Generalitatak ezingo du botoa ematea sustatzeko kanpaina instituzionalik egin etorkizunean. Hala erabaki du Espainiako Auzitegi Gorenak. Erabakiak azaroaren 9an egingo den Kataluniaren independentziaren inguruko galdeketan eragingo du zuzenean.
Auzitegiak Kataluniako Gobernuaren eta Espainiako Hauteskunde Batzordearen arteko gatazka ebatzi du. 2012ko hauteskunde autonomikoetan sortu zen auzia: Artur Masen Gobernuak bozkatzera joateko eskatzen zuten bideoak eta irrati-iragarkiak egin zituen.
PSC, PP, ICV-EUiA eta Ciutadans alderdiek kanpaina instituzional hura Espainiako Hauteskunde Batzordean salatu zuten “CiUren proiektu soberanistaren aldeko kanpaina” egiten ari zirela argudiatuz, eta, beraz, egiten zutena ilegala zela.
Espainiako Hauteskunde Batzordeak kanpaina hura debekatu egin zuen eta orain, Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio, Espainiako legediaren 50.1 artikulua aplikatu behar dela ebatziz. Artikulu hori 1994an aldatu zuten: bertan behera utzi zuten botere publikoen eskubidea bozkatzera joateko kanpainak sustatzeko. Generalitatak hauteskundeen datei, prozedurei edota baldintzei buruz baino ezingo du informatu.
Generalitateko zerbitzu juridikoek Espainiako Auzitegi Gorenaren aurrean Estatut-aren 43. artikulua defendatu zuten. Artikulu horrek dio “botere publikoak saiatu behar direla hauteskundeei buruzko kanpaina instituzionalek herritarren partaidetza sustatzea helburu izan dezaten”. Auzitegi Gorenaren arabera, Espainiako legea Kataluniakoaren aurrean gailentzen dela salatu du Kataluniako Gobernuak.