45.000 kataluniarrek laguntza eskatu diote EBri Bruselatik bertatik

  • Urriaren 27an independentzia aldarrikatu zuen Kataluniako Parlamentuak. Egun berean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zieten, autonomia Madrildik gidatzeko asmoz. Abenduaren 21ean hauteskunde autonomikoak egingo dira.

ARGIA @argia
2017ko abenduaren 07a
Gakoak
Erakutsi gako guztiak
Hamarnaka mila lagun bildu dira Bruselan, Kataluniako independentziaren alde. (Arg.: ANC)
Europak "barne afera" izendatu du Espainiak Cuixart eta Sánchez kartzelaratu izana

Gai Ekonomikoetako komisario Pierre Moscovici-k "barne afera" gisa hitz egin du bi Jordien kartzelaratzeaz eta garrantzia kendu dio: "ez da ezer konponezinik gertatu". Espainia eta Katalunia elkarrizketara gonbidatu ditu: "Indarkeriak eta enfrentamenduak ez daramate inora. Irtenbidea elkarrizketa da". France Info irratian eginiko adierazpenetan nabarmendu du ezin dutela bitartekari lana egin Espainiak eskatzen ez badu: "Guk ezin dugu bitartekaritza inposatu. Bitartekaritza egoteko, biek, Madrilek eta Bartzelonak, galdegin behar dute".

Albistearen iturria: Vilaweb.cat

Taula per la Democràcia-k manifestazioa deitu du Bartzelonan larunbaterako

"Eskubide eta askatasunen defentsan" lemapean deitu du manifestazioa. 17:00etan Gracia atorbidea Aragórekin gurutzatzen den lekuan izango du abiapuntua eta Catalunya plazara zuzenduko da. Gracia etorbidea Gran Viarekin lotzen den puntuan manifestua irakurriko dute. Jordi Sánchez eta Cuixarten kartzelaratzea salatuko du martxa honek. Taula per la Democràciak ehun eragile inguru biltzen ditu.

Albistearen iturria: Vilaweb.cat.

Auzitegi Konstituzionalak Erreferendum Legea baliogabetu du

Kataluniako Parlamentuak irailaren 6an onartu zuen Erreferendum Legea eta Auzitegi Konstituzionalak eten egin zuen egun bat beranduago, behin behinean. Urriaren 17an baliogabetu egin du, ebazpenean zera adieraziz: "Kataluniak ez du jabetza subirauik eta ezin da subjektu juridiko gisa ezagutua izan, subirautza nazionala duenarekin konpetentzian sartzeko". Legeak arautzen zuen erreferendumaz, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenak dio: "denei eragiten dien gaia, hau da, Espainia eratzen duen Estatu komun horretako kide izatea edo ez, denen artean erabaki beharko litzateke; alderantziz egiteak ekarriko luke hiritartasunaren batasuna haustea, eta juridiko-konstituzionalki, guztion Nazioa haustea".

Hemen irakur daiteke ebazpen osoa (gazteleraz).

Mossoek txalo artean artu dute Trapero gaur goizean lanera joan denean

Mossoek Twitterrez zabaldutako bideo honetan ikus daiteke gaur goizean Josep Trapero Mossoen buruari egin dioten harrera beroa. Atzo Carmen Lamela epaileak pasaportea kendu zion eta hamabostero epailearen aurrean agertzeko agindua jarri zion, Jordi biak esperatu dituen auzi berean.

Generalitateak dio ostegunean ere elkarrizketa eskainiz erantzungo diola Madrili

Ostegunean berriz ere elkarrizketa eskaintzarekin erantzungo diola Madrili, hori jakinarazi du Generalitateko gobernuaren bileraren ondoren Jordi Turull gobernu bozemaileak atzo Mariano Rajoyk emandako epeari ihardetsiz. Baina, Madrilek elkarrizketari etengabe entzungor egiten diola ikusita, azken eskaintza izan daitekeela ere aditzera eman du. Madrilgo jarrerak bi aukera ematen diela esan du Turullek: edo errenditu edo aurrera egin, eta "errendizioa ez dago gure eszenatokian".

Jordi Sánchez eta Jordi Cruixarten atxiloketak "lotsa demokratikoa" eragiten dutela zehaztu du: "Edondik begiratuta ere, "preso politikoak dira, noiz eta XXI. mendearen bihotzean". Lasaitasunerako deia eginez, deitu diren protesta mobilizazioei sostengua eman die Generalitateak. Kritika egin dio, halaber, Madrildik Mossoen buruari eragin dioten ospe-galtzeari.

 

12:00etan kontzentrazioak egin dituzte herrietan #LibertatJordis eskatuz

Behean, Ion Telleriaren bideoan, UGT eta CCOOren idazkari nagusiak, alkateak eta Gobernua elkarretaratzean.

Sants auzoan errepidea moztu dute:

Poliziak aterpetzen dituzten hiru itsasontzien egonaldia azaroaren 2a arte luzatu du Madrilek

Irail erditsutan polizia eta guardia zibilen behin-behineko egoitza izateko Madrilgo gobernuak Bartzelona eta Tarragonako portuetan ainguratutako hiru itsasontziek bertan jarraituko dute gutxienez bi aste gehiagoz; eta pentsa liteke orduan ere ez direla itsasoratuko, agintariek argudiotzat erabiltzen baitute Katalunian daudela bertako "egoera bereziagatik". Ara egunkariak zabaldu du albistea. Hiru ontziak, tartean Piolinen baporea deitzen dioten Moby Dada, gobernuak estatuaren itsasontzi izendatu dituenez, portuak derrigortuta daude horiek bertan onartzera.

Arnaldo Otegi: "Eragile sozial eta politikoek bildu behar dugu EHn, dagokion erantzuna emateko"

11:30etan adierazpen hauek egin ditu Arnaldo Otegik, EH Bilduren izenean (hemen ikusgai):

"Hiru ideia plazaratu nahi ditugu:

1.-Hemen erregimenaren krisi estruktural bat dago. Erregimena salbatzeko eliteen arteko ituna egin dute. Paktu horretan badaude enpresariak, komunikabideak, alderdi politikoak (PP-PSOE-Ciudadanos) eta erregea. Erregeak lideratzen du bloke hori eta inboluzio demokratikoaren aldeko apustua egin du eta kontrarreforma bat dator.

2.-Egotekotan kontrarreforma egongo da, eta egotekotan, konstituzioa modifikatuko da atzerantz, ez askatasunak sakontzeko, guztiz kontrako norabidean. Errebisioa egin dute duela 40 urte gertatutakoaz, eta atzera begira egin dute errebisioa. Katalunia geldiaraztea eta bere moduko prozesurik ez egotea da euren helburua eta horretarako hartu beharreko neurri guztiak hartuko dituzte. Estatu operazio horretan Pedro Sanchez diziplinatu dute, eta unionismo demokratikoari marjen guztia kendu diote. Gelditzen zaie beldurra, Guardia Zibila, kartzela. hori da mahai gainean duten eskaintza bakarra.

3.-Badira batzuek pentsatzen dutenak afera dela Katalunia eta Espainiaren artekoa. Hori dioena gezurretan ari da, hemen ere badu eragina. Katalunian gertatzen direnaren ondorioak ez dira Katalunian geldituko. Katalunia errepublika independente bihurtzen bada, Espainia ez da bideragarria izango ekonomikoki, eta badakigu nondik aterako duten parte bat. Katalunia geldiarazten badute indarrez, norbaitek uste du hor soilik geratuko direla?

Bi esparru daude jorratu beharrekoak: erantzunarena eta elkartasunarena. Baina baita ere, erantzun puntualetik aparte, herri honi esan behar zaio benetan gertatzen ari dena. Atzo, demokratikoki lan egiten zuten bi pertsona kartzelaratu dituzte, hori da egoera, eta etorkizuna txarragoa izango da. Eragile sozial eta politikoek bildu behar dugu Euskal Herrian, diagnostikoan ados jartzeko, eta ikusteko horren aurrean zer egin. Ezker independentistak bere ardura politikoagatik egin behar du hori".

Kataluniako Larrialdiko deien arreta-zerbitzuko egoitza nagusira sartu da Guardia Zibila

Hainbat guardia zibil Kataluniako larrialdiko deien arreta-zerbitzuak Reusen duen egoitza nagusira sartu da gaur goizean. TV3-k aditzera eman duenez, urriaren 1eko erreferendumean 112 zerbitzuan jasotako larrialdi deien inguruko informazioa lortzea iza liteke operazioaren helburua.

 

ERC, PDeCAT eta CUPen adierazpenak

TV3-ko Els Matins programan adierazpen hauek egin dituzte:

Mireia Boya (CUP): "Errepublika aldarrikatzeko baldintzak ematen dira"

"Une honetan badira baldintzak errepublika aldarrikatzeko. Espainiarekiko elkarrizketa jada ezinezkoa da, nazioarteko bitartekaritzaz hitz egin beharko genuke. Guk Greba Orokorraren alde egiten dugu, eta indefinitua izan behar luke".

Gabriel Rufian (ERC): "Greba Orokorra litzateke aukera onena"

"Jendea bere ideiengatik preso hartzea zuzenbide estatuaren amaiera da. Zein izango dira hurrengoak, PAH? Sindikatuak? Kalean hasi zen hau eta seguruenera kalean bukatuko da. Mediazioaz hitz egin behar dugu. Greba orokorra litzateke aukera onena, herrialdea gelditzea, lapurtu diezaguten baino lehen".

Marta Pascal (PDeCAT): "XXI. mendeko Europan preso politikoak daude berriz ere"

"XXI. mendeko Europan preso politikoak daude berriz ere. Urriaren 1eko konpromisoa aurrera eramateko konpromiso sendoa dugu. Nazio mailako mobilizazio indartsurik antolatzen bada, hor izango gara. Erantzun bateratuak, inklusiboenak, ematen digu indarrik handiena aurrera egiteko. Gu ez gaituzte harrapatuko hauteskunde eszenategi batean friboloki espekulatzen".

Victoria Pregok Katalunian gogorrago jotzea eskatu du: Madrilgo prentsa elkartearen lehendakaria da

Victoria Prego Madrilgo kazetarien elkartearen buruak COPE irrati kateari esan dionez (haren hitzak bildu ditu Elnacional.catek), 155. artikuluaren aplikazioa gutxiegi da Kataluniarako: gogorrago jo behar du gobernuak zeren eta "Kataluniarik gabe, Espainia desagertu eginen da". Victoria Prego izan zen ETAk hil zuen Miguel Angel Blancoren aldeko manifestaldi erraldoiaren amaieran oihukatu zuena "A por ellos" famatua, gaur berriro unionistek Kataluniarekiko darabiltena.

Lagundu Katalunia, salbatu Europa bideoa

Òmnium Cultural elkarteak europar herritarrei bideo hau zabaltzeko eskatu die:

Carmen Lamela epailea Guardia Zibilak eta Poliziak dominez saritua dute aurretik

Medalla al Merito Policial deitua eman zion Carmen Lamelari Juan Ignacio Zoido Espainiako barne ministroak polizia espainiarren patroia den Aingeru Guardakoaren egunean, epaileak ANC eta Omniumeko bi lehendakariak auziperatzeko erabakiak abiarazi baino egun gutxi lehenago. Nacio Digitalek zabaldu du albistea. Iaz, 2016an, Guardia Zibilak saritu zuen Zilarrezko Gurutzez urriaren 15ean, Altsasuko ostatuko istilu famatuak terrorismotzat jo eta egun gutxira. La Directak eman ditu xehetasunak.

 

Urriaren 17ko mobilizazioen mapa

Mapa hau etengabe berritzen doa eta banderatxoa klikatuta, ekintzaren ordu eta leku zehatza ikusi dezakegu.

Gure Esku Dagok gaurko mobilizazioak deitu ditu: Euskal Herriko plazetan 19:00etan

Kataluniarekin elkartasunez eta, Jordi Sanchez eta Jordi Cruixarten askatasuna eskatzeko bilkurak deitu ditu gaur arratsalderako Gure Esku Dagok: 19:00etan Euskal Herriko plazetan.

Manifestazio nazionala deitu dute astearte arratsalderako Bartzelonan

Ondorengo deialdia zabaldu dute Crida Democraciak:

"Demokraziaren eta errepublikaren alde. Llibertat Jordis! Urriaren 17 astearte honetarako deialdia:

12:00etan kontzentrazioak lantoki atarietan.

20:00etan manifestazio nazionala kandelekin Bartzelonan preso politikoen askatasuna eskatzeko.

Hasiera;: Grazia etorbidea/Diagonal. Francesc Macià plazan amaituko da.

Ekarri zure kandela".

ANCko Jordi Cuixarten mezua
Kataluniako Ciudadanos eta PP, Cuixart eta Sànchez espetxeratzearen alde; PSCrentzat, "desproportzionatua" da erabakia

Kataluniako Ciudadanos, oposizioko talderik handiena, Carmen Lamela epaileak hartutako erabakiaren alde agertu da prentsa ohar baten bidez: "Nahiago genuke demokraziaren aurkako kolpea ematen ariko ez balira, baina ematen ari dira, eta nork bere erabakien ondorioak onartu behar ditu. Denok gara berdinak legearen aurrean".

Kataluniako PPko presidente Xavier García Albiolek, berriz, twitter bidez agertu du Espainiako Auzitegi Nazionalak hartutako bidearekiko adostasuna. "Zuzenbide Estatuak nor bere lekuan jartzen du azkenik", esan du Albiolek.

PSCren izenean, Miquel Iceta idazkari nagusiak gehiegizkotzat jo du Cuixart eta Sànchez espetxera bidaltzeko agindua. Neurria desproportzionatua dela esan eta bere alderdia ANC eta Òmniumeko buruak sedizioaz akusatzearen aurka agertu zela gogorarazi du Icetak, twitter bidez ere bai.

 

Soto del Realeko espetxean dira jada Jordi Cuixart eta Jordi Sánchez

ANC eta Òmnium Culturaleko presidenteak Soto del Realeko kartzelara eraman dituzte, Madrilgo probintzian. Guardia Zibilak eraman ditu hara, Auzitegi Nazionaletik Katalunia osoan bat-bateko protesta ekintzak egiten ari dira kaleetan, eta espetxeratzearen aurka erreakzio politiko ugari ere izaten ari da. PDeCATek "lotsagarritzat" jo du Cuixart eta Sànchezen aurkako jazarpena, "beren ideia politikoak direla eta". Kataluniako Parlamentuko presidente Carme Forcadellek mezua helarazi die espetxeratu berriei: "Jakin behar dute haiek aske izan arte ez garela geldituko".

Urkullu: "Berri txarra da, proportzionaltasuna eskatzen dugu Justiziaren erabakietan"

Lehendakariak bi txiorekin erantzun du.

Carles Puigdemont lehendakaria: "Berriro preso politikoak dauzkagu"

ANC eta Omniumeko lehendakarien espetxeratzearen ondotik, Carles Puigdemont lehendakariak Twitterreko bere kontutik ingelesezko mezu hau zabaldu: "Espainiak espetxeratu ditu Kataluniako gizarte zibilaren liderrak manifestazio baketsuak antolatzeagatik. Zoritxarrez, berriro preso politikoak dauzkagu".

 

Gure Esku Dagok elkarretaratzeak deitu ditu bihar 19:00etan herri guztietan

Gure Esku Dagok elkarretaratzeak deitu ditu Euskal Herriko herri guztietan bihar asteartea 19:00etan Junts lelopean. "Kataluniako ANCko eta Omnium Culturaleko presidenteak, Jordi Sànchez eta Jordi Cuixart, atxilotu dituzte. Herritarren borondateari bide emateagatik espetxeratzea onartezina da. Kalera ateratzeko ordua da".

Donostian agerraldia eta asanblada deitu dituzte biharko

"Demokraziari erasorik ez!" lelopean, agerraldia eta asanblada deitu dituzte bihar Donostiako Konstituzio Plazan, 20:00etan, Gure Esku Dagoren deialdiaren ostean. Kataluniako egoera politikoaren harira antolatzen ari den eragilea da Donostialdeko Herritarron Asanblada. "21ean guztiok Erregimena inguratzera", adierazi dute sare sozialetan zabaldutako deian.

Jordi Cuixartek espetxeratzen zutenerako bideoa utzi du grabatuta

Honela dio Jordi Cuixartek: "Lagun maiteok. Bideo hau ikusten ari bazarete, seinale da Estatuaren aparatuek erabaki dutela nire askatasuna mugatzea Omniumeko lehendakari naizen aldetik. Hitzok bidaltzen dizkizuet zuei emateko serenitate mezu bat. Serenitatea eta konfiantza. Garai zailak bizitzen ari garen arren, sumatzen baikenuen, eta orain daukagu froga, Estatuaren errepresioak ez zuela mugarik edukiko Katalunian bizi dugun uhin demokratiko hau gelditu nahian... esan nahi dizuet inoiz baino garrantzizkoagoa dela lasai egotea lasai eta bizi dugun une historikoaz jabetzea. 1963tik 1967ra bitartean gure egoitza itxi ziguten, eta orduan aurrera egin bagenuen zaudete ziur orain ere eginen dugu. Hala behar bada klandestinitatetik egingo dugu lan eta erakunde bezala beti eduki dugun jokabide baketsu eta demokratikoetan sakon sinetsiz. Askotan esan ziguten ezingo genuela bozkatu eta egin egin dugu, lortu dugu. Horregatik, orain esango digute ezingo dugula estatu berri hau sortu. Horregatik eskatzen dizuet, arren, erakunde batzuen ordezkari edo lider batzuei askatasuna kendu diguten arren, jarrai modu antolatu batean lanean. Eta batez ere, sekula ez dezazuela galdu esperantza. Gaur direnengatik eta etorriko direnengatik. Ez zalantzarik egin, Kataluniako herriak bere etorkizuna eraiki du eta bere plaza eta kaleak asfaltatu ditu. Une larri honetan, inoiz baino lasaitasun handiagoa, inoiz baino adore handiagoa. Visca Catalunya! Visca la República Catalana!   

 

ANC eta Òmniumeko presidenteak espetxeratzeko agindu du Carmen Lamela epaileak

ANCko presidentea, Jordi Sànchez, eta Òmnium Culturalekoa, Jordi Cuixart, fiantzarik gabe kartzelaratzeko agindu du Carmen Lamela Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, haien deklarazioak entzun eta gero (Cuixartek uko egin dio epailearen aurrean hitz egiteari). Sedizioa da bi lider independentistei leporatzen dieten delitua.

Lamelaren erabakia dela eta, ANCk protesta zaratatsua egitera deitu du gaur gaueko 22:00etan. Gainera, bihar 12:00etan Kataluniako lantokietan lanuzteak egiteko deia zabaldu dute, eta arratsaldeko 19:00etan elkarretaratze isil bana egingo dute Espainiako Gobernuak Bartzelonan, Gironan, Lleidan eta Tarragonan dituen ordezkaritzen aurrean. 

Cuixart eta Sànchez, Auzitegi Nazionalera sartzear. (Arg.: ANC)

 

Mossoen buru Trapero eta Laplana, aske baina pasaporterik gabe hamabosteroko kontrolez

Goizean Teresa Laplana intendentearekin hartutako neurri bera erabaki du Josep Lluis Trapero mossoen buruarentzako Carmen Lamela Audientzia Nazionaleko epaileak: pasaportea kendu dio, hamabostero auzitegian bere burua aurkeztu beharrarekin.

Madrilek ez ditu Kataluniatik itzularaziko erreferendumerako eramandako polizia eta guardia zibilak

Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak esan du Katalunian segituko dutela urriaren 1erako espreski eramandako polizia eta guardia zibilak. Horren argudiotzat aipatu ditu Kataluniako egoera berezia eta menturaz mossoek eduki dezaketela haien beharra.

 

Auzitegi Nazionalak 18:00etan erabakiko du Trapero espetxeratu ala ez

Gaur hartu die deklarazioa Carmen Lamela epaileak Josep Lluis Trapero mossoen buruari, honen alboko Teresa Laplana intendenteari (bideokonferentziaz), ANCko Jordi Sanchezi eta Omniumeko Jordi Cuixarti. Laplanari pasaportea kendu dio eta hamabostero epaitegian azaltzea agindu dio epaileak. Fiskalak trapero balintzarik gabe espetxean sartzea eskatu du eta epaileak 18:00ak arteko epea hartu erabakitzeko.

 

Saenz de Santamaria: "Puigdemontek ostegunera arteko epea du atzera egiteko"

"Espainiako Gobernuak deitoratu du Generalitateko presidenteak ez erantzun izana egindako eskaerari", adierazi du Soraya Saez de Santamaria Espainiako presidenteordeak. "Erraza zuen bai edo ez erantzutea".

Puigdemontek egoeraren konponbidea eskuetan du bere hitzetan. "Erantzun dezala bai edo ez. Puigdemontek ostegunera arteko epea du independentzia aldarrikapena atzera bota eta egoera argitzeko", esan du.

CUPek dio ez zuela Puigdemonten gutunaren edukia ezagutzen

CUPeko Mireia Boyak adierazi du ez zutela Puigdemontek Rajoyri igorri dion gutunaren edukia ezagutzen eta beraiekin ez kontsultatu izana deitoratu du. "CUPek seriotasuna erakutsi du, horrelako erantzun transzendental baten parte izateko adina", adierazi du Catalunya Radion.

Cuixart eta Sanchez Espainiako Auzitegi Nazionalean dira

Sartu dira ANC eta Òmnium elkarteko presidente Jordi Cuixart eta Jordi Sanchez Espainiako Auzitegi Nazionalean. ANCk bidali du txio hau.

Jarraian ANCko buru Jordi Sànchezek Auzitegi barnetik bidalitako azken txioak.

10:00etan Rajoyren erantzuna

Espainiako gobernuak 10:00etan emango dio erantzuna Generalitateko presidente Carles Puigdemonten gutunari.

Valls eta Hidalgo bitartekari?

Frantziako lehen ministro ohi Manuel Vallsek adierazi du berari era Parisko alkate Anne Hidalgori Kataluniako kasuan bitartekari bezala aritzea eskaini ziela Perpinyako (Ipar Katalunia) alkate Jean-Marc Pujolek.

Puigdemontek ez du ez 'bai' ez 'ez' erantzun eta bi hilabeteko elkarrizketa eskaini du

Carles Puigdemontek erantzun dio Espainiako Gobernuaren eskariari. Ez dio ez bai ez ez erantzun eta negoziazio bat irekitzeko bi hilabeteko elkarrizketa eskaini dio, TV3ek informatu duenez.

Kataluniako presidenteak dio urriaren 1eko emaitzek emandako agindua bertan behera uztea soluzio bat bilatzeko borondatearen froga dela, eta ez dutela enfrentamenturik nahi. Dio elkarrizketarako proposamena zintzoa dela eta bi hilabeteko epea aipatzen du orain arte elkarrizkeataren alde agertu diren instituzio eta pertsonalitateek aukera bat dutela bide hau jorratzeko.

Rajoyri eskaera bat eginez amaitu du gutuna: Kataluniako herriaren eta gobernuaren aurkako errepresioa geratzeko, eta puntu honetan gogorarazi du Mossoen bururua eta ANC eta Omnium elkarteetako presidenteak Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratzera deituak daudela.

Irakurri Puigdemontek Rajoyri bidalitako gutuna.

1508133297552 by Moderador Noticies Web on Scribd

Lesmesek urriaren 1eko polizia indarkeria ikertzeko Generalitateak sortutako batzordearen aurka jo du

Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Goreneko lehendakari Carlos Lesmesek eskatu dio Estatuaren Abokatu Eugenio Lópezi neurriak har ditzala Kataluniako Gobernuak Urriaren 1eko polizi biolentzia ikertzeko sortu zuen batzordearen aurka. Lesmesi onartezina iruditzen zaio Puigdemonten Gobernuak epaile eta magistratuen independentziari egin dien erasoa. "Generalitateko Gobernuak ezin ditu hartu, inolaz ere, jarduela judizialak zaintzeko neurririk" eta, beraz, haren esanetan, Estatuko zerbitzu juridikoek neurriak hartu behar dituzte "legea eta ordena konstituzionala berrezartzeko".

 
Jean-Claude Juncker: "Ezin naiz bitartekaria izan, alde batek bakarrik eskatu duelako"

Europar Batzordeko presidente Jean-Claude Junckerrek Luxenburgoko hitzaldi batean adierazi du oso kezkatuta dagoela "Katalunia eta Espainiaren arteko gatazkarekin". Europar Batasuna bitartekaritza lanak egiteko eskariaren aurrean adierazi du ezinezkoa dela haien parte-hartzea "alde batek bakarrik hala eskatu duelako".

"Zuek hil duzue demokrazia" aldarria Guardia Zibilaren Zarauzko koarteleraino eraman dute

"Utzi bakean", "Alde hemendik" eta "Zuek hil duzue demokrazia" zioten pankartekin, ikurrinak eta esteladak eskuetan, mobilizazioa egin dute Zarauzko hainbat herritarrek urriaren 12an. Udaletxetik Guardia Zibilaren kuarteleraino egin dute martxa, Zarauzko Hitzak jakinarazi duenez.

 

PDeCat eta ERCko kontseilari guztiak etenaldiaren alde agertu ziren, bat izan ezik

El Món agerkariaren arabera, Kataluniako Gobernuko kontseilari guztiek bat egin zuten independentzia aldarrikapena denbora batez indargabetzearekin, Clara Ponsatí Hezkuntza Kontseilariak izan ezik.

Agerkari katalanaren arabera, asteroko kontseilarien batzarrean, Puigdemont presidenteak kontseilariei eskatu zien euren posizioa adieraz zezatela; independentzia aldarrikatu ala aldi batez indargabetzearen alde ote zeuden argitzeko.  Guztiek suspentsioaren alde egin ei zuten Clara Ponsatí Hezkuntzako Kontseilariak izan ezik.

 

 

Artur Mas: "CUP eta ANC ez dira gobernuko buru"

Urriaren 10an Carles Puigdemont-ek hartutako erabakiaren defentsan aritu da gaur TV3en Artus Mas president-ohia. CUPek eta ANCk Puigdemonti eskatu diote berehala aldarrikatu dezan Errepublika, eta horri eratzunez adierazi du bi erakunde horiek, ezta bestelako talderik ere, ez direla gobernuko presidente. "Puigdemontek burua oso argi dauka, president-aren erabakia egokia iruditu zait" adierazi du Masek. Nazioarteko aitortza oso garrantzitsua dela azpimarratu du.

 


Katalunia independentziarantz kanaletik interesatuko zaizu...
Demokrazia interruptus

Autogobernua likidatu eta politika sozialak blokeatzetik harago, Katalunian 155. artikulua aplikatzeak oinarrizko eskubideak murriztu eta mugimendu soberanistaren xedeak oztopatzea bilatzen du.


2017-12-10 | I˝aki Antiguedad
Ispiluaren aurrean

Hamaika ikasteko gara aldaketak gauzatzeko behar den prozesu sozio-politikoan. Hortaz, behatoki berrituak behar ditugu, bestelako ikusmirak ere. Azken batez, geroa ez dago idatzita, gaurko apustuekin ari gara idazten. Ildo honetan hartzen dut Kataluniako procés-a ikasgai, hango prozesuak hemengoan sortzen duen gogoeta ikasbide. Ispiluaren aurrean biluztu gaitu hangoak, duguna agerian, gure kontakizun batzuk birpentsatzeko beharrean… Noizbait euskal errepublikarako bidean prozesu... [+]


2017-12-07 | ARGIA
ZUZENEAN: Bruselatik ANCren ekitaldia

Milaka Kataluniar elkartu dira Bruselan egin duten manifestazio "horian". Europari esnatzeko eskatu eta Kataluniarentzat demokrazia aldarrikatu dituzte abenduaren 21eko hauteskundeen atarian. Puigdemont eta Kontseilariak ere manifestazioan daude.


2017-12-07 | Andoni Mikelarena
Bruselako kaleak bete dituzte milaka kataluniarrek Europari esnatzeko eskatuz

Milaka Kataluniar elkartu dira Bruselan egin duten manifestazio "horian". Europari esnatzeko eskatu eta Kataluniarentzat demokrazia aldarrikatu dituzte abenduaren 21eko hauteskundeen atarian. Puigdemont eta Kontseilariak ere manifestazioan daude.


2017-12-05 | Andoni Mikelarena
Kataluniako herri mugimenduak Prozesu Konstituziogilerako prestatzen hasi dira

Eragile sozialek topaketak egin dituzte Bartzelonan larunbatean. Kataluniako Parlamentuak onartutako prozesua oinarritik garatzen hasi nahi dute Aixequem la República ekimenetik.


"Gomazko balak mundu guztiari debekatzea nahi dut, ez soilik Mossoei eta Katalunian"

Urriaren 1eko Kataluniako autodeterminazio erreferendumean begi bateko ikusmena galdu zuenetik lehen aldiz mintzatu da publikoki Roger Español. Espainiako Polizia Nazionalak tiro egindako gomazko bala batek jota bizitza aldatu diote.


2017-12-01 | Estitxu Eizagirre
Asanblada Sozial Konstituziogilea aurkeztuko dute abenduaren 2an

"Altxa dezagun Errepublika!" egun osoko jardunaldian, herritarrei dei egin diete "irudikatu, debatitu eta eraiki dezagun zer Errepublika nahi dugun". Errepublika materialki eraikitzeko eman ditzaketen urratsak aztertuko dituzte eta prozesu konstituziogilean eragile aktibo bihurtzeko bokazioa adierazi dute, "prozesuari eduki soziala, eraldatzailea eta haustailea gehitzeko".


2017-11-27 | Andoni Mikelarena
155. artikulua onartu eta hilabetera, nola eragin du Madrilen esku hartzeak?

Kataluniako Gobernua indargabetu eta Generalitatearen kontrola hartu ondoren, Madrilek kontrol hori nola daraman aztertu du Nació Digitalek. Barne eta Atzerri departamentuetan eragin du gehien esku hartzeak.


Ikurrina betaurrekoetan

Fisika kuantikoak, fisikaren arloan egindako ekarpenez gain, subjektuaren eta objektuaren arteko egiturazko harremana utzi zuen agerian. Subjektuak objektua eraikitzen duela bistarazi, eta mundua ulertzeko erabiltzen zen gerturapen bakar eta absolutua zen metodo cartesiarra ezbaian jarri zuen.

Feminismoak aspaldi azaleratu zuen gure begiraden partzialtasuna; kontzienteki betaurreko moreak jantzi, eta munduari patriarkatuak sortzen dituen botere harremanetatik begiratzea proposatu zigun... [+]


2017-11-26 | Estitxu Eizagirre
"Errepublika indartzeko gakoa da sektore ez soberanistak batzea"

Iru Moner eta Aran Llivina Bartzelonako Vallcarca auzoko Heura Negra asanblada libertarioko kideak dira. Entzun gako sozialetan antolatutako herritarrei, Katalunian gertatzen ari dena ulertzeko ezinbestekoa da-eta.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude