Eldiario.es webguneak jakitera eman duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin du Eskuin Liberala alderdiak Pedro Sanchez Espainiako presidentearen aurka jarri zuen kereila.
Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin du Eskuin Liberala alderdiak Pedro Sanchez Espainiako presidentearen aurka jarri zuen kereila. Hori horrela, indultuen kontrako bide penala bazterturik gelditzen da. Eldiario.es webguneak jakitera eman du erabakia.
Aurkezturiko kereilak Sanchezi leporatu zion Kataluniako prozesu independentistaren baitan zigorturiko buruzagien aldeko indultua "trukerako txanpon gisa" erabiltzea, eta hori kalkulu politiko batzuei segi –Espainiako Kongresuan Kataluniako alderdi independentisten babesa lortzeko–. Baina Espainiako Auzitegi Gorenak argitu du ezin duela argudio hau kontutan hartu, eta are gehiago, erabakia hartzeko arrazoiak ezin direla justiziaren kontrolaren menpe jarri.
Zehaztu duenez, auzitegiek neurriaren "koherentzia" aztertu dezakete administrazioarekiko auzien bidetik. Justuki, bide hori erabili dute PPk, Ciudadanosek eta Voxek indultuen kontra egiteko. Gorenak hiru alderdi horien helegiteen gaineko epaia eman beharko du ondoko hilabeteetan.