Eragile sozialek topaketak egin dituzte Bartzelonan larunbatean. Kataluniako Parlamentuak onartutako prozesua oinarritik garatzen hasi nahi dute Aixequem la República ekimenetik.
Kataluniako Gobernuak onartu eta definitu zuen Prozesu Konstituziogilea garatzeari ekin diote hainbat herri mugimenduk. Aixequem la República lemapean –Errepublika Eraiki euskaraz–, ekitaldia egin dute abenduaren 2an Bartzelonan, La Directak jaso duenez. Arratsaldean ekitaldia egin zuten arren, goizean asanbladan elkartu ziren errepublikaren eraikuntzan eman beharreko hurrengo pausoak definitzeko.
Parlamentuak onartutako Prozesu Konstituziogilearen planteamenduan prozesu parte-hartzailea aurreikusi zuten, Asanblada Konstituziogileaz gain. 155. artikuluaren aplikazioaren ondoren ordea, prozesua garatu gabe geratu da. Horregatik, Errepublika Eraiki ekimenetik eztabaida zabala garatu nahi dute gizartean, “alderdietara mugatu gabe". Larunbateko ekitaldian adierazi bezala, prozesu konstituziogilea ez dute ulertzen “prozedura juridiko” bat soilik bezala.
Espazio berri honen bultzatzaileen zerrenda handitzen ari da. Dagoeneneko 50 bat kooperatiba, CDR, elkarte eta erakundek babestu dute ekimena. Aixequem la Repúblicatik "78ko erregimena eraisteko aukera" baliatu beharra dagoela azpimarratu dute. Eztabaida prozesuan tradizionalki horrelako eremuetatik kanpo geratu ohi diren sektoreak erakarri nahi dituzte antolatzaileek, migranteak, egoera ekonomiko larrian dauden sektoreak, besteak beste.
Irakurri euskaraz deialdia egiteko idatzi zuten manifestua.