argia.eus
INPRIMATU
Kaleratzeak Stop plataformak Sestaon duen bulegoa itxiko du laguntzarik jaso ezean
  • Diru falta dela eta, Kaleratzeak Stop Bizkaiak Sestaoko bulegoa ixtekotan da. Udaletxeak utzitako gela batean aritzen dira, eta udalak argindarra eta ura ordaintzen badu ere, ez dute internetek eta telefonoak eragindako gastuei aurre egiteko gaitasunik. Plataformaren bozeramaile Marta Uriarteren arabera, hilean 200 euroko laguntza bat nahikoa litzateke lanean jarraitu ahal izateko.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko apirilaren 02a
Kaleratzeak Stop Bizkaia plataformako kideak (Argazkia: El Pais)

Bizkaiako Kaleratzeak Stop plataformak irekitako lehen bulegoa da Sestaokoa. Urtarrilean abiarazi zuten, eta ordura arte tabernetan edota etxeetan elkartu ohi ziren kideak. Zortzi kaleratze gerarazi dituzte hilabete hauetan. Orain, berriz, Uriarteren ustez “hipoteka-exekuzioen momentu gorenean” bere ekintzak mugatzera behartu dituzte. Momentuz, goizean soilik arituko dira, baina laguntzarik jaso ezean behin betiko utziko dute bulegoa.

Egoerari aurre egiteko, eta Sestaoko Udalaren inplikazioa lortzeko change.org webgunean firma bilketa antolatu dute.

Hurrengo hilabetetan Stop Kaleratzeak Bizkaiak bulegoak irekiko ditu Berangon, Getxon eta Basaurin.