Joan den astean jakinarazi zuten Basque Culinary Centerren GOe eraikina urriaren 20an inauguratuko dutela, eta horren harira, Kaleratzeak Stop plataformak idatzi bat helarazi du komunikabideetara. Bertan, gaitzetsi egin du Basque Culinary Centerreko eraikin berria 20 hilabetetan altxatzeko “azkartasuna” eta ondoko orubean proiektatutako gazteentzako 100 zuzkidura apartamenduak eraikitzeko atzerapen.
Batetik, administrazioek egindako akordioa salatu dute, “herritarrek, auzo elkarteek eta abarrek” egin moduan, hau da, udalak 75 urterako 5.500 metro koadro lagatzea eta eraikuntza finantzatzea, Eusko Jaurlaritzaren 18 milioiko eta aldundiaren 6 milioiko ekarpenarekin, GOek 2 milioi soilik jarri dituenean, “irabazi asmorik gabeko fundazioa izatean babestuta, Miramongo zentroan ematen dituen ikastaroetan 10.000 euroko kobratzen ari denean matrikula bakoitzeko”. Horrez gain, eraikuntzak, gogoratu dutenez, ingurumen eragozpen eragin dizkie Manteo institutuari eta inguruko bizilagunei, eta bai Manteo bai Zemoria parkeak suntsitu dituzte.
Bestalde, udalak Jaurlaritzari lagatako 1.350 metroko lursail batean kokatutako gazteentzako 100 zuzkidura apartamendu eraikitzea onartu zuen GOeren data berean, baina haiei buruzko albiste bakarra 2026 urtearen erdialdean ekingo dietela da. “Bien bitartean, Donostian, salmenta eta alokairuko etxebizitzen prezio espekulatiboak are gehiago igo dira bigarren seihileko honetan. Horregatik, gure gazteek ezin dute emantzipatu eta ezin dute beren hiritik kanpo ikasi; baina administrazioek ez dute presarik gazteentzako 100 zuzkidura apartamentuen eraikuntza bizkortzeko”.
Horregatik, eraikitzen hasteko data zehaztea eskatu du plataformak eta GOerekin egin moduan, “20 hilabeteko denbora errekorrean amaitzen dituztela zainduko dugu”.