argia.eus
INPRIMATU
Kalean lo egiten duen jende kopurua bikoiztu egin da EAEn
  • 900 bolondresek parte hartu duten gaueko kontaketan, etxerik gabe dauden 435 pertsona zenbatu dira, duela bi urte baino %56 gehiago.

IƱigo Igartua @igartua19 2018ko urriaren 24a
Emakume etxegabetu bat Donostiko kaleetan. Argazkia: @donosti_tik

Euskal Autonomia Erkidegoko 26 udalerritan egin den kontaketako datuek erakutsi dute, urriaren 18tik 19ra bitarteko gauean 435 pertsonak kalean lo egin zutela. 2010. urtetik aurrera bi urtez behin egiten den zenbaketak inoiz utzi duen daturik kaxkarrena da, duela bi urte zenbaturiko etxegabeko pertsonen bikoitza baino gehiago.

Ikerketaren emaitzen arabera, Bilbo da etxegabeko gehien dituen udalerria 211 pertsonarekin; ondoren, Donostia (106), Gasteiz (24) eta Barakaldo (30). Gainontzeko 64ak gelditzen diren beste 22 udalerrietan sakabanaturik aurkitu dira.

“Nahiz eta zaila den etxerik gabeko pertsonen kopurua zehaztea, kontaketa hauek errealitate oso aldakor batera gerturatzen laguntzen dute” adierazi du Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politikako sailburuordeak.

Datuok, EAE-n etxerik gabe egoera larrian dauden pertsonen egoeraren inguruan egindako beste azterketa batzuekin osatuz aurrera eramango den IV. ikerketan erabiliko dira.

Ikerketa hori 2019. urte amaieran publikatuko da eta egoera honetan dauden pertsonen errealitatea prisma zabalago batetik aztertzeko aukera emango du.

 

Migranteak noraezean

Kontaketan zenbatu diren etxegabekoez gain, Donostia eta Irungo kaleetan gaua pasatu zuten 104 migrante aurkitu zituzten bolondresek, 50 pertsona inguru bakoitzean.

Donostiako kasuan, autobus geltokian igaro zuten gaua ordu batzuk lehenago Frantziako poliziak muga pasatzea eragotzi ostean. Irungoak aldiz, gau horretan bertan Espainiako Estatuko hegoaldetik autobusez iritsi berriak ziren.