Kataluniako Barne ministroak, Jordi Janék, “eragindako lesioengatik barkamena eskatzeko” eskutitza bidali dio Nicola Tanno gazteari, La Directa webguneak jakinarazi duenez.
Gazteak begi bateko ikusmena galdu zuen Esquadra Mossoek jaurtitako gomazko pilotakada baten ondorioz. 2010eko uztailaren 12an gertatu zen Bartzelonako Espainia Plazan, Espainiako Selekzioak Hego Afrikako Munduko Kopan lortutako garaipena ospatzeko festan.
Joan Saura zen Barne ministroa orduan, eta bertsio ofizialak ukatu egin zuen poliziak gertakari hartan izan zuen erantzukizuna. Orain, ordea, garai hartan zabaldutako komunikazio ofiziala gezurra zela egiaztatu dute; Barne Ministerioaren buruak, Jordi Janék, onartu du gomazko pilotakadaren inpaktuak eragin zizkiola zauriak gazteari, eta 200.000 euroko kalte-ordaina eman dio, gazteak berak komunikatu batean adierazi duenez. Era berean, Janék barkamena eskatu dio gazteari eragindako zauriengatik, eta gaineratu du badakiela “inoiz ezingo dituela eragin zaizkion zauriak erreparatu”.
Gazteak salatu duenez, "ez da erasoaren zuzeneko egileak identifikatzeko pausorik eman”, eta “penagarritzat” jo du kasu honetan zein antzekoetan "errudunak diren poliziek egindakoa ez ordaintzea".