JxCat eta ERCk bederatzi puntu adostu dituzte hauteskunde programarako

  • Urriaren 27an independentzia aldarrikatu zuen Kataluniako Parlamentuak. Egun berean, Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zieten, autonomia Madrildik gidatzeko asmoz. Egoera politiko nahasia etengabe aldatzen doan honetan, jarraipena egiten ari gara.

ARGIA @argia
2017ko azaroaren 23a
Gakoak
Erakutsi gako guztiak
Langile publikoen elkarretaratzea. (Arg.: ACN)
Guardia Zibila Unipost posta enpresaren egoitza miatzen ari da Terrassan
(Argazkia: Norma Vidal / ACN)

Guardia Zibila urriaren 1eko erreferendumerako materialen bila sartu da Unipost posta zerbitzu pribatuak Terrassan duen bulegoan. Aurretik, L´Hospitalet de Llobregateko ordezkaritza ere arakatua zuten. Hautes-paperak edota errolda-txartelak atzematea da operazioaren helburua, adierazi dutenez.

Hamabost agente inguru ari da operazioan parte hartzen. Kanpoko aldean protestak izan dira.

Censura10ct: ziber-ekintzaileak Espainiaren zentsura salatu eta nola gainditu erakusten

Ekintzaile talde batek hartu bere gain erreferendumaren oihartzunak zentsuratzeko Espainiako Gobernuak interneteko hornitzaile nagusiekin nola egiten duen azaltzeko lana. Censura10oct guneak herritarrei erakusten dizkie Madrilek Movistar, Vodafone, Orange, Euskaltel eta abarrekin antolatutako sabotajea gainditzeko moduak. Katalanez eta erantzunez funtzionatzen du eta Twitterren ere badauka kontua.

 

Ernaik Sansomendiko (Gasteiz) guardia zibilaren kuartelean ekimena egin du Kataluniarekin elkartasunez

"Baimenik Ez" kanpainaren barruan 'Urna, grande y libre' margoketa egin dute Gasteizko hainbat gaztek, Espainiako Gobernuak Kataluniako erreferendumaren kontra darabilen errepresioa salatzeko. Irailaren 28an mobilizazioak deitu dituzte hiriburu guztietan.

 

 

Kataluniako gastu publikoa Madrilen esku da jada; Generalitateak helegitea aurkeztu du Espainiako Gorenean

Espainiako Ogasun Ministerioak bere gain du honezkero Kataluniako kontu publikoen kontrola. Oriol Junqueras Generalitateko presidenteordeak zuzentzen duen Ekonomia Sailak Madrilek hartutako neurriaren aurkako helegitea aurkeztu du Espainiako Auzitegi Gorenean. Estatuari 155. artikulua aplikatu izana leporatu dio Junquerasek.

Kataluniako Ogasun idazkariak, Pere Aragonèsek, eskutitza bidali dio Espainiako Gobernuan ardura bera duen José Enrique Fernández de Moyari, adieraziz Kataluniako Gobernuak etentzat ematen duela kontuen eskumena Generalitateari kentzeko Madrilek hartutako erabakia, Gorenak erabaki bat hartu arte. Agintari katalanen ustez, Espainiako Gobernuak modu makurrean erabili du Aurrekontuen Egonkortasun Legea.

Auzitegi Gorenak hamar egun ditu Generalitatearen errekurtsoari erantzunez interbentzio finantzarioa eten dadila agindu edo jarrai dezan baimentzeko.

 

Puigdemontek eta Junquerasek espetxera joan nahi dute PPko Albiolen ustez, horrela martiriak izango direlako
Xavier García Albiol, Kataluniako PPko lehendakaria

Xavier García Albiol Kataluniako PPko lehendakariaren esanetan, "Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras inhabilitazioa bilatzen ari dira, horrela espetxean egun batzuk pasatu eta martiri bihurtzeko", Ara egunkariak jakinarazi duenez. Albiolen esanetan, lehendakari eta lehendakariordea inhabilitatzeak ez du esan nahi neurriak Generalitate osoari eragingo liokeenik.

%60 inguruko parte-hartzea aurreikusten dute inkestek U1eko erreferendumerako

Celeste-tel barometroak Eldiario.es egunkariarentzat egindako inkestaren arabera, galdekatutako katalanen %59,9ak parte hartuko luke urriaren 1eko erreferendumean. Horietatik, %59,5ak independentziaren alde bozkatuko luke, %30,7ak kontra, %5,4ak zuri edo baliogabe, eta %4,4ak oraindik ez du erabaki. Ara.cat egunkariaren inkestaren arabera berriz, %60,2ak erantzun du parte hartuko duela edo ziurrenik parte hartuko duela. Horietatik, %44,1ak baietz erantzungo lioke erreferendumaren galderari, %38,1ak ezetz, %3,9ak zuri bozkatuko luke eta %13,9ak ez du bere botoa adierazi.

 

Eskoziako gobernuaren agiria Kataluniaz

Eskoziako Gobernuak agiri instituzional batean dio Kataluniako herritarren eskubidea daukatela beren etorkizunaz erabakitzeko. Nicola Sturgeon lehen ministroak berak zabaldu du agiria Twitterrez:

Honela dio "Statement on Catalonia" agiriak hitzez hitz:

Eskoziako gobernuaren agiria Kataluniaz

Kataluniaren kokapen konstituzionalari buruzko erreferendum proposamenaz  Espainiako eta Kataluniako gobernuen artean dagoen eztabaidari dagokionez, go Kanpo harremanetarako Idazkari Fiona Hyslopek esan du:

“Kataluniaren etorkizunaren norabideaz erabakitzea bertan bizi den jendeari dagokio, eta Kataluniako eta Espainiako Gobernuek eskubide osoa daukate independentziaren aldeko eta kontrako jarrerak hartzeko.

Hala ere, herri guztiek daukate eskubidea autodeterminatzeko eta beren beharrei egokien zaien gobernu mota hautatzeko, Nazio Batuen [sorrerako] Agiriak nabarmentzen duen printzipioa.

Edinburgoko Ituna izan zen adibide on bat erakusten duena nola bi gobernuk, Eskoziak independente bihurtzeaz ikuspegi erabat kontrajarriak zituztenak, gai izan ziren elkarrekin adosteko herritarrei erabakia ahalbideratzeko prozesu bat. Oinarrizkoa da herrialde guztietan errespetatuak izan daitezen demokrazia eta eskubide zibilak.

Twitter kontu ofizial bat ireki dute Espainiako Estatuak zentsuratu nahi duen informazioa zabaltzeko

Governak, bertatik zabalduko den informazioa ofiziala izango dela jakinarazi du eta erabiltzaileei laguntza eskatu die kontua zabaltzeko. @ref1oct da kontuaren izena.

 

48 ordu pasa dira Espainiako Gobernuak Generalitatea ekonomikoki interbenitzeko agindua eman zuenetik

Junquerasek adierazi du helegitea aurkeztuko duela Governak, Kataluniako Generalitatea ekonomikoki interbenitzeko Montorok onartutako ordainketak kontrolatzeko sistemaren aurrean. “Administrazioaren kolapsoa” bilatzen dutela salatu du, “langileen soldatak ordaintzea zenbat atzeratu daitekeen ezin da jakin”.

Directa-ren arabera, CaixaBank hasi da Generalitatearen kontuak blokeatzeko kudeaketa egiten. Ordea, VilaWeb-ek jasotzen duenaren arabera, Europako legediak ez dio baimentzen Espainiako Gobernuari kontuak blokeatzea.

155. artikulua indarrean da

!Pasatu dugu hainbat hilabete miatzen ea Madrilek nola jarriko zuen indarrean 155. artikulua eta errepresioaren dantza hasi denerako, ohartu gara indarrean dela...".

(Xabier Letonaren analisia)

 

Sortu: "Kalean erantzun sendoa emateko unea iritsi da"

Sortuk irakurketa plazaratu du goizean Gasteizko udaltzainek, epailearen aginduz, Anna Gabrielen hitzaldia eten ostean. Alderdi independentistaren ustez, "78ko erregimena erridikulu galanta egiten ari da". Erreferenduma debekatu eta kanpainako ekitaldiak galarazten dituena "zer nolako demokrazia da?" galdetzen dute.

"Dena galarazteko tematuta dago. Estatu demokratiko batek eskubideak eta askatasunak bermatu beharko lituzke. Kataluniako auziarekin, baina, salbuespeneko egoeraren gero eta antz handiagoa du Espainiako Erresumaren jazarpenak: adierazpen askatasunaren, manifestazio askatasunaren, erabakitzeko eskubidearen eta prentsa askatasunaren aurka ari da buru-belarri".

Kataluniako herriari babesa adierazi nahi izan diete, eta "Espainiako botere judiziala Gobernuaren meneko" dela irakurtzen dute.

Horrez gain, herritarrak kalera ateratzeko deia egin, eta zehazki, bihar Bilbon Gure Esku Dagok deitutako manifestaziora joateko animatu dituzte.

Irakurri hemen ohar osoa.

Erreferendumak beharrezko berme guztiak dituela diote 130 euskal legelarik

Euskal Herriko abokatu eta legelariak dira eta Kataluniako urriaren 1eko erreferendumak legezko berme konstituzionalak jasotzen dituela diote, ezagutzera emandako agiriaren bidez. Legelarien esanetan, Espainiak sinatutako nazioarteko itunetan oinarritua dago erreferenduma eta, beraz, Espainiako Gobernuak ez luke bera oztopatu behar. Gogor kritikatu dituzte kontsultaren aurka Espainiako agintariek hartu dituzten neurriak eta kezka agertu dute eskubideetan ematen ari diren murrizketengatik. Larunbatean Gure Esku Dagok Bilbon antolatu duen manifestaziora joateko deia ere egin dute.

 

Guardia Zibila Llobregateko bi inprentatan sartu da
Argazkia: Europa Press.

La Vanguardiako albistearen arabera, Sant Feliu de Llobregat-eko Artyplan inprentan eta L’Hospitalet de Llobregat-eko Marc Martí inprentan sartu da Guardia Zibila. 14:00ak aldera sartu dira Artyplanen. Marc Martíren kasuan, Guardia Zibilak orden judizialaren zain daude.

Guardia zibilak urriaren 1eko erreferendumarekin lotutako materiala bilatzen ari dira, aurreko astean Constantí-ko inprentan egin zuten bezala.

Espainiako Fiskaltzak erreferendumagatik mehatxatutako lehen bost alkateak deitu ditu

Tortosa, Mollerussa, la Seo de Urgel, Valles eta Vilanova y la Geltrú herrietako alkateak dira eta "erreferendum ilegala bultzatzea" egozten zaie. Fiskaltzak alkate aforatuak lehenetsi ditu, hau da, Espainiako Kongresuko diputatuak da Ferran Bel (Tortosako alkatea). Kataluniako Parlamentuko kideak dira, berriz, Marc Solsona (Mollerussako alkatea), Albert Batalla (Seu d’Urgell), Albert Batet (Valls) eta Neus Lloveras (Vilanova i la Geltrú). Lloverasen kasuan, independentziaren aldeko udalerrien AMI elkarteko presidente ere bada.

Espainiako Gobernuak iragarri du Generalitatea ekonomikoki interbenitu nahi duela

Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak iragarri du ordainketak kontrolatzeko sistema bat onartu dutela ministroen kointseiluan, Kataluniako Generalitatea ekonomikoki interbenitzeko. Urriaren 1eko erreferenduma finantzatzeko diru publikorik ez dela egon da helburua, Vilaweb-ek jaso duenez.

Sistema hori baliatuz Espainiako Estatuak ordezkatuko du Generalitatea ordainketa gehienetan. Moncloaren iragarpena dator, ostegunean Oriol Junqueras Kataluniako presidente-ordeak adierazi ondoren ez diotela Espainiari bidaliko euren finantzen inguruko informazio gehiago.

Hitzaldia debekatu duen epailea: Manuel Castro Calvo

 Manuel Castro Calvo epailea bera udaltzainekin batera joan da Anna Gabrielen hitzaldira, eteten zutela baieztatzera.

Hitzaldia debekatu duen epaileak, Manuel Castro Calvok, uztailean isuna ezarri zion Laudioko alkateari Espainiako bandera udaletxeko balkoian ipini bai baina nahikoa leku nabarmenean ez jartzeagatik.

Gasteizko udaltzainek Anna Gabrielen hitzaldia eten dute

CUPeko parlamentariak ordubetez hitz egin ostean, Gasteizko udaltzainak udal aretora sartu dira. Gabrielek berak eman du amaitutzat hitzaldia eta independentziaren aldeko oihu artean utzi dute aretoa. Gabriel eta hitzaldian parte hartzen ari ziren bi kazetariak identifikatu dituzte udaltzainek.

Kanpoan, boto-papera eskuan dutela, dozenaka lagunek elkartasuna adierazi diete parlamentariari eta independentzia prozesuari.

Hala Bedik sareratu ditu udaltzainak aretoan sartu direnean Anna Gabrielek esan dituen hitzak.

Catalunya en Comú-ko oinarriek erreferendumean parte hartzea erabaki dute

Kontsultan parte hartu dutenen %60k erreferendumean parte hartzearen alde bozkatu du. Alderdiko aurpegi ezagunenek botoa emango dute, baina mobilizazio egun gisa planteatuko dute, ez erreferendum gisa eldiario.es-en irakur daitekeenez.

Gasteizko administrazio auzietako salak debekatu egin dio Gasteizko Udalari Anna Gabrielek udal-aretoan hitz egitea
Puigdemont, Junqueras, Forcadell eta Colauren gutuna Felipe VI eta Rajoyri U1a negoziatzera

Generalitateko presidente Carles Puigdemont, Bartzelonako alkate Ada Colau, Generalitateko presidenteorde Oriol Junqueras eta Parlamentuko presidente Carme Forcadellek gutuna bidali diote Espainiako presidenteari eta Erregeari adieraziz Katalunia eta Espainiaren arteko gatazkari irtenbidea emateko borondatea dutela, eta Estatuaren partetik jasotzen ari diren errepresioa salatzeko. Financial Times egunkariak argitaratuko du gutuna, hainbat hedabidek jaso dutenez.

"Elkarrizketarako beste dei bat egiten dugu, aztertzeko ea nola jartzen garen ados kataluniarrok erreferenduma egin dezagun", idatzi dute.

Hemen irakur daiteke osorik.

 

Hainbat lagun indentifikatu dituzte gauean baietzaren aldeko kanpaina egiteagatik

Gauerdian hasi da urriaren 1eko erreferendumeko kanpaina. Hainbat herritan Poliziarekin arazoak izan dituzte, eta hainbat identifikatu dituzte herri ugaritan, azpiko txioetan irakur daitekeenez. Udaltzainek hainbat herritan kartelak kendu dituzte.

Figueresko Udaltzaingoak kartelak kendu ditu.

Gasteizen CUPeko Anna Gabriel ematekoa den hitzaldia debekatzeko eskatu du Espainiako Gobernu Delegaritzak

Gaur ostirala 11:30ean Gasteizko Aldabe gizarte-etxean eskainiko du hitzaldia CUPeko diputatuak. Hala Bedin irakur daitekeenez, elkarrizketa/hitzaldi formatua izango du topaketak eta irratiko bi kidek luzatuko dizkiote galderak. Gobernu delegaritzak ekitaldia ilegala dela esan du eta debekatzeko eskatu.

Ekitaldia AsCATasuna plataformak antolatu du, eta Hego Euskal Herriko hiriburuetan Kataluniako independentziaren aldeko ekimenak egingo dituzte.

Independentziaren aldeko ekitaldiko argazkiak

8.000 lagun bildu ziren independentziaren aldeko kanpainako lehen ekitaldian Tarragonan. 3.000 pertsona kanpoan geratu ziren eta handik jarraitu zuten ekitaldia. Argazkiak ANCren eskutik.

 

Erreferendumaren aldeko kazerolada

Urriaren 1a arte, gauero 21:00etan kazerolada egiteko deia zabaldu dute. Pixkana hasi da, eta sareratko bideo batzueatn ikus daiteke egindakoa.

Erreferendumaren kanpaina Tarragonan abiatu da, baietzaren aldeko mitinarekin

Carles Puigdemont Generalitateko lehendakaria eta Oriol Junqueras lehendakariordearekin hasi dute baiezkoaren aldeko alderdi eta indarrrek Kataluniako erreferendumerako kanpaina. Hedabideen arabera, 8.000 lagunetik gora bildu dituzte giro baketsu bezain beroan. Bideo honetan bildu dute ekitaldia:

Mitinean aurkeztu dute ANCk baiezko botoa sustatzeko egin duen 'Hola Republica" bideoa:

 

Urkulluren ustez erreferendumak ez ditu "beharrezko bermeak" betetzen

Onda Vasca irratiari egindako adierazpenetan, EAeko lehendakariak zalantzan jarri du urriaren 1ean bermerik izango ote den Katalunian "erreferendum bat egiteko nahiari dagokionez". Era berean, jeltzaleak esan du ez duela begi honez ikusten Kataluniako Parlamentak deskonexio legeak onartzeko egindako prozesua, "estatutua indargabetu" baitu bere ustez.

Nolanahi ere, oraindik "arazo politiko bat" dagoela onartzeko denbora geratzen dela azpimarratu du eta urriaren 1aren ondoren ere elkarrizketari heldu beharko zaiola.

Entzun elkarrizketa (gaztelaniaz soilik):

Bartzelonako Udalak U-1erako lokalak uzteko akordioa lortu dute, TV3ren arabera

Ada Colau Bartzelonako alkateak berak baieztatu du albistea txio bidez:

Dokumentua: Generalitateak Espainiako Ogasunari gastuen asteroko informazioa emateari utzi dio

Oriol Junqueras Kataluniako presidente ordeak eman du erabakiaren berri, "neurri politiko" bat zela argudiatuta:

Carta de Junqueras a Montoro by La Vanguardia on Scribd

 

 

Fiskaltzak udal elkarteen buruen kontrako kereila sartu du

AMI udal independentisten elkartearen buru Neus Lloveras eta ACM udal elkarteen presidente Miquel Buchen kontrako kereila sartu du Kataluniako fiskal nagusiak, dirua bidegabe eralgitzeagatik. 

Horrez gain bi elkarte horien webguneak ixteko ere eskatu du.

200 Guardia Zibil iritsi dira gaur Calellara

Bartzelonako probintzian dagoen Calella herrira 200 Guardia Zibil iritsi direla informatu du El Temps-ek. Espainiako indar polizialak urte osoan dauka dispositibo bat herri horretan, atzerritarren zentro bat (gaztelaniaz CIE gisa ezagunak diren eraikinak) zaintzapean edukitzeko, baita Espainiako Gobernuaren beste delegazio batzuk ere. El Temps-en arabera, Maresme ingurua da Espainiako indar polizialen puntu beroetako bat urriaren 1eko erreferendumari begira.

Guardia Zibilaren furgoiak Calellan (argazkia: El Temps).

 

Juncker: "Baiezkoak irabaziz gero, bistan da onartuko dugula"

Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak ostegun eguerdian Euronewsi elkarrrizketa bateko galderari erantzunez:"Kataluniako independentziari baiezkoak irabaziz gero, bistakoa da erabaki hori errespetatuko dugula". Horren aurretik ordea Junckerrek esan du Europar Batasuna ez dela "barne kontuetan" sartuko eta "Justizia eta Espainiako Parlamentua erresperatuko dituela".

Junckerren adierazpenak badu ñabardura, Mina Andreeva Europako Batzordeko bozeramaileak Euronewsi emandako azalpenean dio Espainiako Gorteez ari zela:

Asteazkenean AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaile Heather Nauert ere iradoki zuen balizko Katalunia independente bat onartuko lukeela herrialde hark: "Ez gara sartzen barne kontuetan. Aterako den edozein gobernurekin lan egingo dugu, dena delakoa ere".

Generalitateak hautes-mahaiak osatzeko dei eginez 55.000 gutun bidali ditu

Kataluniako Generalitateak zozketaz hautatutako 55.000 laguni erreferendumaren egunean hautes-mahaiak osatzeko dei eginez gutunak bidali dizkie, El Paísen irakur daitekeenez. Pertsona hauen artean daude titularrak eta ordezkoak, orotara 6.300 hautes-mahai betetzeko beharrezkoak.

Espainiako Gobernuak hauteslekuetako elektrizitatea mozteko mehatxu egin du

Gaur El Mundo egunkariak azalean dakarrenez, Espainiako Gobernua prest dago urriaren 1ean hauteslekuetako argindarra mozteko.

Horrela laburbildu du egunkariak Espainiako Gobernuaren ikusmoldea: "Ekidin hauteslekuen irekiera, hautes-mahaien osaketa, boto kutxen kokatzea, boto-paperen banatzea eta proigrama informatikoen erabilera. Horiek dira Rajoyren helburuak, ez dadin "2014ko azaroaren 9" berri bat gertatu, alegia, herritarren begietara legaltasun itxura duen fartsa bat".

Espainiako Gobernuak ez dio Generalitateari utzi nahi "mundu osora prozesu demokratiko homologatu baten irudia zabaltzen".

Herri harresiak egitea proposatu du Arranek atxilotu nahi dituzten alkateak babesteko

Espainiako fiskaltzak deklaratzera deitu eta honi uko egiteagatik atxilotzeko arriskuan dauden alkateak babesteko "ehunka pertsonako herri harresiak" egitea proposatu du Arran gazte antolakundeak, komunikatu baten bidez "Beren errepresioaren aurrean, defenda gaitezen" izenburupean.

Herritarrei kalera atera, elkar antolatu eta erreferenduma babesteko mobilizatzera dei egin diete.

"Guri, dena kentzen digun sistema bateko desjabetuei, ez zaigu gure esku eta gorputzak besterik geratzen; ez dugu beste ezer geure buruak defendatzeko, eta horrela defendatuko dugu geure burua. Egin ditzagun poliziak atxilotu nahi dituen alkateen inguruan herritarren harresiak, eta babesteko beharrezko bada, okupa ditzagun udaletxeak. Hamarnaka, ehunka, milaka pertsona izango gara geure buruak defendatzen, agonizatzen ari den eta herritarren borondatea gerarazi nahian ari den estatu baten aurrean".

 

Gaur hasiko da baiezkoaren aldeko kanpaina, ekitaldi bateratu batekin

 Alderdi eta eragile soberanistek kanpaina abiatuko dute Tarragonan, ekitaldi jendetsu batekin.

Ekitaldia lau bloketan banatua egongo da, Vilaweben irakur daitekeenez. Hasteko, PDECat, ERC, CUP, Demòcrates eta MES alderdietako kideek hitz egingo dute eta U1a defendatuko dute.

Bigarrenik, ANC, Independentziaren Aldeko Udalerrietako eta Omnium Cultural-eko kide banak hitz egingo dute.

Hirugarrenik, ANCk kanpainako spota publiko egingo du. Eta azkenik, Generalitateko presidente eta presidente ordeak itxiko dute ekitaldia: Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras.

Kanpaina Bartzelonan amaituko dute, irailaren 29an, ostiralarekin.

Puigdemont: "Konstituzio Epaitegiak ez du erreferenduma aldatuko"

Presidenteak alkate soberanistak eta Esquadra Mossoak defendatu ditu TV3en audientzia handieneko tartean egindako elkarrizketan. Espainiako gobernuaren estrategia kritikatu du gogor Vilaweben jaso dutenez.

Puigdemontek nabarmendu du katalanek bozkatzeko aukera izango dutela: "mundu lokalaren kolaborazioa izan badezakegu, bikan; eta ezin bada, ez da ezer gertatzen", adierazi du hainbat Udalek bozkalekuak uzteko ezezkoaren aurrean. "Bartzelonan bozkatu ahal izango da", ziurtatu du.

 

Espainiako Estatuak erreferendumaren webgunea saretik ezabatu nahi izan du, ez du lortu

Guardia Zibilak webgune nagusia itxi du, baina minutu gutxira Generalitateak beste bi ireki ditu.

Webgunea zerbitzaritik kendu ostean, Carles Puigdemont presidenteak iragarri du bi domeinu berritan aurki daitekeela erreferendumari buruzko informazioa: ref1oct.cat eta ref1oct.eu.

CUPek iragarri du bere alkateak ez direla Espainiako fiskaltzaren aurrean deklaratzera joango

Espainiako Estatuko fiskal nagusiak deklaratzera deitu ditu urriaren 1eko erreferenduma babesteko dekretua sinatu duten alkate guztiak. 700 baino gehiago dira. CUPek berehala erantzun du bere alkateak ez direla joango eta gainontzeko alkateei gauza bera egiteko gonbidapena egin die.

CUPek salatu du Estatuko Fiskaltza Orokorrak ezin duela alkateen atxiloketa agindu, bere konpetentzietatik harago joatea litzatekela. "Espainiako estatuaren ekinbide demofobikoa eta oinarrizko eskubideen aurkako erasoak salatu nahi ditugu, kargu publikoak eta herritarrak beldutzea beste helbururik ez dute".

Estatuaren estrategiaren aurrean erantzun kolektiboak emango dituztela iragarri dute.

Erreferenduma babestu duten alkate guztiak deklaratzera deitu ditu Espainiako Estatuko fiskaltzak

Kataluniako erreferenduma babestu duten alkate guztiak deklaratzera deitu ditu Espainiako Estatuko fiskaltzak. 700 baino gehiago dira eta deklaratzera ez doazenak atxilotzeko agindu du.

Jose Manuel Maza Espainiako Estatuko fiskal nagusiak, Esquadra Mossoei agindu die atxilotzeko deklaratzera agertzen ez diren alkateak. Erreferendumaren Aldeko Udalerrien ordezkariak arratsaldean bildu dira eta agerraldia egingo dute erabakitzen dutena jakinarazteko.

Agindutakoaren arabera, Bartzelona, Tarragona, Lleida eta Gironako fiskalei diligentziak hasteko eskatu zaie alkateen zerrenda bat oinarri hartuta, urriaren 1eko autodeterminazio erreferendumaren prestaketan laguntzen ari direlakoan.


Katalunia independentziarantz kanaletik interesatuko zaizu...
Ikurrina betaurrekoetan

Fisika kuantikoak, fisikaren arloan egindako ekarpenez gain, subjektuaren eta objektuaren arteko egiturazko harremana utzi zuen agerian. Subjektuak objektua eraikitzen duela bistarazi, eta mundua ulertzeko erabiltzen zen gerturapen bakar eta absolutua zen metodo cartesiarra ezbaian jarri zuen.

Feminismoak aspaldi azaleratu zuen gure begiraden partzialtasuna; kontzienteki betaurreko moreak jantzi, eta munduari patriarkatuak sortzen dituen botere harremanetatik begiratzea proposatu zigun... [+]


2017-11-26 | Estitxu Eizagirre
"Errepublika indartzeko gakoa da sektore ez soberanistak batzea"

Iru Moner eta Aran Llivina Bartzelonako Vallcarca auzoko Heura Negra asanblada libertarioko kideak dira. Entzun gako sozialetan antolatutako herritarrei, Katalunian gertatzen ari dena ulertzeko ezinbestekoa da-eta.


2017-11-26 | Aingeru Epaltza
Ez hain eskura

Kataluniako lehendakari Carles Puigdemontek errana Bruselako erbestetik: “Independentziaz landa, posible da bertzelako harreman mota bat Espainiarekin”. Generalitateko Hezkuntza kontseilari Clara Ponsatí ere handik da mintzo: “Kataluniako Gobernua ez zegoen behar bezain prestaturik urriaren 1eko emaitzei jarraipen politikoa emateko”. Min ematen du PPko, PSOEko eta Ciudadanosko bozeramaileei darien pozak.

Erreferendumaren egunean Bartzelonan ibilitako... [+]


156

Gaur arteko bidean Kataluniako herriak ez du gutxi erakutsi. Ausardia eta duintasuna. Kemena eta inteligentzia. Ezina ekinez egina. Bagenekien, halere, lehenago edo geroago Estatuaren horma krudel eta bortitzarekin topo egingo zutela. Une horrek sortzen zituen zalantzak. Errepresioari aurre egiteko gaitasunak. Aurre egiteko edo behintzat eusteko.

Bada, igaro zen urriaren 1eko erreferenduma. Igaro zen eta lezio berri bat eman ziguten. Erabateko konbentzimenduz jantzitako herritar oldea... [+]


2017-11-23 | Andoni Mikelarena
Albert Rivera, entziklopediak eta "plaka tektoniko kulturalak"

Albert Rivera Ciudadanos alderdiko buruak eskola katalanaren aurka egin du Espainiako Kongresuan. Erabili dituen argudioak gezurtatu dizkio TV3k.


Kaleak betetzen, parekorik ez

Europan azken urteotan preso batzuen askatasunaren eta erbesteratuen etxeratzearen alde egindako manifestaziorik handienetako bat izan da azaroaren 11koa Bartzelonan.


Espainiako hiriburua Paris

Behin baino gehiagotan entzun dugu Espainiaren eraketa Frantziakoaren antzekoa dela. Hortaz ez da harritzekoa borboitarrek, Espainiako Erresuma hainbat mendetan bere esku izan duten dinastiak, Frantzian izatea jatorria. Beraz, normala da Frantziako eredua Espainian kopiatu nahi izatea, baina baditu kopiatzea horrek bere berezitasunak.

Frantzian Iraultza egin zen duela bi mende eta erdi eta borboitarrak desagertu ziren edo urkamendira eraman zituzten. Espainian, aldiz, tarte labur batzuk... [+]


2017-11-19 | Lander Arbelaitz
Abenduaren 21ean izango al da Kataluniako erreferendum legala?

Kataluniako Gobernu legitimoaren erdia kartzelan daukate; beste lau kontseilari eta presidentea atzerrian. Tentsio izugarriko asteen ostean, badirudi indarrak abenduaren 21eko hauteskundeetara bideratuko dituztela denek. Asko dago jokoan. Espainiako Estatuak kolpe bat ematen duen bakoitzean “oraingoan bai, kontu hau amaitu da” pentsaera zabaltzen badu ere, gatazka bizi-bizi dago. Luze joko duen gatazka gordinean dago murgilduta Katalunia. Euskal Herrian ongi dakigu zer esan nahi... [+]


2017-11-17 | ARGIA
Eusko Legebiltzarrak ez du Kataluniako Errepublika aitortu

Kataluniako Errepublika onartzeko EH Bilduren proposamena ez da aurrera atera Eusko Legebiltzarrean. EAJren zuzenketa onartu du EH Bilduk.


2017-11-17 | Xabier Letona
Katalunia, kronologiaren gaineko hausnarketa

Irailak 29. Eguzkia atera gabe oraindik, treneko butaka erosoan nindoan urduri eta ikusmin itzelarekin, Bartzelonan zer topatuko zain, begiak orain paisaian orain mugikorreko albisteetan iltzatuta. Ostirala zen eta igandean erreferendumaren eguna; oraindik ezin nuen irudikatu nola egingo zen.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude