Espainiako Gobernuaren estrategia politikoaren barruan mugitu du fitxa PSOEk: protagonista handirik gabeko irudi batekin jakinarazi dute akordioa, baina detaile gutxi emanda eta datarik ipini gabe.
Ia hamabost urteren ostean, Kataluniako alderdi sozialistak Generalitateko buruzagitza berreskuratu zuen iaz. Procésaren ubera nahasian, parlamentuak Salvador Illa hautatu zuen presidente, PSCren eta ERCren arteko akordioari esker. ERCk baiezkoa ematearen motiboa, beste gauza batzuen artean ziur aski, finantzaketa autonomikoaren inguruan PSOEko kupulak izandako iritzi-aldaketa izan zen: Espainiako Gobernu presidente Pedro Sánchezek hitzez hitz esan zuen Kataluniako finantzaketa sistema 2014tik iraungita zegoela, eta berritu egin behar zela.
Ordurako baziren gutxienez hogei urte independentista katalanek EAEko kupoaren eta Nafarroako finantzaketa ereduaren antzerako modeloa eskatzen ziotela Espainiari. Baina Espainiak beti bueltan ezetz esaten zuen, PPk eta eskuinak orain oso indartsu darabilten leloa, "espainiar guztiak berdinak gara", gaindiezin moduan planteatuta. Orain, ordea, Sánchezen estiloan eta eskuineko prentsak leporatzen dion gisan, PSOEk pultsua itxuraz ERCri irabazten utzi zion, nolabait ere, hauxe esateko: ERCk ospa dezala garaipena, baina PSCk presidentetza berreskuratuta.
Finantzaketa eredua adostu dutenaren iragarpena, dena dela, triste samarra izan da; guztiz bigarren mailakoa. Prentsaren aurrera atera zitezkeen bi presidenteak, Sánchez eta Illa, edo bi Ogasun ministro edo kontseilariak, María Jesús Montero eta Alícia Romero; baina ezkutuago igarotzeko-edo, Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako ministro Ángel Victor Torres eta Kataluniako presidentetzarako kontseilari Albert Dalmau agertu dira adierazpenak egitera. Nork sinets dezake asteleheneko agerraldia, zinez akordio xehatua eta gaurtik biharrera aplikagarria balitz, eta PSOE zinez harro balego, gisa horretan salduko luketenik, eta uztailean, gainera?
Zer da adostu dutena?
Oro har, detaile gutxiko eta hitz zabal askoko bost orriko dokumentua da. Bi aldeen "konpromisoa" adosten da, eta "printzipioen deklarazio" moduan hartu dute, hitzez jasotzen baita Espainiako Gobernuak aitortu egiten duela Kataluniako finantzaketa sistema "agortuta" dagoela eta berritu egin behar duela. Hain justu, dokumentuak esaten du Kataluniak garatu dezakeela sistema bat zeinak bere lurretako zergak biltzeko aukera ematen dion. Alegia, autonomia erkidegoen administrazioek beren lurretako tributuak kudeatzeko modu bat litzateke, Espainiako Ogasunak egin beharrean.
Baina zer egingo da jasotako diru horrekin guztiarekin? Dokumentuak ez du zehaztapenik ematen. Ez da finantzaketaz hitz egiten, eta ez da kuporik aipatzen. "Zerga-saski" bati buruz ari dira, eta banaketarako zifrak adosteke leudeke.
Tratu berezia Kataluniari?
Zerga sistema "berezi" moduan saldu badute ere, "berezia erkidego guztientzat" litzateke. Izan ere, Kataluniari bezala, autonomia erkidego guztiei zabaltzen zaie atea halako sistema bat garatzeko. Dena dela, "zerga-saski" horretako zifrak erkidego bakoitzarekin adostea aurreikusten da. Tratu atseginik balego, horretan nabarituko litzateke; baina oraindik ez dago ezer esanda.
Noiz hasiko dira?
Ez dute zehaztapenik eman. PSCk eta ERCk akordioa egin zutenean Illa presidente hautatzeko, jakinarazi zuten Kataluniako Zerga Agentzia 2026an hasiko zela PFEZ Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga jasotzen. ElDiario.es-en arabera posible litzateke datorren urtean gauzatzea, gaitasun fiskalari eta lurraldetasun irizpideei lotzeko errazena delako.
Zer diote Kataluniako alderdiek?
Aurreakordioa ERCrekin sinatu zuen PSCk gai honen inguruan, eta bera izan da lehenbizikoa hitz egiten. "Belarrira ongi dator" esan arren, "konkrezioa falta zaio" adierazi du ERCk, eta "garatu" behar dela azpimarratu. Juntsek, ordea, PSOEren "beste tranpa bat" dela salatu du, aurkeztutakoa "oso urrun" dagoelako "Kataluniak behar duenetik", eta oroitarazi du Juntsek nahi duen modeloa EAEkoaren eta Nafarroakoaren antzerakoa dela. CUPen esanetan, azkenik, "fake bat da" guztia: "Ilea hartu digute, beste behin, Rodalies tren zerbitzuaren eskualdatzearekin bezalaxe".
Eta zer diote beste autonomia erkidegoek?
Inor ez da akordioaren alde azaldu, eta erkidego ia-ia guztiak agertu dira prentsaren aurrean kritikatzera.
PPk gobernatzen dituen erkidegoak izan dira gogorrenak, Madrildik eta Isabel Díaz Ayusorengandik hasita, "estatuaren ustelkeria" dela esan baitu. Extremadurak, esaterako, "sakeoa" salatu du, Aragoik "bidegabekeria" eta "eskandalua", Gaztela eta Leonek "erkidegoen oreka eta berdintasuna hautsi" egingo dela, eta, Andaluziak, besteren artean, "Espainiarentzat kolpe oso gogorra" dela.
PSOEren eskuetan dauden bi autonomia erkidego ere kexatu dira: Gaztela-Mantxa eta Asturias. Nafarroako Gobernuak eta EAEkoak ez dute oraindik gaiaren inguruan hitz egin.