argia.eus
INPRIMATU
Kalifornia kiskaltzen ari da bere historiako suterik bortitzenaren garretan
  • Kalifornian Mendocino Complex bataiatu duten sutea estatuko hondamendirik handiena bilakatu da. Astearterako ofizialki 290.692 akre (117.638 hektarea) erreak zituela iragarri zuten, Gipuzkoako lurraldearen erdia adina. Geroztik, gainera, beste sute txikiago batzuekin elkartu da. 14.000 suhiltzaile daude estatuko hamasei suteri aurre egiteko egoera nahiko kaxkarrean. Oraindik egoera okerrera egingo du bero eta haize-bolada handiko egunak espero dituztelako eta hilabetea joango dela kalkulatu dute garrak itzaltzerako.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko abuztuaren 08a

 

Newsweek astekariak azaldu duenez "Kaliforniako suteok sekula biano handiagoak zergatik diren" kronikan eskaini ditu hondamendi berri hau ulertzeko gako nagusiak. Hasteko, Kaliforniak bost urteko lehortea eduki zuen eta duela bi urte jasandako euriteak dena berdetu zuen, indartutako landaredia orain lehortzean suteen erregai bilakatuz.

Bigarrenik, jende asko mugitu da hirietatik nekazaritza eremuetara bizitzera eta horrek su kontrolatuak egiteko eragozpen gehiago sortu ditu, lehenago zuhaitzak eta sastrakak zeuden tokian orain etxeak daude eta.

Hirugarren, klima-aldaketak ere eragina dauka AEBetako Zientzialari Arduratsuen Batasunak azaldu duenez:  “Udaberriko eta udako tenperatura altuek udaberriko elurrak lehenago urtzea ekartzen du lurra lehorra mantenduz denbora gehiagoz, eta suteak egoteko aukera gehiago ematen ditu batez ere Estatu Batuetako mendebaldean. Idortasun horregatik, behin tximistek edo gizakien hutsek piztu dituztenean, suteak bortitzagoak dira eta gehiago irauten dute”.

Azkenik, suteen izaerak berak aldaketa jasan du azken urteetan. Lehenago Kaliforniako suteek gauez intentsitate gutxiago izaten zuten baino orain indartu egiten dira.