Abuztuaren 13an Espainiako Gobernuak Kanariar uretan hiru petrolio-prospekzio egiteko baimena eman zion Repsoli. Paulino Rivero Kanarietako presidenteak jakinarazi du prospekzioen inguruko galdeketa egingo dutela.
Jose Manuel Soria Espainiako Industria, Energia eta Turismo ministroak galdeketa “ilegaltzat” jo du. Ministroak dio zundaketak baimentzeko prozesua “sendoa eta zorrotza” izan dela. “Ez dago arriskurik ingurumenarentzat. Egongo balitz zundaketak ez lirateke egingo”, adierazi du.
Francisco Hernandez Kanarietako Gobernuko Lehendakaritza eta Justizia kontseilariak (PSOE), aldiz, galdeketa legala dela eta egingo dela erantzun dio Soriari: “Espainiako Gobernuak autonomia-erkidegoen eskumenak errespetatu eta onartu behar ditu nahiz eta ez atsegin Konstituzioan ezarritakoa”.
Repsoli boikota
Prospekzioen kontrako Kanarietako koordinakundeak Repsoli boikota egiteko deia zabaldu du. Protesta-elkarretaratzeak egingo dituzte abuztuaren 29an arratsaldeko 18:00etan Tenerife, Kanaria Handia, Fuerteventura, Palma eta Lanzaroteko hainbat gasolindegitan.
Petrolio-prospekzioak ingurumenerako, ekonomiarako eta biztanleriarentzako arrisku handiak sortzen dituztela diote. Espainiako Gobernua multinazionalaren interesen alde jarri dela salatu dute, eta ez duela kontuan hartzen kanariar herriaren iritzia erabaki hain garrantzitsua hartzeko.