argia.eus
INPRIMATU
Kaleratzeen kontra, lanuzteak egingo dituzte Maderas de Llodioko langileek
  • Laudioko fabrikako jardunaren zati bat tokialdatu nahi du zuzendaritzak, 39 behargin kaleratuz.

Gedar @GedarLangileKZ 2025eko irailaren 11

Laudioko (Araba) Maderas de Llodioko langile-batzordeak aurreko astean jakinarazi zuen kaleratze kolektiboa ezarri nahi duela zuzendaritzak. Berriki zehaztu duenez, 39 langile bota nahi ditu, "ekoizpenari eta antolaketari" loturiko arrazoiak argudiatuta. Enpresak Garnica taldearen beste lantoki batzuetara mugitu nahi du ekoizpenaren zati bat, egurrezko ohol batzuei dagokiena hain zuzen ere, Aiaraldea.eus-ek azaldu duenez.

Kaleratzeei ezetz esan diete beharginek, eta bi lanuzte antolatu ditu langile-batzordeak datorren asterako: 16an eta 18an geratuko dute jarduna. "Enpresari adierazi diogu gure helburu bakarra hitzarmen kolektiboaren negoziazioa berreskuratzea dela, baina soilik kaleratze horiek bertan behera utzita, plantilla osoarentzako kalte larri bat suposatzen dutelako", esan du.

Enpresa-zuzendaritza eta langileen ordezkariak lan-hitzarmenari buruzko negoziazio bete-betean zeuden, bat-batean zuzendaritzak kaleratze kolektiborako hautua mahaira atera zuenean. Uztailaren amaieran izan zen negoziaketako azken bilera.