintzaldian hamaika aldiz egin zuten bezala, zalaparta sortuko zutela Parlamentuan.

Behin parlamentua osatuta, hurrengo pausoak Presidentea aukeratu eta Gobernua osatzea izango dira independentismoarentzat. Asteartean ERCk eta JxCATek adostu dute Puigdemont izendatzea presidente, bai behintzat saiakera egitea. Espainiak esana du ordea ez duela inbestidura telematikorik onartuko. Parlamentuko legelariek ere ez dute aukera hori ontzat eman. Ikusi beharko da Espainiako Estatuaren ezetzaren aurrean independentismoak hartuko duen estrategia.