Ate birakarien beste adibide bat da Alexander Arriolaren kasua. Legea urratu du Eusko Jaurlaritzaren SPRI agentziako zuzendari izatetik harekin lotura zuen Eurocybcar enpresa pribatura pasatzen? EAEko legeak gutxienez bi urteko tartea eskatzen du. Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileak dio Arriolak horretarako baimena eskatu ziola dagokion batzordeari, eta Gobernantza Sailak ikertuko duela ea zergatik ez zitzaion erantzun.
Eusko Jaurlaritzak bazekien ate birakaria erabiliko zuela Alexander Arriolak. 2020ko irailaren 17an SPRI Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendaritza utzi eta hurrengo egunean bertan Eurocybcar enpresa pribatuan kontratatu zuten. Irailaren 17an mezu hau zabaldu zuen SPRI taldeak, Naizek jakinarazi duenez: “Aitor Urzelaik hartuko du Alexander Arriola Lizarriturriren tokia, zeina enpresa pribatura itzuliko den”. 2013-2020 artean izan zen erakunde publikoko buru.
EAEko Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen Dituen Legeak arautzen du kargu publikoek enpresa pribatuetara salto egiteko gutxienez bi urte igaro behar direla: “Kargu publikoak betetzen dituztenek, berariazko araudiaren arabera legozkiekeen konpentsazio edo prestazioei kalterik egin gabe, kargua utzi eta hurrengo bi urteetan ezin izango dute inolako zerbitzurik eman, ezta lan- edo merkataritza-harremanik izan ere, karguaren berezko eginkizunak betetzeagatik harreman zuzena izan duten enpresa, sozietate edo bestelako erakunde pribatuekin”, zehazten du 18. artikuluak.
Bingen Zupiria Jaurlaritzako bozeramaileari ate birakarien gainean galdetu diote astearte goizean, SPRIko zuzendari ohiaz gain beste bost kasuri buruz ere bai. Aipatutako legeari egin dio erreferentzia, esanez bertan zehazten dela Langileen Zerbitzu Zuzendaritzak aztertuko dituela kargu publikotik pribatura pasatzeko kasuak. Bost kasutan kargu publikoak utzi eta pribatura pasatzeko baimena eskatu zioten batzorde horri, eta "bateragarria" zela erabaki zuten.
Arriolak, ordea, ez zuen baimenik jaso: "Egia da bosgarren kasu batean, SPRIko zuzendari izan zenak garaiz eta modu onean egin zuela tokatzen zen eskari hori, eta ez zuela erantzunik jaso. Gobernantza Sailak konpromisoa hartu du ikerketa egiteko eta jakiteko zergatik ez zitzaion SPRIko goi kargua izan zuen hari merezi zuen eta behar zuen erantzuna eman".
Eurocybcarrek harreman zuzena izan du SPRIrekin sorreratik. Agentzia publikoak halaxe zehaztu zuen webgunean, 2018an: “Eurocybcar startup gisa ezarriko da, horregatik Spri Taldearen babesa izango du, arabar parkean kokatutako BiCAraba harrobiaren bitartez”. Urtarrilean El Saltok argitaratu zuenez, 6,2 milioi euroko kontratua lortu du Eurobycarrek, “Ertzaintzaren ibilgailuetako zibersegurtasun neurriak baloratzeko eta ezartzeko”. Artikulu horretan gogorarazten denez, Arriola SPRIko zuzendari izateaz gain Eibarko EAJren udal batzordeko presidentea ere izan zen, 2018-2020 artean. EAJko ate birakarien enegarren kasua da Arriolarena.