argia.eus
INPRIMATU
Kalte handiak eragin ditu itsaso zakarrak euskal kostaldean
  • Azken egunetan eta bereziki azken orduetan denboraleak gogor jo du euskal kostaldea. Hamar metrotik gorako olatuak izan dira eta kalte ugari eragin ditu urak. Biarritzen igande arratsaldean itsasoak eramandako emakume baten bila jarraitzen dute eta beste pertsona bat desagertuta egon daitekeen ikertzen ari dira. Irudi ikusgarriak zabaldu dira sare sozialetan eta horietako batzuk bildu ditugu. 

Eider Madina Berasategi @xaukenaxauk 2014ko urtarrilaren 07a

Itsaso zakarrak utzitako argazki bilduma.

Biarritzen igande arratsaldean olatu kolpe batek emakume bat eraman eta desagertua dago ordutik. Hirukote bat itsasargitik behera doazen eskaileretan zihoala olatuak hartu zuen honako bideoan ikus daitekeenez. Hiruetako batek ozta ozta lortu zuen ihes egitea baina beste biak itsasoak irentsi zituen. Haietako batek sorosle baten laguntzaz uretatik irteten ahal izan zuen; emakumeak ordea ez zuen lortu.

 

Donostian olatu erraldoiak ikusi ahal izan ziren eta Paseo Berritik Alde Zaharrerantz sartu zen ura. Aldamar kaletik hainbat herritarrek jasotako irudiak.

 

Oiartzun ibaiak itsasoa zirudien atzo gauean Orereta parean.

 

Gaur goizean itsasoak gogor jotzen jarraitzen du, Zarauzko malekoiko irudiak jaso ditu Gari Berasaluzek.

 

Bermeoko portuan lotuta zeuden zenbait itsasontzi amarretatik askatu eta itsasora eraman zituen, bideoan ikus daitekeenez beste zenbait hondoratu egin ziren.

 

Biarritzen ostiral arratsaldetik ura itsasertzeko paseoraino iristen zen, bart Kasinoraino iritsi dira olatuak eta kalte ugari eragin ditu:

 

Elantxobeko arraun elkartearen eraikinean hainbat traineru eta ontzi eraman ditu urak.