argia.eus
INPRIMATU
Kanpaina bukaerako ariketa
  • Hau idazten ari naizela, kanpaina bukatzear dugu. Datorren astelehenean jetzaldi batera pasako gara. Horrek esan nahi du hiru egunetik behin egingo dugula gazta, eta gaztek izango dituztela bospasei kilo. Uztailaren bigarren astean edo utzi egingo diogu gazta egiteari.

Josebe Blanco Alvarez 2025eko ekainaren 23a
Egurra Ta Kandela baserritar ekintzak iritzi artikulua argitaratu zuen ARGIAn aurtengo maiatzaren 7an eta elkarretaratzea egin zuen Aldundiaren aurrean maiatzaren 15ean, Baserritar Egunean. Gai hori du aipagai Blancok artikuluan, besteak beste. Egurra Ta Kandela

Aurtengoa nola joan den galdetuz gero, "ongi" erantzungo dizut. Pozik ibili gara ardiekin. Arkumeak ongi hazi dira. Orain arte dastatu ditugun gaztak goxo daude eta jendea gozatzen ari omen da. Txarretik ere izan dugu, noski. Baskillaren bat edo beste; baina azken boladan aurpegiko ekzema dugu modan: zazpi ardi dauzkagu ilunpetan –hori baita fotosentsibilitatea saihesteko modu bakarra–, aurpegiko zauriek eta gibelak are gehiago ez sufritzeko.

Dena den, zalantzarik gabe, gure egonezin handienak administrazioetatik datoz. Txikienak 25 euroko atximurra egiten du hilero-hilero, 300 urtean. TicketBai du izena. Txikia-edo, baina astuna eta tematia bezain injustua. Ogasun sailaren azpikontratazioa baino are prekarioagoa.

Aurten, Eusko Jaurlaritzaren ildo estrategikoak ere ezagutu ditugu. Badakizue: Arabar Errioxako upategi handien erreskatea, BioTEch Foods multinazionalarekin hitzartutako Donostiako haragi-laborategia, balio teknologiko handiko negutegiak eta zutikakoak –indoor vertical farming delakoa– EAE osora zabaltzea, nekazaritza ekologikoa eta Getariako atun gorria hazteko Itsas Balfegó kaiolen instalazioa –hau Kataluniako Balfegó enpresarekin elkarlanean–.

Mantxan (Espainia) bizi nintzela, hango zaharrei ikasitako esaerak ezin hobeto azaltzen du ildo bedeinkatuek pizten didaten etsipena: vista la choza, ya sé cómo es el melonar – "Etxola ikusita, badakigu sagastia nolakoa den". Eta hori guztia gobernu aldaketarekin egon diren goi karguetan sartu gabe...–.

Beste bat: Gipuzkoako Foru Aldundiak ingurumenarekiko konpromiso berrien diru-laguntzei ezarritako murrizketak. Ekologikoan ari garenok bete-betean harrapatu gaitu murrizketak. Gure kasura etorrita, aurten errentan hartutako lur-sail batzuei dagozkien 1.000 euro galduta. Helegitea jarri genuen, eta erantzunak etsipenean sakontzen du –hala ere, pozik erantzun egin dutelako–: 2023 eta 2024. urtean hartutako konpromisoei aurre egiteko Foru Aldundiak 1.765.340,09 euro behar izan ditu 2024. urtean ateratako deialdian, eta 2025. urteko deialdirako aurrekontua 1.650.000,00 eurokoa dela ikusirik, nahiz eta erabakia ez den gustukoa izan ez administrazioarentzako ez eta baserritarrentzako, Foru Aldundiak erabaki du orain arte indarrean dauden ingurumen konpromisoak bere osotasunean ordaintzen saiatzea ahalik eta prorrateorik txikiena aplikatuz. Eta artzain motz honek galdetzen du: eta nora joan dira, bada, 115.340,09 euroak, nora? Izan ere, erreleboa gora eta behera gabiltzan honetan, aurten instalatutako berriek are zailagoa izango dute, ez bada enpresa batean lanean dabiltzala eta misto profesionalak izan nahi dutela...

Azkena nahi? Benga, urterokoa: artilearena. Aurten guri legokiguke 122,74 euro ordaintzea gure artilea Oñatira eramateagatik, zakuak pisatu eta husteagatik, dena Nafarroa Garaiko enpresa batek ongarri biologikoak egin omen ditzan. Zati bat Foru Aldundiak ordaintzen ei du, bestea artzainok. Guk, aurten ere, ez dugu parte hartuko: gure artileak, behin konpostatutakoan, belardiei mineral eta oligoelementuak oparituko dizkie.

Karaktere kopurua agortzear dudanez, lantxo bat proposatu nahi dizut, lagun.Jarraian dituzu irratian entzundako bi iragarki. Saiatu horiek orain arte irakurritakoarekin uztartzen, irakurle fin hori.

“Badira galdu behar ez ditugun gauzak: gure lurra, gure ohiturak, gure kultura. Euskal Okela. Gure baserriko ganadu haragia AGB zigiluarekin. Produktu hauek kontsumituz gure ingurunea zaintzen laguntzen dugu. Egin Euskal Okelaren aldeko apustua. Adierazpen Geografikoa Babestua duen haragia. Feaderrek finantzatua, Europar Batasunak kofinantzatua eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin”.

“Jasangarritasuna da biziberritzea. Berrikuntza: Euskadiko lehen sektorea etorkizuna da. Gure gizartearentzat estrategikoa. Kalitatezko elikagaiak bermatzen dizkigulako, landa eremuari bizia ematen diolako eta ingurumena babesten duelako. Euskadiko lehen sektorea. Hemen etorkizuna dago. Hazi. Eusko Jaurlaritza”.

Galizako sustraiek erakutsitakoa: mexan por nós de din que chove –"txiza gainean egiten digute eta euria ari duela esan"–.