argia.eus
INPRIMATU
Akordio historikoa Kaledonia Berrian
Nazioarteko aitortza lukeen Kaledonia Berriko Estatua onartu du Frantziak, bere mugen barruan
  • Konfiantzaren erronka izenburua jarri diote Kanakyko indar independentisten eta unionisten arteko akordioari. Ozeano Bareko uhartediak herrialde europarraren parte izaten jarraituko luke, baina estatu izaera lor dezake kaledoniarrek hala bozkatzen badute. Datorren urte hasieran bozkatuko dute ituna. Negoziatzaileek "akordio historikoa" izan dela azpimarratu dute.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 14a
Kanakyko eta Frantziako Estatuko ordezkariak akordioaren sinatzean. Ministère des Outre-mer

Uztailaren 3an eman zioten hasiera negoziazioei Frantziako Gobernuaren begiradapean, eta uztailaren 12an hamahiru orrialdetako akordioa sinatu dute. Negoziazioetarako mahaia independentistek eta independentziaren aurkako leialistek osatu dute. "Alde bakoitzak kontzesioak egin behar izan ditu akordioa aurrera eramateko", adierazi du Georges Naturel-ek, LR Errepublikanoen kidea Frantziako Estatuko Senatuan.

"Kaledonia Berriko Estatua" aitortzen du testuak, baina Frantziako Estatuaren parte izaten jarraituko luke herrialdeak, edonola dela. Bertako biztanleek estatutu berezi batek araututako herritartasun bikoitza izateko aukera izango lukete. Finean, estatu baten barne dagoen estatua izango litzateke uhartedia.

Kanaky herriko Kongresuak onartu beharko du negoziatzaileek "historiko" gisa definitu duten akordioa, eta kanakek berretsi 2026ko lehenengo hiruhilekoan, bozka bidez.

Akordioaren puntu nagusietako batzuk

Kanakiar herritartasuna aitortzen du akordioak, eta nazionalitate bikoitza izango lukete herritarrek: kanakiarra eta frantziarra. Herritartasuna lortzeko bertan jaio edo hamar urtez bertan bizitzea beharrezkoa izango da, denboraldi hori bost urtetara murriztu daiteke ezkontzaren bidez.

"Kaledonia Berriko Estatua" sortuko litzateke Frantziako Estatuaren barruan. "Nazioarteko komunitateak aitortu ahalko luke Kaledonia Berriko Estatua, Frantziako Estatuarekin hartutako konpromisoa eta bere interesen errespetuan betiere".

Instituzio eta finantza publikoen inguruko erreformak egin ahalko lituzkete, eta "probientzien arteko elkartasun dispositiboa" sortzea aurreikusi dute.

Kongresuak akordioa onartuz gero, defentsa, moneta, segurtasuna eta justizia eskuduntzen transferentzia eska lezake uhartediak.

Nikelaren ustiapenaren plan estrategikoaren onarpena, herrialdearen garapen ekonomikorako motorra den industria, probintzien beharretara egokituko diren politikek arautuko dute.