argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako erreferendumean gomazko balak jaurti zituzten lau poliziari ez diote amnistia emango, eta auzipetu egingo dituzte
  • Lau agenteak lesio-delituengatik ikertzen ari dira eta horrek galarazten du 2024ko amnistia aplikatzea. Polizia horietako batek, ustez, gomazko bala batekin begi bat zartatu zion Roger Español kataluniarrari.

El Salto @ElSaltoDiario 2025eko martxoaren 20a
Roger EspaƱol, gomazko bala baten biktima urriaren 1ean, Espainiako Poliziak Bartzelonako Ramon Llull Institutuko hauteslekua hustu ostean. Victor Serri / La Directa

Bartzelonako Auzitegiak ahozko epaiketa hasiko du Espainiako Poliziako lau agenteren aurka, 2017ko urriaren 1eko erreferendumean egindako lesio-delitu bat egotzita. Fiskaltzak poliziei amnistia emateko egin du eskaera, baina epaitegiak atzera bota du. Agenteen aurkako salaketa jarri duen Roger Españoli, ordea, amnistia ezarriko diote. Bera ere akusatua izan zen agintaritzaren aurkako atentatu-delitua leporatuta.

Bartzelonako auzitegiak lau poliziak auzipetuko ditu, urriaren 1ean manifestarien aurka gomazko balak jaurti eta Roger Españoli ustez begi-globoa leherrarazi eta horren ondorioz begia galduarazteagatik.



El Pais egunkariak aurreratu duenez, Auzitegiak martxoaren 11ko auto batean ondorioztatu du Españoli begia zartatu izana ez dagoela Amnistia Legearen babespean. Auzitegiak arauaren 2. artikuluko A atalari egin dio erreferentzia: graziazko neurriaren aplikaziotik kanpo geratzen dira "organo edo gorputz atal baten galera edo ezintasuna” eragin duten kasuak.

Akusazioaren arabera, polizia batek gomazko balei buruzko araudiak agintzen duen gutxieneko distantzia – 14,2 metro– ez zuen bete, hurbilagotik egin zuen tiro. Epaituriko beste hiru agenteak inspektore bat eta bi inspektoreorde, kautxuzko balak distantzia arriskutsuan eta ingurune desegokian erabiltzea agindu edo baimendu zutenak dira.

Salatzailea, Roger Español, ere epaitua izaten ari zen agintaritzaren aurkako atentatua leporatuta. Polizien aurka konoak eta hesiak jaurtitzea leporatzen dio Poliziak. Haren kasua artxibatu egin da, epaiketara joan beharrik gabe, amnistia legea ezarrita. Bartzelonako Auzitegiaren epaia errekurritu daiteke oraindik.