argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako kontsulta legea indargabetu du Konstituzionalak
  • Ez-ohiko bilkuran hartu dute erabakia Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko magistratuek. Horrekin batera, 2014ko azaroaren 9rako egin zen lehenengo kontsulta deialdia ere konstituzioaren aurkakoa dela ebatzi dute. Duela sei hilabete indargabetu zuten legea behin-behineko, Espainiako Gobernuaren helegiteari erantzunez.

Igor Agirre @igoragirre 2015eko otsailaren 25
Aho batez bota dituzte atzera magistratuek kontsultarako deialdia eta Kontsulta Legea. (Argazkia: Diego Diaz).

Oraindik epaiaren xehetasunak zabaldu ez badituzte ere, aho batez bota dituzte atzera magistratuek kontsultarako deialdia eta Kontsulta Legea. Konstituzionalak 2010eko Kataluniako Kontsulta Legearen inguruko sententzia aurkeztea ere espero zen epai honekin batera, baina ez da hala izan.

Erabakia jakin bezain laster erreakzioak izan dira Katalunian. Artur Mas Generalitateko presidentearen iritziz Espainiako Estatuak “hauteskundeen bidea soilik uzten du” Kataluniaren etorkizuna aukeratzeko. Alfred Bosch Madrilgo kongresuko ERCren bozemaileak ere irailaren 27an izango diren hauteskunde plebiszitarioak ekarri ditu gogora.  Kongresuan zuzendu zaio Mariano Rajoyri “irailearen 27an independentzia erreferenduma egingo dela” onartzeko esanez.

Herri mugimendua “inoiz ezingo duela indargabetu” adierazi du ICVko Joan Coscubielak Madrilgo kongresuan. Bere ustez, arazo politikoa dagoela baieztatzen du Konstituzionalaren epaiak.

Kataluniako parlamentuko CUPen ordezkari David Fernandezek “Espainiako Auzitegi Konstituzionala berandu iritsi dela” nabarmendu du. Kataluniak “bere konstituzionaltasun propioa eraikiko du” gehitu du Fernandezek.