argia.eus
INPRIMATU
Kandido Saseta oroimenean izango dute, 85 urte geroago
  • Eusko Gudarosteko komandantea Asturiasen hil zuten 1937ko otsailaren 23an, beste ehun gudarirekin batera, sorterritik urrun eta errepublikaren alde borrokan. Kepa Ordoki elkarteak omenaldia antolatu du otsailaren 26an Hondarribiko hilerrian, 2008az geroztik Sasetaren gorpuzkiak dauden tokian bertan.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko otsailaren 23a
Kandido Saseta Etxeberria, Eusko Gudarostearen komandanteak arrasto sakona utzi zuen 1936ko Gerran Euskal Herrian

Areces herrian, Asturiasen, hamarkada askotan “euskaldunen zelaia” izeneko toki bat existitu da usategi baten alboan. Han, 1937an euskal gudariek Euskal Herritik kanpo egindako borrokaldi gogorrenetako bat gertatu zen errepublikaren alde, Nalón ibaia gurutzatu ondoren. Euzko Indarra, Amaiur eta Prieto batailoiek osaturiko espedizio brigadak Oviedoko erasoan parte hartzea zuen helburu, iparraldeko frontea indartzeko. Baina tropa frankisten suaren pean harrapatuta geratu ziren eta dozenaka hil, haien artean Kandido Saseta buruzagia.

85 urte geroago, eusko gudarosteko komandantea omentzeko ekitaldia antolatu du beste behin Kepa Ordoki oroimen elkarteak Hondarribian.

Gipuzkoako defentsaren antolatzaile

Kandido Saseta Etxeberria Eusko Gudarosteko militar profesional bakanetakoa zen, gudariek arras miretsia lidergorako zuen gaitasunagatik. 1904an Hondarribian jaioa, errekete izan nahi eta Ávilako akademia militarrean egin zituen ikasketak; Afrika iparraldean espainiar armadarekin aritu zen, Arrifeko matxinatuen kontra. 1936ko altxamenduak Gasteizen harrapatu zuen, hango goarnizioko intendentziako kapitain zela, baina segituan igaro zen errepublikarren aldera.

1937ko urtarrilean Jose Antonio Agirre lehendakariak Asturiasera bidali zuen, euskal espedizio brigada gidatzera

Azpeitian Eusko Gudarostea sortzen giltzarri izan zen hondarribiarra, baita Gipuzkoako eta Bizkaiko fronte sistema eta lubakiak osatzen eta defenditzen ere. Bi aldiz zauritu zuten operazio horietan, bata Andatzan eta bestea Legution. 1937ko urtarrilean Jose Antonio Agirre lehendakariak Asturiasera bidali zuen, euskal espedizio brigada gidatzera. Arecesen etsaien tiro artean hil zuten, antza, eskuan granada parea zuela tiro batek buruan jota. "Kuartelean geratzen diren komandante horietakoa izatearen famarik ez zuen Sasetak", azaldu du Aitor Agirrezabalek Gara-n idatzitako artikuluan.

Sasetaren heriotza sekulako kolpea izan zen Euskal Herrian frankisten bonbapean gero eta estuago zeuden errepublikarrentzat. Bilbon hileta jendetsua egin zioten, baina gorpurik gabe, haren gorpua non zegoen ez baitzekiten.

Sasetaren azken argazki izan daitekeena, Areces herritik gertu ateratakoa, bere gorpuzkiak non zeuden kokatzeko balio izan zuen irudi honek, 'Nabarra' aldizkarian Iñaki Egañak azaldu zuenez. 

Hamarkada askotako misterioa

Bere heriotzaren ingurukoak misterio bat izan dira urte luzez, eta oraindik ere kontu ugari daude argitzeko, esaterako, azken borrokaldi hura nola izan zen. Parisen EAJk gordetako hainbat dokumentuk diotenez, ikusita faxistek inguraturik zeudela gudariek atzeraka egitea agindu zuen, baina bera izan omen zen borroka zelaian geratu zen azkenetako bat, bere pistola jaso zuen ANVko batailoiko kide batek esandakoaren arabera.

2008ko martxoaren 8an Sasetaren gorpuzkinak berreskuratu zituzten Aranzadi elkarteko kideek Arecesen, borrokaldia gertatu zen gunetik gertu. Horretarako ezinbestekoa izan zen Ramón Valdes herritarraren testigantza: aitarekin batera komandantea lurperatu zuen 1937ko otsailaren 23 hartan.

Saseta komandantearen goprua deshobiratzeko momentua 2008an. Bera lurperatu zuen herritar batenn testigantzari eta Hondarribiko talde batek egindako lanari esker aurkitu zituzten arrastoak. (argazkia: Iñaki Egaña / Nabarra)

“Goizeko 10etan hasi genituen lanak. Lokatzez betetako bidea da Arecesekoa. Ordubete pasa eta gero Ingalaterran egindako luma, metxero bat eta txapa bat aurkitu genituen”. Hala azaldu zuen Iñaki Egaña historialariak Nabarra aldizkarian (85. zk.) aurkikuntzaren kronika idatzi zuenean.

Non dira besteak?

"Bizi genuen giroaren presioak, hainbeste urte bere bila ibili eta gero, eta hainbeste denboran gordeta egondako sentipenek eztanda egin zuten emozio indartsu batez", hala kontatu zuen Arantza Saseta Kandidoren bilobak Aranzadiana aldizkarian egun hartan bizitakoa. Kandido Sasetaren gorpuzkiak Hondarribian daude orain. Baina duela 85 urte bizia galdu zuten beste dozenaka gudarien gorpuzkien berririk ez dugu, “euskaldunen zelaia” edo pradón de los vascos horretan behar lukete.

Gipuzkoako Aldundia saiatu zen 2013an Aranzadiren bidez haiek des-hobiratzen, baina Pako Etxeberria auzitegi-medikuaren esanetan oso zaila da gorpuak berreskuratzea, ez daudelako hobi zehatz batetan, sakabanatuta baizik.

Hor nonbait, "euskaldunen zelaian" sakabanatuta, dozenaka gudariren gorputzek jarraitzen dute oraindik berreskuratu gabe (argazkia: Asturiasko Oroimen Demokratikoa)

Omenaldia otsailaren 26an

Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak Kandido Saseta omentzeko ekitaldia antolatu du otsailaren 26an, larunbatarekin, Hondarribiko hilerrian. Herritarrei dei egin diete lore-eskaintzan parte hartzera; Telesforo Monzonek sorturiko Txikia kanta ere abestuko dute.

Gainera, Olaso Dorrea fundazioarekin batera poesia, kantua eta dantza ardatz izango dituen emanaldiak egingo dituzte urtean zehar.