Espainiako Gobernuak azaroaren 9rako Katalunian aurreikusita dagoen kontsulta inpugnatuko balu, Generalitateak B plana pentsatua du, El Periodicoren arabera: baiezkoaren aldeko alderdiez osatutako gobernua proposatuko du Masek, 2016rako hauteskunde plebiszitarioak antolatu eta independentziarako trantsizioa egiteko.
Josep Rull CDCko koordinatzaile nagusiak Joventut Nacionalista de Catalunya-rekin egindako bileran azaldu du galdeketarik egiten ez badute jarraituko den bigarren bide hori. Rullen hitzetan, “kontsultaren aldeko alderdiek zerbait berria sortzean datza kontua, alderdien izenak alboratu eta boto-emaileei argi utziz, irabaziz gero, negoziazioei bide emango dioen mandatu bat abiatuko dela”.
Hala balitz, hauteskundeak 2016a baino lehen ezingo lituzketela antolatu dio Rullek; egingo balute, zenbait gai ez liratekeelako prest egongo, ogasun propioa eta Estatu katalanaren estruktura juridikoa kasu.
Berripaperaren arabera, Convergenciak ez du baztertzen Kataluniako autonomia deuseztatu eta Maria de los Llanos de Lunak, Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak, funtzionarioen, TV3ren edo poliziaren kudeaketa bere gain hartzea.