45.000 kataluniarrek laguntza eskatu diote EBri Bruselatik bertatik

Zuzeneko jarraipena
  • Urriaren 27an independentzia aldarrikatu zuen Kataluniako Parlamentuak. Egun berean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zieten, autonomia Madrildik gidatzeko asmoz. Abenduaren 21ean hauteskunde autonomikoak egingo dira.


2017ko abenduaren 07an - 13:02
Gakoak
Hamarnaka mila lagun bildu dira Bruselan, Kataluniako independentziaren alde. (Arg.: ANC)
ANC, Omnium, CCOO eta UGTk bultzatuta, Demokraziaren aldeko Mahaia antolatu dute

Bihar, asteazkena, aukeztuko dute Bartzelonan Taula per la Democràcia izeneko mahaia, Estatuak Kataluniari egin dizkion erasoei aurre egiteko tresnatzat. Aipatu bi gizarte mugimendu subiranista eta bi sindikatu nagusiez gain, ideiarekin bat egin dute beste zenbait erakundek ere, tartean hauek: ACUP Unibertsitate Publikoen Elkarte Katalana, Kataluniako Gazte Kontseilu Nazionala, CONFAV Kataluniako Auzo Elkarteen Konfederazioa, FAPAC Kataluniako Gurasoen Federazioa, Justizia gobalaren aldeko erakundeen Federazioa, UFEC Kataluniako Kirol Federazioen Batasuna eta Unió de Pagesos laborari sindikatua.

 

Alaveseko zaleak Kataluniarekin bat

Alaveseko zaleak "Katalunia eta demokraziarekin bat", pasa den igandean Mendizorrotzan, Real Madrilen aurkako partidan.

Assemblea Pagesako nekazariek traktoreak pilatu nahi dituzte urriaren 1ean hautes-mahaien atarietan

Assemblea Pagesa sindikatuko nekazariek dei egin diote laborantzan ari den jendeari urriaren 1ean hauteskunde mahaien atarietan kokatzeko nork bere traktorea, inolaz ere ez bozketan oztoporik ipintzeko baina bai erreferenduma eragotzi nahian egon daitezkeen erasoei aurre egiten laguntzeko. Twitterrez zabaldutako mezu katean, Assemble Pagesak aurreikusten du agertoki txarragoa ere, aurreko egunetan debekuaren kontrako erasoak gogortzea, eta kasu horretan traktoreak bideetara ateratzea proposatu du.

 

Generalitateak hautes-mahaietako kideei informazioa bidaltzen die, Guardia Zibilaren setio eta guzti

Hala adierazi du Flaixbak irratiaren elkarrizketa batean Junts pel Sí koalizioaren bozeramaile Marta Rovirak. Terrassako inprimategi batetik eraman zituen arren Guardia Zibilak dokumentazio horiek, diputatuak esan du Generalitateak berreskuratu duela hauteskunde mahaiekiko komunikazioa. Hauteskundeen ardura eraman behar duten herritarrei pixkanaka ari omen zaie informazioa iristen.

Anoetan hainbat zaleri esteladekin sartzea debekatu eta bazkide txartela kendu diete

SABECO enpresako segurtasun langileek Realak asteburan jokatutako partiduan hainbat zale identifikatu zituztela salatu dute, Kataluniarekin elkartasunez zelaira estelada eramateagatik. Banderak kentzeaz gain, bazkide txartelak kendu dizkietela ere salatu dute.

Cádiz eta Huelvatik Kataluniara joan diren guardia zibilei agurra

"¡A por ellos, oe!". Horrela agurtu dituzte Huelvatik Kataluniara joan diren guardia zibilak.

Eta honela Cádizetik joandakoak:

Inoiz erabili ez den ur tanke bat bidali du Espainiako Poliziak Kataluniara

2014an erosi zuen Espainiako Poliziak, 350.000 euroren truke, Mozal Legearen testuinguruan. Oraindik ez da herritarren kontra erabili.

 

Kataluniako Udalen Elkartearen lehendakaria gaur pasatu da fiskalaren aurretik

Miquel Buch Premià de Mar hiriko alkate eta ACM Kataluniako Udalerrien Elkarteko lehendakaria gaur zegoen deituta Mataroko epaitegira, udalek erreferendumaren prestaketan egiten dutenaz deklarazioa ematera. Buchek, bere aurretik beste hainbat alkatek bezala, uko egin dio fiskalari erantzuteari.

Atarian elkartasuna adierazi diote hainbat alkatek, nork bere aginte makina jasota.

 

Kataluniako telebista publikoak jarraitzen du erreferendumaren publizitate bideoa eskaintzen

TV3 Kataluniako telebista publikoak ez du aintzat hartu erreferendumaren publizitatea isilarazteko agindua eta jarraitzen du bideoa erakusten. Gaur goizean TV3ko langileek demokrazia aldarrikatzen duten banderak eskegi dituzte egoitzako hormetan.

 

Zaragozako liskarreko ultraeskuindarren artean baziren polizia espainiarrak ere

eldiario.es hedabideak zabaldu duenez, Zaragozan igandean Espainiako Estatuko alderdi nagusiek (PP, PSOE eta C´s ez gainerakoek) egin zuten biltzarraren atarian gertatutako liskarrak antolatzen aritu ziren hainbat polizia espainol ere. Hedabideak erakutsi ditu poliziek aurreko orduetan WhatsAppez edukitako elkarrizketak eta horietan batik bat ezkerreko politikariei egindako isekak.

Hauteslekuetako arduradunak identifikatzeko agindu die Fiskaltzak Mossoei

Kataluniako Fiskaltza Nagusiak Esquadra Mossoei agindu die Generalitateak hauteslekuak izango diren eskoletako arduradunak identifikatzeko, ondoren deklaratzera deitu ahal izateko. Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak twitterrez zabaldu zuen bozkatzeko guneak zeintzuk diren jakiteko helbidea, eta Fiskaltzaren esanetan horrek adierazten du horietako asko ikastetxeak direla.

Mossoei galdatu diete eskola horietako arduradunei lekuko gisa deklarazioa hartzeko eta urriaren 1eko erreferendumerako euren zentroa lagatzea "galarazita dutela" esateko. Ikastetxeetako giltzak uztea kolaboraziotzat jo litekeela esan du Fiskaltzak.  

El Nacional agerkariko lotura honetan ikus daiteke osorik Fiskaltzaren agindua: 

 

ANCk bere webgunea berriro abiarazi du, Guardia Zibilak itxi ostean

Astelehenetik astearterako gaueko ordu batzuetan egon da itxita ANCren webgunea, Guardia Zibilak itxita:

ANCk, ordea, .cat domeinuan zeukan webaren bikia www.assemblea.eu domeinuan irekitzea lortu du eta Espainiako Gobernuaren zentsura ahalegina gainditu izana umorez ospatu ere bai sare sozialetan.

 

Mossoen burua ez da joan Guardia Zibilaren buruak deitutako koordinazio bilerara

Ordu bete iraun du Bartzelonako Auzitegi Nagusiaren aginduz Guardia Zibilaren Perez de los Cobos koronelak gaurko deitu zuen polizien arteko koordinazio bilerak, fiskalak polizia autonomikoari agindu ostean haren aginduetara jartzeko. Albiste nagusia izan da Josep Maria Trapero mossoen buru nagusia ez dela azaldu bileran, koordinazio lanetara bere ordez bidaliz Ferran Lopez, eskalafoian Traperoren ondoren datozen bi komandanteetako bat.

Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren egoitzara azaldu dira Polizia Nazionaletik Sebastian Trapote, Enric Millo Madrilgo gobernuaren ordezkaria, Angel Gonzalo Guardia Zibilaren Kataluniako burua eta bilkura deitu duena bera, Perez de los Cobos Guardia Zibilaren koronela.

Trapero ez azaltzea zeharka esplikatu du polizia autonomikoak Twitterren, adierazi duenean bilkurara joan direla esplikatzera nola fiskaltzari eskatu dioten Kataluniako polizien koordinazio batzordea bildu dezala (gaurko bilera deitu aurretik ere Autonomi Estatuaren arabera antolatuta dagoen mahaia):

 

Stockholmeraino iritsi dira erreferendum eske katalanak, espainiar probokatzaileak ere bai

Erreferendumaren aldeko elkarretaratzea egin zuten atzo dozenaka herritar katalan eta beste jendek Estokolmon...

... baina han ere azaldu zitzaizkien zenbait espaniar jator,  katalanei garbi utziz ezin dutela ukatu muin-muinean espainol direla, "Ea, zer dio zure Nortasun Agiriak?" eta tankera bereko argudio sendoekin.

 

Puigdemont lehendakaria Parisen izan da ordu batzuetan, hedabideei Kataluniako egoera azaltzeko

Bartzelonan astelehena jai eguna dela probestuz, atzo arratsaldean bidaiatu zuen Parisera Carles Puigdemontek eta gaur ilunabarrerako itzultzekotan zen. Bidai laburrean gutxienez hiru elkarrizketa eman ditu, L'Express astekariari, LCI kateari eta France Inter irratiari, Kataluniak erreferendumaren bidean bizi duen egoera azalduz.

Parisen bertan, gaur ilunabarrean Generaliatearen kanpo arazoetarako arduradun Raul Romevak hitzaldia emango du Zientzia Politikoen (Science-Po) fakultatean: "Autodétermination et démocratie. Le cas de la Catalogne". Bitartean, zenbait hedabide handitan ere mintzatu da, esterako TV5 Monde telebistan.

 

Bi gazte Tarragonako komisaldegian, ustez Generalitatearen webak bikoiztearen aferagatik

Duela egun batzuk jaso zuten Tarragonako bi gaztek gaur polizia espainiarraren komisaldegian azaltzeko deia, "por un asunto de su interés". Antza denez, poliziak galdekatu nahi ditu Generalitatearen webguneak –Espainiako gobernuak itxi arazitakoak– bikoiztu eta zabalik jarraitzearen inguruan. Abokatuak esan duenez, uko egin diote deklaratzeari.

Poliziaren egoitza agente ugariz babestua ageri zen. Dozenaka herritar azaldu dira deklaratzera deitutako gazteei elkartasuna agertzera.

 

"Artistas Contra l'Estat Policial" kanpaina sortu dute, Espainiako poliziaren erasoa salatzeko

Artisten Plataforma Asamblearioak Gardunya plazan aurkeztu du gaur beren aldarrikapena:

 

Udaletxe independentisten elkartearen lehendakaria gaur joan da fiskaltzara

Astelehenarekin, jarraitu dute fiskalen aurrean beren buruak aurkeztuz Katalunia osoko alkateek. Joan Rabasseda Arenys de Munteko alkate eta AMIko idazkaria gaur zegoen deituta Mataroko fiskaltzan deklaratzera, erreferendumaren antolatzaileei epaile espainiarrek antolatu dieten pertsegizioaren baitan.

 

 

Ikasleek kaleko postuetan herritarrei laguntzen diete non bozkatu aurkitzen

Adibidez, Unibertsitate plazan kokatu dute informazio gune hau:

 

Gobernuak mehatxu egin die institutuetako zuzendariei erreferenduma babestu ez dezaten

Nacio Digitalek zabal du Kataluniako instutuetako zuzendariek jaso duten gutuna (katalanez, Espainiako gobernuaren ordezkariak bidalia izanagatik). Bertan Enric Millok mehatxu egiten die zigor penalak jasotzearekin, baldin eta erreferendumarekin zerikusirik duten ezertan laguntzen badute.

 

CUPek Mossoei eskatu die ez obeditzeko, boto kutxak harrapatzea eskatzen baldin badiete

TV3 telebista publikoaren Els Matins programan esan du Benet Salellas CUPeko diputatuak. Erreferendumaren zaindaritza zeukan Sindicatura Electoral erakundea, Espainiako Gobernuak atxilotu eta desegin zuena, berriz osatzeko ahaleginean ari direla ere esan du Salellasek.

 

Impressors per la Democràcia sortu dute, erreferendumerako materialak inprimitzen laguntzeko

Honela diote sorrerako agirian, "Espainiako estatuak azken asteotan oinarrizko eskubideak erasotzen dituela ikusirik, gure herriko demokraziak kezkatutako inprimatzaile talde batek" beren buruak Generalitatearen zerbitzura eskaini ditu erreferendumaren antolakuntzan laguntzeko, boto paperak eta bestelako materialak inprimitzeko Kataluniako herritarrek normaltasun osoan beren iritzia (edozein dela ere) bozkatu ahal izan dezaten. Nork bere etxeko inprimagailuan edo, hala nahi izatekotan, kopisteria bateko gailu profesional batean inprimitzeko moduan PDF formatuan eskegi dituzte boto paperak. Beste atal batean, herritarrei azaltzen dizkiete zein diren beren eskubideak eta boto-paperak inprimatzea ez dela delitua.

"Ez dugu beldurrik", diote agirian. "Elkartuta bagoaz eta urrats adoretsuz, aurkitzen ditugun zailtasunei ilusioz, itxaropenez eta irrifarre handi batez erantzuten badiegu, demokrazia garaitezina da. Goazen!".

Puigdemont atxilotzeko aukera "irekita dagoela" esan du Espainiako fiskal nagusiak

Espainiar Estatuko fiskal nagusi José Manuel Mazak esan du, Generalitateko presidente Carles Puigdemont atxilotzeko aukera "irekita dagoela". Erreferenduma prestatzeko lanetan aritu izana prebarikazio, desobedientzia eta desbideratze delitua izan daitekeela esan du Onda Cero irratian eginiko elkarrizketan, elpais-ek jaso duenez. "Oraingoz" atxiloketa ez litzatekeela egokia izanen gaineratu du, hala ere. Junts Pel Sín dauden Kataluniako Demokratakeko -lehengo Uniótik sortutako alderdia–  hiru diputatuek esan dute Mossoek balizko atxiloketa hori eragotzi beharko luketela. 

Ultraeskuindarrek Zaragozan eraso diete gatazkarako irtenbide bila bildutako politikariei

600 ultraeskuindar pilatzera iritsi ziren atzo, igandea, Zaragozan Kataluniako gatazkari Espainiako Estatutik irtenbide bat eskaintzeko asmoz bildu ziren politikariei beren ahalegina oztopatzeko asmoz, aurrean ez zeukatela hasieran bederen 40 polizia besterik. Madrilgo legebiltzarrean PP, Ciudadanos eta PSOE ez beste alderdi gehienetako ordezkariak zeuden Zaragozara deiturik lehen hurbilketa batean saiatzeko. Ordezkari politikoak bezala kazetariak aretoan blokaturik aurkitu ziren, poliziek ezin kontrolatuz ultraeskuindarrak.

Hauetako batek jaurtitako botilak kolpatu zuen Aragoiko legebiltzarreko lehendakari den Violeta Barba.

Barba saiatu zen poliziekin hitz egiten, hauek bermatu zezaten ordezkari politikoen eta kazetarien segurtasuna, baina erantzun zioten agente gehienak Bartzelonara eramanak zituztela.

 

Lleidari senyera irudikatzen duen kamisetarekin jokatzea debekatu diote

Lleida Esportiu futbol taldeari senyera irudikatzen duen marra hori eta gorridun kamisetarekin jokatzea debekatu dio Espainiako Futbol Federazioak (Iturria: La Vanguardia)

Erreferendumaren aurkako manifestua sinatu dute 2.000 pertsonak

2.000 sinadura bildu dituzte erreferendumaren aurkako manifestu batean haien buruak ezkerrekotzat jotzen duten Kataluniako pertsona ezagun ugarik, Murrizketa Zero platamormak bultzatuta. Independentziaren aldekoa izan ala ez, erreferendum deialdi hau iruzur hutsa dela eta ez joateko bozkatzera deia egin dute. Lorenzo Silva, Nuria Amat eta Inka Martí, Clara Janés idazleak, Juan Marsé, Isabel Coixet zinegilea, Rosa Maria Sardá aktorea edo Javier Mariscal  diseinatzailea dira berau idazten dutenetakoa. Duela astebete beste bat atera zen, 500 pertsona inguru sinatua.

Carles Puigdemont: "Dena prest dugu erreferenduma bermeekin egin dadin"

Kataluniako Gobernuak erreferenduma behar diren bermeekin egin dadin dena prest duela iragarri du Carles Puigdemontek La Sexta telebistako Salvados saioan. Onartzen du berak beste era batean egin nahiko lukeela, baina horrela ere izango dela nahiko bermerik. Jordi Évole kazetariak galdetzen dionean ea zer partehartze litzatekeen egokia, Puidemontek erantzun dio Espainiako legediak ez duela horrelako eskakizunik eta Europako Konstituzioaren erreferendumean Espainian %42k parte hartu zuela eta ontzat eman zela. Independentziaren aldi bakarreko aldarrikapenaz esan du bera ez dela horren aldekoa, baina mahaiaren gainean egon litekeela.

 

AZKEN ORDUA: Generalitateak iragarri du mossoen buruak ez duela onartuko Estatuaren "esku hartzea"

Joaquin Forn Barne kontseilariak prentsaurrean esan du polizia katalanaren buru Josep Lluis Traperok fiskaltzak agindutako "koordinazioa" ez onartzeko borondatea erakutsi duela.

Fornek esan du Espainiako Estatuaren "esku hartze" bat dela hori eta Generalitateak ez duela onartuko. Barne kontseilaritzako zerbitzu juridikoak nolako erantzuna eman aztertzen ari dira.

Fiskaltzak Espainiako Barne Ministerioaren esku utzi du Mossoen ardura gaur goizean, erreferendumaren aurrean "koordinazio" gehiago izan dezaten indar polizialek.

Kontseilariak "lasaitasunerako" deia ere egin du "mossoek ez diotelako uko egingo bere eskumenei Kataluniako herriarekiko leialtasunez".

18 herrialdetako 48 eurodiputatuk Espainiako estatuaren errepresioa gaitzetsi dute

Espainiako estatuaren errepresioa salatu dute 48 europarlamentarik. Tartean dira Izaskun Bilbao eta Josu Juaristi. Honakoa eskatu dute besteak beste:

"Botere banaketa edozein gizarte demokratikoren oinarria da eta izaera politikoa duen gai bat jorratzeko indar judizialak eta ekintza legalak erabiltzea akats handia izateaz gain, indarraren erabilera okerra da. Politikariek, eta ez epaileek edo polizia indarrek, landu behar lituzkete desadostasun politikoak Europako edozein herrialde demokratikotan (...) Espainiako gobernuari dei egiten diogu bere ekintza errepresiboak berehala gera ditzan, eskubide zibilak urratzeari utz diezaion eta Kataluniako autoritateekin eztabaida politikoari ekin diezaion oraintxe bertan".

Auziperatuak izan arren, libre atera dira atzo atxilotuetako azkenak ere.

Harrera beroa egin diete kalean Guardia Zibilak atzoko operazioan atxilotutako kargu politiko eta herritarrei.

 

Espainiako gobernuak ANC eta Omniumeko arduradunei 'sedizioa' egotzi die

Espainiako fiskaltzak kereila aurkeztu du ANC eta Omnium Culturaleko buruzagiei egotziz sedizio delitua atzo Bartzelonan Kataluniako Auzitegi Nagusiaren atarian eduki zuten jokabideagatik. 'Sedizio' delituak esan nahi du herritarrak berotzea ordena konstituzionalaren kontra oldartu daitezen.

ANCren egoitzatik boluntarioak ari dira materialak ateratzen, Europa Press agentziak zabaldu duenez, polizia bertara laster etorriko direlakoan:

 

ANCren egoitzan elkarretaratzea deitu dute Katalunia espainola defenditzen duten zenbait taldek

Arratsaldeko 19:00etarako ari dira deialdia zabaltzen, Katalunia Espainiatik bereizteko asmoaren errudun nagusietakoa Assemblea Nacional de Catalunya elkartea delakoan.

 

Iskanbila kalean zenbait autok poliziaren furgonetei bide ez egitean

Honakoa sareratu du Elise Gazengel kazetariak txio honetan:

"Polizia Nazionalaren furgonetako Urgell igotzen. (Erroma etorbidearekin). Autoek ez zieten bidea irekitzen eta batzuk klaxona jotzen zieten".

TVEko Kataluniako langileek albistegietako manipulazioa salatu dute
TVEk elkarretaratze jendetsuaz emandako irudietako bat. Argazkia: eldiario.es

Irailaren 19an, elkarretaratze jendetsua egin zen Generalitat-eko Ekonomia Sailaren aurrean eta TVE Espainiako telebista kate publikoak hango irudiak eman zituen 15:00etako eta 21:00etako albistegietan. Kataluniako TVEko langileek salatu dutenez, irudietan plano orokorrak saihestu zituzten eta goizeko (ia inor ez zegoen) irudiak eman zituzten, elkarretaratze jendetsua ezkutatu eta protestari garrantzia kentzeko.

Irailaren 21eko beste adibide bat eman dute langileek. Esan dutenez, albistegietan “guardia zibilaren aurkako jokaera bortitzak hiru aldiz ere errepikatu zituzten eta garrantzitsuak izanda ere, elkarretaratze hartan zorionez halako gutxi gertatu ziren”.

Milaka ikaslek Bartzelonako Unibertsitateko errektoretza okupatu dute erreferendumaren defentsan

Milaka ikaslek Bartzelonako Unibertsitateko errektoretza okupatu dute, Unibertsitate plazan, "Votarem, votarem" oihu artean. La Directan jaso dutenez, erreferendumaren defentsan egindako okupazio iraunkorra da.

Zamaketariek ez diete poliziei lo egiten utzi nahi

Bartzelonako portuko zamaketariek diote ez diotela lo egiten utziko gauak ferryetan egingo dituzten Espainiako polizia eta guardia zibilei. "Ez badigute bozka ematen uzten, ez diegu lo egiten utziko". Bideo hau sareratu dute.

Generalitateak Josep Maria Jové kargugabetu du, Madrilgo epaileetatik babesteko

Ostiral goizeko bilkuran Kataluniako Generalitateak Josep Maria Jové Lehendakariordetzako idazkari nagusia kargu gabetu du. Generalitatearen bozeramailean zehaztu du kargugabetzea hain justu Jove Espainiako epaileen ofentsibaren erdian babesteko egiten duela.

Jove defenditu beharra eguneroko ezarri dioten 12.000 euroko isunetik libratzetik harago doa. Auzitegi Konstituzionalak Joveri eskatu dio erreferendumaren gaian erabaki batzuk hartzea Guardia Zibilaren eskuetan dagoen bitartean, horrela bi aldiz erasoz bere eskubideei: batetik, egin arazi nahi dizkiote erabaki batzuk atxiloturik egonik burutu ezin dituenak, eta bestetik, erabaki horiek hartzean Jove ariko litzateke bere burua auto-inkulpatuz. Hori dela eta, epaileek erreferendumaren arduradun nagusienetakoen artean –oraindik ez dituzte ikutu beren karguak aforatzen dituen goragoko arduradunak– jotzen duten Jove bere buruaren kontrako ezer ez egitera behartu ez dezaten, Generalitateak kargua kendu dio.

 

Cuixart: "Gure udaberria hemen eta orain da"

Jordi Cuixart Omnium elkarteko presidenteak atxilo dauzkaten guztiak askatu arte muga gabe protesta egitera deitu ditu herritarrak. Dagoeneko hainbat oihal etxe ireki dituzte.

Sardiniako gobernua Generalitatearen zerbitzura, botopaperak inprimatu eta gordetzeko

Italiaren menpe dagoen Sardiniako uharteko gobernuak ohar ofiziala kaleratu du, Kataluniako Generalitatearen zerbitzura dagoela jakinaraziz. Erreferendumean bozkatzeko boto paperak inprimatu eta uhartean gordetzeko prest daudela diote, "kataluniarrei komeni zaien modurik eta denborarik egokienean entregatzeko konpromisoarekin". La Directak eman du albistearen berri.

Horrez gain, nazioarteko komunitateari dei egin diote "Kataluniako autodeterminazio eskubidea bermatzeko beharrezko den edozer egiteko". Espainiako estatuaren "erantzun errepresiboa eta eztabaidaren aurkakoa" salatu dute, "Kataluniako Generalitateko funtzionario eta pertsonalitate politikoak atxilotzera eraman dituena".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude