Felipe VI.a Bartzelonan izan da, Economic Week Bartzelonako sari-banaketaren ekitaldian parte hartzeko. Ostegun iluntzean erregearen argazkiak erre zituzten hainbat tokitan eta ostiralean mobilizazioak egin dituzte Bartzelonan.
Espainiako erregearen bisita bakoitzeko, protesta bana. Felipe VI. hamabi aldiz izan da Katalunian 2017ko urriaren 3an diskurtso sonatua eman zuenetik, zeinetan Felipe VI.ak Generalitateari leporatu zion "legitimoki onartutako arauak sistematikoki urratu izana, Estatuko botereekiko desleialtasun onartezina erakutsiz". Guztietan protestak egiten dituzte independentistek eta errepublikarrek.
Omniumek giza katea egin du goizeko hamarretan Cristobal Colonen omenezko monumenturaino. Kate horrekin bat egin dute ANC, AMI, JxCat, ERC, CUP, Demòcrates, Poble Lliure, USTEC-STES, InterSindical-CSC, IAC, Kataluniako Kirol Selekzioen Aldeko Plataforma, CIEMEN eta Drets elkarteek. Errepublikaren Defentsarako Batzordeek (CDR) "Francoren oinordeko politikoari aurre egiteko" manifestazioa egin dute goizeko 10etan abiatuta. Bidean bat egin dute bi mobilizazioek, La Directa hedabideak egindako jarraipenean informatu dutenez.
Epainiako erregea dagoen lekuaren inguruak, Frantziako geltokiaren bueltan, polizia-dispositibo zabal batek hartu du. Manifestariek koloretako pintura jaurti diet Mossoei eta Espainiako banderak zeramatzaten pertsona talde batek tentsio uneak sortu ditu.
"Juan Carlos I, Felipe azkena" zioen Omniumen pankarta bat kendu dute Mossoek goizean hotel bateko gelako balkoitik zintzilik zegoena. Errege Etxearen izenean akreditatutako bi pertsona argazkiak egiten aritu dira eta Mossoei jakinarazi ostean kendu dute.