argia.eus
INPRIMATU
Barra warroak
Kaleko orban beltzak
Behe Banda 2025eko irailaren 29a
Behe Banda

Txikitatik pentsatu nuen nortzuk ote ziren paretetan, karteletan, oroitarritan, asteroko manifestazioetako aurpegi horiek. Baziren eskelak egunkarietan eta herriko plazan, baina gero, baziren besteak. Ez nituen inoiz kaletik ikusi, ez nekien izenik, baina edozein herritan ezagutzen nituen.

Oraindik aurpegi asko bizi zirela, gurasoak frankismoaren azken hatsetan jaio ziren, ziurrenik zureak ere. Politika politikarien eskutatik kanpo gelditzen ari zen, kalea gudu zelai, jendartearen etorkizun grina zapaldu, akabatu nahi eta ezin. Aske izateko borrokari ongi lotuak, ez zegoen itxaroterik, exijitzerik baizik. Askatasun Hiribidetik igarotzen ziren manifestazio erraldoiak, ia itsasoa ere husten zutenak. Umetan loreak lapurtzen zituzten, korrika ateratzen ziren pilotakaden atzetik, loreontziak balkoitatik behera, besoak borobildurik ez gurutzaturik, aurrera!

Bada sinisterik garaian garaikora mugatu behar garenik, baina azkenean, beti dago bultzatu nahi duenik

Kaleei so egiten diet eta normaltasun arrotz batekin egiten dut topo. Nire bakardadean bihurtzen naiz horrenbeste ekintza grinaz piztutako bazterretara, jada ia eusterik ez dutenak. Bada sinisterik garaian garaikora mugatu behar garenik, baina azkenean, beti dago bultzatu nahi duenik.

Ez, ez gara gatazkaren ondorioak jasango dituen azken belaunaldia izango, ez bada gatazka honen men egitetik, ukapenetik, amore ematetik. Ez dago memoriarik borrokan bizi ez denik, borrokan bizi baitira guzti-guztiak, denok kabitzen gara honetan. Azken hitzetan nor datorkizun burura, zeren alde eman bizia, hortxe duzu erantzuna.

Hil kanpairik ez, lehen oihua leher dadila, mesedez. Gazteriaren haustura urgentzia da atzo eta gaur aldarri. Askatasun haizea dator, gori-gori.