Uztailaren 12an akordioa sinatu zuten Kanakyko indar independentistek eta Frantziako Gobernuak Parisen. Negoziatzaile independentistek “akordio historikotzat” jo zuten. Alabaina, independentisten arteko hainbat taldek akordioari buruzko erreparoak agertu dituzte, eta izan da sinatutako agiria erabat arbuiatu duenik ere. Asteburuan, Noumea hiriburuan, negoziatzaileek jendaurrean adierazi dute ez dutela behin betiko akordioa sinatu eta proiektua barne-biltzarretan eztabaidatuko dutela.
Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanaka (FLNKS) aliantzak asteburuan emandako prentsaurrekoaren mamia jaso du Vilaweb hedabideak. Aliantzako ordezkariek negoziatzaileek egindako lana babestu zuten. Izan ere, erdietsitako akordioa kritikatu dute aliantza independentistako hainbat talde eta kidek. Besteak beste, sare sozialetan esan dute Frantziarekin adostutakoak ez duela erabateko subiranotasunik aurreikusten eta ez duela autodeterminaziorako mekanismorik zehazten. Emmanuel Tjibaou negoziazio taldeko buruzagiak azaldu du akordioa “fase bat” baino ez dela, eta ez “bidearen bukaera”. Sinatutakoaren mamira jota, ironiaz hitz egin du estatu bat beste estatu baten barruan onartzeari buruz: “Estatu bat beste estatu baten barruan kontzeptua konstituzionalisten maskota bilakatu da, baina argitu beharko da zer esan nahi duen juridikoki. Sui generis edozer gauza adieraz dezake, eta ziurgabetasuna sortzen du”, aitortu du.
Tjibaouk prentsaurrean adierazi zuen Frantziarekin egindakoak “printzipio-akordioak” direla eta orain oinarri independentistei aurkeztu eta azaldu behar zaizkiela, eta zuzendu eta balioztatu egin behar direla. Akordioa ez dela itxia ere azpimarratu du: “Negoziatzeko agindua geneukan, ez akordio itxi bat sinatzekoa”. Datozen egunetarako bi hitzordu egin dituzte oinarri independentistekin sinatutakoaz eztabaidatzeko; batetik, FLNKS aliantzako buruzagi politikoek bilera egingo dute aste honetan, eta bestetik, abuztuaren 2an mugimenduaren batzar irekia egingo dute. Hitzordu erabakigarriak izango dira oinarri independentistek akordioa babesten duten ala ez jakiteko.
Akordioaren sinatzaileek hainbat aurrerapauso nabarmendu dituzte, hala nola, nazioarteko onarpena izango duen Kaledonia Berriko Estatu bat sortzea, kanpo-gaietako eskumena berehala eskualdatzea, nazionalitate bikoitza izateko aukera (kaledoniarra eta frantsesa), eta konstituzioaren hastapena litzatekeen oinarrizko lege bat idaztea.
Frantziaren presioa eta epeak zehazteke
Tjibaou negoziazio taldeko buruzagiak azpimarratu du negoziazio garaian Frantziako Estatuak presioa egin ziela, “kanakiar gizarte degradatu eta pobretuaren testuinguruan”. Gehitu du sinatzera bultzatzeko indar kolpeak egon zirela. Negoziazio taldeko beste ordezkari batek, Mickaël Forrestek, “xantaia klasikoa” egin dietela adierazi du. Frantziako Gobernuak Konstituzioaren erreforma eta sinatutako testuaren edukia jasoko lukeen lege organikoa udazkenean bideratu nahi ditu, baina FLNKS aliantzak ez du proposatutako egutegia onartu, eta esan du lehenengo barne eztabaida gauzatu behar dela.
Euskal Irratietan Battitta Bolokiri elkarrizketa egin diote. Hainbat urtez Kanakyn bizi izan da eta hango egoera hurbiletik ezagutzen du. Akordioak kanakentzat izan ditzakeen ondorio eta eraginez hitz egin du.