Autogobernuaren Ikerketa Institutua RUI edo aldebakarreko independentzia erreferendumaren bideragarritasuna aztertzen ari da Generalitatearen enkarguz.
Lehen zirriborroaren arabera, Generalitateak baino Kataluniako Legebiltzarrak antolatu beharko luke erreferenduma, La Vanguardia egunkariak jakinarazi duenez. Carles Viver Pi-Sunyer erakundeko zuzendaria –lehen Trantsizio Nazionalerako Aholkularitza Kontseiluko lehendakaria– Josep Maria Reniu eta Victor Cullell ari dira lan horretan. Irailaren 28ko Carles Puigdemont presidentearen konfiantza mozioaren aurretik prest izan nahi dute lana.
Kataluniako egunkariak argitaratu duenez, autogobernuaren institutu honek lehendik ere aztertuta zeukan erreferendumaren gaia, baita baztertuta ere, bertako arduradunen ustez 2014ko azaroaren 9an egin baitzen erreferendum hori. Erreferendumaren azterketari berrekin dio, alabaina, eta bere ondorio nagusietakoa Legebiltzarrak bideratu beharko lukeela da, honek zigorgabetasuna duelako eta Espainiako Gobernuaren oztopoak hobeto gaindi ditzakeelako.
Hautetsontzien erosketa, errolda egitea, hauteskunde mahaiak antolatzea… dena egin beharko luke Legebiltzarrak, Institutuaren arabera, erreferenduma Legebiltzar batek antolatzeak Gobernuak antolatzea baino indar gehiago duelako, batez ere atzerriari begira. Legearen ikuspegitik dena bikain antolatu beharko litzateke, Espainiako Estatuak ezin dezan prozesua gelditu, eta bakarrik “indarraren monopolioa erabilita” gelditu ahal dezan.