argia.eus
INPRIMATU
Katalanez egiten den kultur kontsumoa, urtez urte gorantz
  • Centre d'Estudis d'Opiniók (CEO) egindako inkestaren arabera, Katalunian pelikula, liburu eta antzerki kontsumoak gora egin du katalanez.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko uztailaren 14a
Argazkian katalanezko liburuaren asteko artxiboko irudi bat. Katalanezko kultur kontsumoaren datuek emaitza baikorrak eman dituzte azkenaldian.

Herritarren %35,4ak liburuak irakurtzerako orduan nahiago du katalana gaztelania baino. Joan den urtearekin alderatuz gero, 3,8 puntu igo da.

Zinema eta antzerkiari dagokionez ere, gora egin du katalana gurago dutenen portzentajeak, %1 eta %2,5, hurrenez hurren.

Kataluniako panorama kulturalaren argazki bat

Halaber, ikerketak herritarren kontsumo eta kultura ohiturak aztertu ditu: zinema da katalanen artean kultur jarduera gogokoena %45,5arekin. Museo eta erakusketak, festa tradizionalak, konferentziak eta monumentuen bisitak dira besteak beste ekintza gustukoenak.

Inkestaren arabera, herritarren %56k ekintza kulturaletan egiten zuen gastua murriztu egin du. Internetek ordea kontrako norabidea hartu du, hots, %57k sarearen bitartez jasotzen du kulturaren berri. Ikerketaren beste ondorioetako bat da liburutegietarako bisitak %32 handitu direla.