argia.eus
INPRIMATU
Kaputxina jan eta edan
  • Etxeko behi bat oso gaixo izan dugu duela hilatebe pasatxo. Ezin buelta eman eta larretik ukuilura sartu genuen, hor hobeto zaintzeko itxaropenarekin. Segituan konturatu ginen ohiko jatenak ez zituela nahi, batez ere belar ondua. Ganbara bete eta berak iskin egiten. Hobe beharrez denetik inguratu eta probatzeko eman genion lastoa, baba (Vicia fava), alpapa (Medicago sativa), pagotxa (Trifolium incarnatum), erresiloia (Triticum aestivum) eta abar. Mokadutxo bat hartu eta utzi; denekin gauza bera egiten zuen.

Jakoba Errekondo 2022ko ekainaren 08a

Hausnarra ere ia galdu zuenean ukuilu inguruko eta baratzeko belarrak eskaintzen hasi ginen: txikori-belarra (Taraxacum officinale), gardu (Cirsium spp. eta Sonchus spp.), zerba (Beta vulgaris) eta kaputxina (Tropaeolum majus). Zein baino zein mikatzagoa. Mikaztasun horrengan genuen sinesmena iltzatuta; hausnarra mugituko zion itxaropena. Baita mugitu ere. Horietaz gain kirtangorriaren edo aziendaren pasmo-belarraren (Ajuga reptans) ura ere eman genion pasmorik edo gaiztoturik izanez gero garbitzeko. Susperraldian laguntzeko amonak egindako patxaran (Prunus spinosa) dzanga-dzangateko batzuk ere izan zituen. Gustukoenak zerba eta kaputxina zituen, eta azken horrekin amorratua zen.

Izan ere zer da ona ahoan kaputxina! Loreak eta hostoak jangarriak dira. Hosto bereziak ditu borobilak, "orbikularra" esaten zaio, eta txortena hostoaren alde batean izan beharrean erdi-erdian du, onil itxura emanez. Hostoak kolore urdinxka du eta leun-leuna da, barazki finenen parekoa, ziazerba (Spinacia oleracea), shisoa (Perilla frutescens) eta mizuna (Brassica rapa var. Nipposinica) bezala, adibidez.

Loreak dira gustagarrienak, deskribatzen zaila den zaporea dute; niri Sichuango piper alearen usain eta dasta konplexuak (Zanthoxylum piperitum) dakarzkit gogora. Piper punttua badu, baina inolaz ere ez piper beroarena. Bizia da ozpin punttua ere baduelako… Aho sabaian zakarregia bazaizu, lorearen erdiko aldea kendu eta petaloak soilik erabili, postre eta entsalada ederki jantziko dizkizute.

Osasungintzan teak eta tinduak egiteko eta digestio arazoetarako erabiltzen da. Jateko entsaladetan ikusgarria da; ikusgarria eta baita ahoaren kitzikagarria ere. Freskoan, izan ere, ezin bitxiagoa da, batez ere inoiz edo behin soilik dastatu izan baduzu. Hostoak arrozez (Oryza sativa) eta barazkiz beteta ere ez dira txarrak, edozertarako bilkari bezala ere ez. Zopatan ere maiz erabiltzen da, zopa bero pikanteak, hotzak… Pizzak, arrautzopilak, emultsioak, gatza, loreen kaparrak, hautsa, pestoa, saltsa beroak, ozpinak, marmeladak, jeleak, gurina… Zer ezin da egin kaputxinarekin! Postreetan sartzeko ausardia baduzu, inor gutxik egiten dituen gozoen egileen mundu urrian sartuko zara.

Eta edariak ahaztu gabe. Gero eta ugariagoak ditugu inguruan lore, hosto, belar eta abarrekin egindako edo osatutako edariak. Erraza da lupulua (Humulus lupulus) edo fruitu gorri edo antzeko zapore indartsuekin lan egitea, baina kaputxinaren dasta finarekin sagardo berexia egitera nor azartuko da? Iurretako Bizioko lagunak, agian?