Espainiar Estatuko biztanleriaren %42,6 Kataluniako erreferendumaren alde dago, Arak kaleraturiko datuen arabera. Aurkakoak %53,7 dira; gainerakoek ez dute argi beren erantzuna. Ezkerreko alderdien boto-emaileak dira galdeketaren aldekoak.
Egunkari katalanak argitaraturiko informazioak Acceso Election Talksek eginiko inkesta du oinarri, eta Espainiako Estatuko biztanleriak Kataluniako erreferendumaren inguruan duen iritzia jakitea izan du xede. Horretarako, autonomia erkidego zein alderdi politiko ugaritako herritarrak galdegin dituzte. “Independentziaren inguruko galdeketa onartu behar da?” itauna izan da abiapuntu.
Alde batetik, Espainiako Estatuko alderdi politiko nagusietan multzokatu dituzte galdegindakoak. Horien artean, Podemos da erreferendumaren aldeko gehien dituena, %86,2. Ondoren Ezker Batua dago, %70,2ekin. PSOE da banatuen dagoen alderdia; aldeko %37,1 eta aurkako %56ekin. PP eta Ciudadanosen kasuan, aldiz, gehiengo argia Kataluniako erreferendumaren aurka dago, %92,9 eta %72,6, hurrenez hurren.
Autonomia erkidegoei dagokienez, Kataluniako biztanleriaren gehiengoa (%80,2) erreferendumaren alde dago. EAE da hurrengo autonomia erkidegoa, aldeko %59,4ekin. Aipatzekoak dira, bestalde, Valentzian eskuraturiko datuak. Bertako biztanleriaren %41,2 erreferendumaren aldekoa da eta aurkakoak %49,5 dira. Gainerakoek ez dute argi beren erantzuna.
Acceso Election Talksek eginiko azterketak internet bidezko inkestak, telefonoz eginiko galdeketak eta landa-lana – 2015eko abenduaren 5 eta 9 bitartean buruturikoa – ditu oinarri. Guztira, 916 galdeketa egin dira.