Kafeak gosea ematen du merkeegia denean


2002ko urriaren 06an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:11:59
Goizean hartu duzun (edo bazkalondoan eskatuko duzun) kafe kikarakada hori Euskal Herrian 0,8 edo 1,2 euro kostatu zaizu. Baina katilutxo barruan goilarearekin azukreari eragiten zenion bitartean, ez zaizu burutik pasa ere egin ordaindu duzunaren %2 baino askoz gehiago ez diotela pagatu kafe aleak produzitu dituen laborariari. Akeitaren prezioa jakinda gainera, agian pentsatuko zenuen hori lantzen duen nekazariak gariari edo artoari baino etekin handiagoa aterako ziola. Baina oker zeunden: kafegilerik gehienak kostatu zaienaren azpitik ari dira saltzen beren uzta azken urteotan, eta gosetea nagusitu da labore hori nagusi bihurtu den lurralde aberatsetan. Humanitarioak ez dira panorama hain beltz margotzen duten erakunde bakarrak, Kafearen Nazioarteko Erakundeak ere konfirmatzen ditu datuak. Azken 30 urteotako preziorik baxuenak ordaintzen dira kafe aleagatik beren sorterrian, eta lehengai nagusi gehienak 1980ko prezioen ia erdiraino jaitsi badira, kafea %70an merkatu da: prezio errealetan kalkulatuz... duela 100 urte baino merkeago saltzen dute laborariek! Baina prezioen apaltze hori merkaturatze katearen alde batean bakarrik gertatu da. Izan ere 1990an kafe salmentak munduan 30.000 milioi dolar mugiarazten bazituen, gaur 70.000 milioitik gora iritsi dira salmentak. Kafea erein eta biltzen duten herrialdeetan ordea, duela hamar urte 10-12.000 milioi geratzen ziren bezala, gaur 5.500 milioi baino ez zaie iristen eskuetara. Libra bat mendebaldean bataz beste 3,60 dolarretan saltzen da eta horietatik nekazarientzako 24 zentabo baizik ez dira. %1.500eko margen gordina ematen du horrek. Ondorioz, %17tik %25erainoko etekinetan ari dira lanean munduko kafearen erdia kontrolatzen duten bost enpresa erraldoiak: Sara Lee, Kraft, Procter & Gamble, Nestlé eta Tchibo. Egoera honek ez du berez hobera egingo, azken urteotan kafearen merkatuan aldaketa estrukturalak gertatu direlako. Merkatu hauek arautzeko neurriak bertan behera utzi ziren 1989an, hasteko. Horrekin batera, Munduko Bankuak eta Nazioarteko Moneta Funtsak bultzatua, herrialde berriak abiatu ziren murgildu ziren kafearen produkzioan. Brasilen asko zabaldu dira urteotan zuhaixka honi eskainitako lurrak, eta Vietnam bezalako herrialdeak ere azaldu dira konpetentzian. Gainera, enpresa handiek gero eta teknologia aurreratuagoak erabiltzen dituztenez, kalitate eskasagoko aleak erabiliz antzeko produktuak lortzen dituzte, nahasketa berri eta errazagoen mirariz. Krisirik sakonenean murgildu dira herrialde horiek ororen buru. Denen artean, kontsumitzen dena baino %8 gehiago ekoizten dute kafea lantzetik bizi diren 25 milioi laborari horiek, eta dagoenekoz munduko stocka iritsi da urte oso bateko produkzioaren %40 adinakoa izatera. Prezioek behera egin ahala, kostatu zaiena baino merkeago saltzen dituzte beren uztak nekazari horiek. Eta konpainia handiek lehen adinako kalitatea ez baina prezioa eskatzen dietelarik, orain artean urtero hiru alditan biltzen zuten garaua orain behin bakarrik jasotzen dute, on eta txar, pasatu, heldu eta berde, denak nahastuta. Eta horretarako, lehen baino askoz eskulan gutxiago behar dute. Holako egoeraren ondorioak ezin bromakoak izan. Ez bakarrik zuzenean labore honi lotutakoak, herrialde osoen jarduera harrapatzen du hondamendiak. Mendebaldeko arima zintzo asko hunkitzen dituen kanpo zorra baino okerragoa da prezioen hondoratzeak herri askori eragindako kaltea. Kasu bakar bat aipatzeagatik: Etiopiari aurten 58 milioi dolar barkatuko zaizkio, baina kafearen prezioengatik 110 milioi galduko ditu. Zuzenena ukituak, noski, nekazariak dira. Laborari askok beste produktuak lantzera jo dute, eta Hegoamerikan bidenabar, kafea utzita iritsi dira koka produkziora asko eta asko. Emigrazioa da beste ihesbidea; Estatu Batuetako mugetan urtero hiltzen diren ilegaletako asko Mexikoko kafegileak dira. Hirira edo ahal den lekura, baina ihes. Suizidioen albisteak iritsi zaizkie erakunde humanitarioei munduko alderdi askotatik. Enpleguak ere urritu dira: Guatemalan, iaz 500.000 jornalari enplegatu ziren lekuan 250.000 kontratatu dira aurten. Langabezia da horietan eguneroko... gosea. Gosea pasatzen edo situazio horretara makurtzeko puntuan 125 milioi pertsona ikusten ditu Oxfam-Intermonek. Azken bi urteotan nabarmen hondoratu baita beren bizi kalitatea, prezioen atzetik. Haurren eskolaratzea etenda, osasun zainketarako dirurik ez da gehiago. Kafea Erreskatatzeko Plana jarri nahi du martxan Ignasi Carreras buru duen GKE horrek. Indarra duen herrialde guztietan hedatu du, eta bere atal deigarrietako bat -"Justiziazko Merkataritza Ibilaldia" izena duen trailerra- heldu den udaberrian iritsiko da Hego Euskal Herriko lau hiriburuetara. Plan hau 18 herrialdetan ari da bultzatzen erakunde hori. "Merkatuak denentzako funtziona dezala" aldarrikatzen du bere helburu nagusiak, eta nekazariei alea gaur ordaintzen zaienaren bi halako izatea lortu nahi du. Plan taktiko oso bat zehaztu du Oxfam-Intermonek, neurri oso zehatzekin, tartean soberakinetan dauden kalitate txarreko 15 milioi zaku kafe suntsitu landare berriak (are gutxiago fruitu ugariko hibridoak) landatzeko laguntzak etetea. Asmo zehatz eta ausartak, 125 milioi jenderen bizia salbatzeko. Beste zenbait lotura: - Make Trade Fair-Comercio Justo. Intermon-Oxfam erakundearen kanpaina bideratzen du. - European Fair Trade Association. Merkataritza Zuzenaren aldeko Elkarte europarra. - Global Exchange elkartearen barruan kafe albiste eguneratuak (merkataritza zuzenaren aldeko ikuspegitik). - Commodityexpert.com. Kafe negozioaren mundu osoko albisteak. Pello Zubiria pzubiria@argia.eus

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude