Karmelo Lauzirikaren familiakoek izan duten bigarren auto-istripua da. Aurten presoen dispertsioarengatik beren senideek errepidean izan duten bostgarren ezbeharra da eta hamalau zauritu izan dira dagoeneko.
Karmelo Lauzirika presoa bisitatzera joan ziren bi lagunek istripua izan zuten Teruel inguruko errepideetan, pasa den ostiral arratsaldean. Castello I-eko espetxean dago Lauzirika etxetik 550 kilometrotara, eta ezbeharra aurreratzeko maniobra egiten ari zirela gertatu zen.
Etxerat euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkartetik jakinarazi dutenez, beste erreietik irten zen objektu batek (egur edo hagun zati bat hipotesien arabera) kolpatu zuen autoa eta gidariak autoaren kontrola galdu ostean kamioi baten kontra egin zuen talka.
Autoak, argi foko batean, laino-argietan eta aireztapen saretoan kalteak izan bazituen ere, bidaiarekin jarraitu eta adosturiko bisitara garaiz iritsi ziren.
Etxeratek “aurreko gobernuetan bezalako” politika penitentziarioa dagoela salatu du eta kontzentrazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, euskal preso eta senideek jasaten duten dispertsio politika gaitzesteko.