Euskal Herriko Laborantza Ganbarak lau gaualdi antolatu ditu Aldude, Gabadi, Bastida eta Donazaharren elkarrizketan jartzeko batetik nekazaritzan hasi baina lurrik ez daukaten gazteak eta bestetik bizitza laborantzan eman ondoren laster erretiratu behar baina etxaldearen jarraipenerako segidarik ez daukatenak.
2018an ELB sindikatuak antolatu zituen Kafe Instalazioa delako saioak Iparraldeko sei herritan, 2014ean urratutako bide bati berriro ekinez. Honela argudiatu zuten orduan antolatzaileek: "Duela zonbait urte Iparraldeko eskualde desberdinetan antolatu ziren kafe instalazioek arrakasta pollita ukan zuten eta gazte andana bat hurbildu zen. Instalazioaren [baserri bat bere gain hartzearen] gaia estakuru gisa hartuz, instalatu berri, instalatzeko bidean edo laborantxari nola lotu pentsaketetan ari ziren gazteek ideien eta ikusmoldeen partekatzeko tokia atxeman zuten".
Afal osteko bilkura haietan behin eta berriro entzun zen argudio hau: "Zaila da uztartzea libro diren etxaldeak eta martxan ezarri nahi diren proiektuak". Hari horretatik tiraka, aurten Euskal Herriko Laborantza Ganbarak hartu du antolakizuna bere gain, afal ondoko saioari izena egokituta: Kafe Transmisioa.
Lau saioetatik lehena heldu den ostegunean izango da Alduden, Alfaro ostatuan, eta hurrengoak 23 astelehenean Gabadin, 26 ostegunean Bastidan eta 30 astelehenean Donazaharren. Saio guztiak 20:00etan hasiko dira eta EHLGk horietara gonbidatu ditu bai inguruetan erretreta adinera hurbilduz etxaldearen segida bermatu gabe daukaten baserritarrak eta bai lurrik eduki ez arren laborantzan sartu nahi duten gazteak.