argia.eus
INPRIMATU
Kale estuak dituzten hiriak
Behe Banda 2025eko abuztuaren 04a
BEHE BANDA

Etxe pareko lokala itxita, obretan, zerbait berria irekiko dutelako susmoa. Ez da izanen mertzeria bat, ez eta loradenda bat. Kasurik onenean taberna bat, ohikoa, auzokoa, eta txarrenean gastrobarra edo specialty cafe bat. Ez duzu dirurik bost euroko kafea erosteko. Ez duzu borondaterik bost euroko kafea erosteko. Ez ezazu, faborez.

Lagunei idatzi eta orduantxe, egin nahi ez dituzuen planetaz mintzatzen, ohartu zarete ezetz, ez dakizuela oraindik zer egin larunbatean. Aukera asko dago. Omen. Baina ezin asma norentzat diren aukera horiek guztiak. Etxe azpiko tabernara gerturatzen zarete, betiko lau agureen artean, lokal hori ortzimugan, mehatxatuz.

Taberna da, ez dut tesi hau behar baino luzeago defendituko, herri baten gutxienezko unitatea. Herrian taberna badago komunitatea sortzen da, zaintza, harremanak, elkarbizitza. Nolabait, taberna sarri aitzakia izan da, kafesne baten inguruan zazpi orduz lagunak bildu eta mintzatzen aritzeko, zaharrez eta berriez, baten batek erlojua begiratu eta “berandutzen hasia zaigu…” esan arte. Orain arte. Hiri handietan bereziki, tabernak kontsumorako espazio soil bilakatzen ari dira, mahai inguruan biltzeak ez du axola, ez bada mahai gainekoa kontsumitzeko. Dirua xahutzeko behin, bi, hamaika bider.

Ez da, ordea, jarri daitekeen eredu bakarra. Are gehiago, icebergaren punta baino ez da. Azken funtsean, hau dena ez baita kasualitatea, egungo hiriaren kronika da. Icebergaren legez, batzartzeko tokiak hirietan urtzen hasiak baitira, literal zein metaforikoki. Literalki ez dagoelako tokirik eguzkitik ihes egiteko, eta metaforikoki ez dagoelako biltzeko espaziorik. Espaziorik dohainik, musu-truk, doan, debalde. Ezetz, ez dudala hogei euro ordainduko zure lokalean ordu erdian bokata bat irensteko, apenas solastatzeko denborarik gabe.

Ez da kasualitatea; elkartzeko espazio duinak desagertuz doazen heinean, saretzeko, elkarbizitzarako eta antolatzeko espazioak ere desagertuz doaz, kalexka ilun eta urrunduetan ostonduz. Geroz eta kale estuagoak dituen hiri batean ezinezkoa da banku batean esertzea besterik gabe zerura begira egoteko, ordu luzez. Aisialdia kreditu txartelak menperatua: Ondo pasatzeko tasa 5€.

Etxe pareko lokalari behatuz barne elkarrizketari amaiera saihestezina gerturatzen zaio: zer egin, nola egin. Non egin, non. Biltzearen balio politikoaz ohartzea, espazioen beharra plazaratzea, behar hori asetzeko antolatzea. Gaztetxe bat, bi, hamaika. Auzo bakoitzean bat, sarrera kobratu barik. Zine autogestionatua udan, izara bat eta norbaiten osabak utzi dion proiektorea. Filma pirateatuta, noski.

Hurrengo astebururako plana erabaki dugu: supermerkatuan kafesnea eta pastak lapurtuko ditugu etxe okupatu batean jateko, lasai asko eta presarik gabe, egun argia heldu arte hitz egiten aritzeko.