argia.eus
INPRIMATU
Kalez jantzitako guardia zibilek Altsasuko gazteak probokatu dituzte beste behin
  • Berehala identifikatuak izan ziren kalez jantzitako guardia zibilek gazte ugari probokatu dituzte Altsasun joan den larunbat gauean. Gazteei beren izenez deitu eta “orain bai, lau baten aurka” bezalako esaldiekin kalera borrokatzera joateko “gonbiteak” luzatu dizkiete.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko azaroaren 21
Argazkia: @hitzondo

Adur, Jokin eta Oihan gazte altsasuarren aurkako sarekadatik bi urte bete diren astean, elementu polizialen beste eraso bat gertatu da Altsasun.

Hitzondo hedabidean irakurtzen denez, lekukoen arabera, goizeko 2:00etan herriko Biltoki tabernan gertatu zen. Ironiaz beterik, gazteak probokatzera joan ziren baina biolentziarik nahi ez zutela ohartarazi zioten guardia zibilek festa giroan zeuden pertsonei. Koxka tabernara ere joan ziren gero, baina ordurako gertatutakoaz behar bezala abisaturik zeuden herritarrak. Tabernariek tentsio handiz aurre egin zioten momentuari.

Altsasuko mugimendu herrikoia gaia aztertzen ari da dagoeneko eta denbora gutxiren buruan emango du gertakarien inguruko iritzia.