argia.eus
INPRIMATU
Kartzeletan komunikazioa galaraztearen kontra agertu dira hemezortzi kolektibo
  • Espainiako Espetxe Erakundeen gomendioa jarraitu dute kartzela gehienek: kanpokoekin komunikazioa galarazi diete presoei, pandemiagatik. Bisitetan arriskurik ez dagoela eta erabakia presoen eskubideen aurkako eraso zuzena dela salatu dute hemezortzi kolektibok, “kontaktu fisikotik hurbilen zuten aukera bakarra” kendu dietelakoan.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 16a

Salhaketa, Etxerat edo Sare Herritarra daude egoera salatu duten Espainiako Estatuko kolektiboen artean. “Kutsatzeko zein arrisku du kristal bidezko komunikazioak, ez badago presoen eta bisitarien arteko kontaktu zuzenik? Kutsatzeko zein arrisku du vis a vis komunikazioak, kalean jarri diren prebentzio neurri berak hartzen badira?”. Besteak beste, gogoratu dute espetxeetako funtzionarioak egunero kartzelan sartu eta irteten direla.

Komunikazioak etetea, baita telefonotegietakoa ere, neurri oso murriztailea dela, pertsona presoen eskubideen aurkako eraso bortitza dela eta osasun mentalean eragin zuzena duela adierazi dute kolektiboek. Bergizarteratzea zailtzen duela ere gehitu dute sinatzaileek.