argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Kartzelara, herritarrak informatzeagatik?
Leire Artola Arin 2025eko maiatzaren 05
Nelton Rivera fotokazetari eta Prensa Comunitariako sortzailekidearen irudia eta izen-abizenak erabili dituzte hainbat zibererasotan, eta haren lana zapuzteko eta kriminalizatzeko hamaika saiakera egiten ari dira. Prensa Comunitaria

2025ean Guatemalan gutxienez kazetari bat hil dute eta beste bat desagerrarazi. Arriskutsua da kazetaritza lana egitea herrialde horretan, eta hala jaso du Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak ere, maiatzaren 2an argitaratutako 2025eko Prentsa Askatasunaren Munduko Sailkapenean. 180 herrialdetatik 138. postuan dago Guatemala, iaz bezala, baina puntuazio orokorrean behera egin du: “Degradazio hori gertatu da testuinguru politiko nahasian, non Bernardo Arévalo presidentearen gobernuak konpromiso batzuk hartu dituen prentsa askatasuna defendatzeko, baina kontrara, jarraitzen duten mehatxuek, zentsurak eta indarkeriak”, gogorarazi du Prensa Comunitaria hedabide independenteak.

Hedabide horretako kazetariek ondotxo dakite zer den informazio eskubidearen urraketa, besteak beste, ingurumenaren eta jatorrizko herrien eskubideen aurkako makroproiektuen kalteen berri emateagatik zentsura eta erasoak jasaten baitituzte etengabe. ARGIAk ere gertutik ezagutu eta kontatu du, Euskal Herriraino iritsi baitziren Solway multinazionalaren mehatxuak.

Baina azken asteetan gogortu egin da Prensa Comunitaria bezalako hedabide komunitario independenteen aurkako jazarpen, difamazio eta mehatxu kanpaina, eta jopuntua pertsonalizatu dute Nelton Rivera fotokazetari eta Prensa Comunitariako sortzailekidearen irudian. Haren argazkia eta izen-abizenak erabili dituzte hainbat zibererasotan, eta haren lana zapuzteko eta kriminalizatzeko hamaika saiakera egiten ari dira. Ministerio Publikoaren ekintzak iragartzeagatik ezaguna den X sare sozialeko profil anonimo batek Riveraren argazki bat zabaldu du kartzelako burdinen atzean, esanez laster José Rubén Zamora kazetariaren alboan egongo dela. Hain zuzen, Zamoraren kasua herrialdeko kazetarien egoeraren erakusle argia da: elPeriodico-ren sortzailea da, eta preso sartu zuten Alejandro Giammattei presidenteari loturiko ustelkeria kasu bat plazaratu eta bost egunetara; zenbait delitu leporatzen dizkiote, eta hainbat eragile eta komunikabidek salatu dute haren aurkako mendeku hutsa izan dela.

Riverarenak ere kutsu bera hartu du, haren aurkako informazio faltsuak ez baitira nolanahikoak: egozten diote gobernuaren defentsan irakurleak desinformatzen aritzea, dirua jasotzea USAID erakundearen eta alderdi politikoen partetik, edota Guatemalan kaosa eta terrorea zabaltzea helburu duten nazioarteko antolakunde kriminalekin lotura izatea. Eta ez da sare sozialetako mezuetan geratu: Ministerio Publikoko funtzionarioek ere adierazpenak egin dituzte, Riveraren eta Prensa Comunitariaren aurka prozedura legalak martxan jarriko dituztela mehatxu eginez.

Ez dira gertaera isolatuak, eta ez da kasualitatea hedabide independente eta herritarrekin konprometituek jasatea halako erasoak. Instituzioen eta botere faktikoen inpunitatea azaleratzen duten kazetariek garesti ordaintzen dute adierazpen askatasuna, eta garesti ordainduko dute herritarrek ere, kazetari horiek espetxeratzen edo hiltzen badituzte. Informazio eskubidea uneoro defendatu beharreko eskubidea da oraindik ere.