argia.eus
INPRIMATU
Kartzelan hil den Kepa Del Hoyok zigorraren bi herenak beteak zituen
  • Badajozeko espetxean kirola egiten ari zen bitartean eman zion bihotzekoak Kepa del Hoyo euskal preso politikoari, pasa den igandean. Haserrea erakutsi eta hainbat mobilizazio deitu dituzte EH Bildu, Sortu, Ernai, LAB eta AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 01
Kepa del Hoyoren heriotza salatzeko Iruñean egindako kontzentrazioa (Arg.: Ahotsa)

Kepa del Hoyo preso galdakoztarrak 20 urte zeramatzan kartzelaz kartzela, ETAri hainbat ekintza egiteko informazioa ematea egotzita 30 urtera zigortua. Espainiar legedia beteta kalean behar zukeen kondenaren bi herenak jada beteak zituelako.

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegik hilketa izan dela aldarrikatu du, eta PP egin du erantzule nagusi. Bera salbu, gainontzeko alderi guztiei presoen arazoari konponbidea bilatzeko bideorria adosteko galdegin die.

Euskal Herri osoan zehar salaketa protesta ugari izaten ari dira. Asteartean Sortuk, LABek eta Ernaik herri guztietan mobilizazioak deitu dituzte. Astelehenean Iruñeko PPren egoitzaren aurrean kontzentrazioa egin dute Del Hoyo oroituz.

Abuztuaren 1ean 19:00etan Galdakaoko beilatokian gorpuari harrera egingo diote. Abuztuaren 2an ekitaldia egingo dute beilatokian bertan 19:00etan eta larunbatean manifestazio nazionala deitu dute Galdakaon 18:00etan.