Ez pandemiak ez ezerk, ez du kapitalismoa geldiarazten. Covid-19arekin galerak sozializatzen ari da, eta bere negozioa salbatzeko, estatuek esku-hartzea lortu du. Air Europak, adibidez, 400 milioi euro eskatu ditu porrota saihesteko. Beste batzuek, berriz, finantza irismen handiko operazioei ekin diete etekinak pribatizatu asmoz. Bankiaren eta Caixabanken bat egitea testuinguru horretan kokatu behar da.
Jose María Roldán Espainiako Bankuen Elkarteko (AEB) presidenteak, bankuen errentagarritasun txikiaren aurrean kostuak murriztea gero eta premiazkoagoa dela onartu ostean, honakoa esan zuen: "Bat-egiteetan pentsatu besterik ez zaigu geratzen, bai nazionalak zein mugaz gaindikoak; bat-egiteak efizientzia eta errentagarritasuna hobetzeko modu bat dira epe laburrean". Hor dago kapitalismoaren gakoa: errentagarritasuna epe laburrean hobetzea. Eta errentagarritasuna hobetzea kostuak murriztea eta sinergiak handitzea da kapitalarentzat, hau da, batez ere enplegua suntsitzea.
Bankia-Caixabanken kasuan, Espainiako Estatuko banku handiena izango litzatekeenak 630.000 milioi euro izango lituzke aktiboetan, 43.447 langile eta ia 7.000 bulego; azken urtean 2.246 milioi euroko mozkinak izan ditu. Kostuak murrizteko eta sinergiak areagotzeko, 8.000 lanpostu kentzea eta 1.500 bulego ixtea aurreikusi dute, eta Hego Euskal Herriari ere eragingo lioke murrizketa horrek, bereziki Nafarroari. 2012tik 100.000 enplegu baino gehiago desagerrarazi dituzte bankuek, horietako asko gurean.
Espainiako Estatuak 24.000 milioi euro injektatu zituen gure zergekin Bankia salbatzeko. Orain, diru hori itzultzea bermatu eta operazioa zaintzea egokitzen zaio, enplegu gehiago suntsitzea saihestuko badu. Kapitala, ordea, denen gainetik igaroko da. Gaur ez dago geldiaraziko duenik.