argia.eus
INPRIMATU
Kalean da Iskanbila argitaletxearen lehenengo alea
  • Hartuemana liburuxkak kritika eta autokritikaren kulturan ekarpena egitea du helburu.

Hala Bedi @halabedi 2020ko martxoaren 04a
Gasteizko Hala Bedi Tabernan jarri dituzte 'Hartuemana' lanaren aleak salgai. Argazkia. Hala Bedi.

Iskanbila argitaletxea jaio da, “argitaletxe herrikoi eta xumea” sortzaileen hitzetan, eztabaida eta formakuntzaren arlotik ekarpena egiteko asmoarekin. Hilabeteetako prozesuaren ondoren aurkeztu dute proiektua, “ideien gudan” sakontzeko, eta Euskal Herrian gaur egun puri purian dauden eztabaidak elikatzeko. Iskanbilaren asmoa elkarrizketa sakonak, formakuntza politikorako testuak, itzulpenak eta bestelakoak eskaintzea da.

Lehenengo alea: Hartuemana

Argitaletxearen lehenengo alea aurkeztu dute: «Hartuemana, kritika eta autokritikaren bitartez kidetasunean sakontzeko tresna”. Kritika eta autokritikaren garrantzia aztertzen da bertan, mugimendu iraultzaile ezberdinen esperientzietan oinarrituta. Proposamen praktiko bat ere badakar, militantzian eta kideen arteko harremanetan horrelako dinamikak garatzeko laguntza gisa.

Liburuxka hau Errekaleorreko Herri Inprentan ekoiztua izan da. Hala Bedi Tabernan erosi daiteke, euro baten truke. Oraingoz Hartuemana bakarrik aurkeztu badute ere, tarteka Iskanbilaren ale berriak argitaratuko dituztela aurreratu dute, gai ezberdin bat landuko du atal bakoitzak.

Argitaletxeko kideekin kontaktuan jartzeko emaila ere jakinarazi dute, iskanbila@protonmail.com helbidean topatu daitezke, galderak edo iradokizunak egiteko: “Har ezazu zure iskanbila eta gogoratu: Irakurri eta pasa!”.