argia.eus
INPRIMATU
Kanporatze agindua jaso dute herenegun Basurtun atxilotutako etorkinek
  • Ehun pertsona inguru bildu ziren atzo Bilboko Alderdi Sozialistaren egoitzaren aurrean egin zen kontzentrazioan. SOS Arrazakeriak deituta, kontzentrazioaren xedea, herenegun Basurtuko beilatoki zaharretik kanporatzeko asmoz udaltzaingoak atxilotu zituen etorkinei babesa erakutsi, eta horrelako sarekadak salatzea zen. Etorkinak jatorrizko herrialdeetara itzultzea ez dela konponbidea adierazi zuten SOS Arrazakeriako kideek.

2011ko irailaren 16a
Basurtuko eraikinean dauden etorkin bi.

SOS Arrazakeriako ordezkariek eskakizun argi bat egin zioten udalari: "Udalari eskatzen diogu ez dezala Atzerritarren Legea erabili arazo sozialak konpontzeko, ez baita justua eta legea ezartzen zaienak diskriminatu eta kriminalizatzen baititu".

Aipatu kolektiboaz gain, Bilduko hainbat ordezkari ere izan ziren kontzentrazioan, eta asteazkenean egindako indar polizialen erabilera arbuiatu zuten. "Irtenbidea ez da sarekada eta kanporatzeak egitea, eskubide guztiak bermatuko dituzten politika sozialak sustatzea baizik". ELA sindikatuak ere hartu zuen parte.

Arartekoan salaketa

Bestalde, SOS Arrazakeriak Arartekoari salaketa helarazi dio. Kolektiboak adierazi duenez, "Bilboko Segurtasun Sailak emandako datuak eta epaitegiari emandakoak ez datoz bat", eta horregatik jarri dute salaketa, oinarrizko legeak urratu diren susmoa baitaukate.