argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako murgiltze ereduaren aurka ebatzi du Espainiako Auzitegi Gorenak
  • Ebazpenak Kataluniako Gobernua behartzen du ikastorduen %25 gazteleraz egitera. Pere Aragonès presidenteak eraso larritzat jo du, eta Generalitatetik herritarrei helarazi zaien mezuaren arabera, murgiltze ereduarekin segiko dute.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 24a

Iragan abenduan Kataluniako Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Generalitateak neurriak hartu behar zituela eskoletan katalana eta gaztelera "normal" erabil zitezen, eta ondorioz, Kataluniako Gobernua derrigortu zuen ikastorduen %25 gazteleraz izan zitezen bermatzera. Generalitatean kasazio helegitea jarri zion erabakiari, eta asteartean Espainiako Auzitegi Gorenak helegitea baztertu egin du, ikastorduen %25 gazteleraz egitea aginduz. Ebazpenaren arabera, eredu hori berehala ezarri beharko da.

Kataluniako presidente Pere Aragonès-ek "eraso oso larritzat" jo du Gorenaren ebazpena. Hizkuntza murgiltze eredua "herrialdeko kohesio sozialerako eta aukera berdintasunerako bermea" dela azpimarratu du, eta hargatik adierazi du "eskoletako katalanera ez dela ukitzen".

Ebazpenaren berri emanez egindako agerraldian, Josep Gonzalez-Cambray Kataluniako Hezkuntza kontseilariak herritarrei helarazi zien egungo eredua mantenduko dutela. Zentzu horretan, hezkuntza zentroei lasaitasun mezua helarazi zien, egungo programak aldatuko ez dituztela argudiatuz.

Agerraldian, Gonzalez-Cambray-rekin batera, Natalia Garriga Kultura kontseilariak hartu zuen hitza. Hark jakinarazi zuen hizkuntzaren erabilera sustatzen duten taldeekin bilera bat antolatzeko asmoa dutela, "erantzun bateratu bat aztertzeko" asmoz. Kontseilari biek adierazi dutenez, balizko erantzunetako bat litzateke erabakia ez errespetatzea. Aragonès gobernuburuak ere bilera horretan parte hartuko duela jakinarazi zuten.