argia.eus
INPRIMATU
“Justizia patriarkalari” autodefentsa feministaz erantzun diote Bilbon, bortxaketa baten harira
  • Iaz izandako bortxaketa baten salaketaren harira, justizia “patriarkala” salatu du Bilboko Feministak Saretzen kolektiboak. Erasoa jasan duen emakumeak sare sozialetan salatua du erakundeetatik jasotako tratu txarra.

Maria Ortega Zubiate 2025eko urriaren 24a
Sexu eraso bat salatzeko egindako elkarretaratzea Erandion. Hiruka.eus

Irailean Izaro izeneko emakume batek salatu zuen sexu erasoa jasan zuela iaz, eta hura salatzean izandako irregularitateak salatu zituen bere Instagram kontuan: Ertzaintzaren filtrazioak eta epailearen konplizitatea, besteak beste. Izaroren salaketa publiko egin eta hilabetera, Bilboko Feministak Saretzen kolektiboak manifestazioa egin du, pairatutako indarkeria gaitzetsi eta “kolektiboki eta autodefentsa feministaz” erantzuteko deia zabaldu dute.

2024an gertatu zen erasoa, baina aurtengo irailean jakin zen bere berri. Izarok berak eman zuen argitara, bere Instagram kontuan. Bideo bidez, erakundeetatik jasotako “tratu ez bidezkoa” salatu zuen. Azaldu zuenez, Ertzaintzan salaketa jarri eta Poliziak hedabideetara filtratu egin zuen. Mugimendu feministak gaitzetsi egin du Ertzaintzaren filtrazioa, eta gehitu euskal hedabide “sentsazionalistek” filtrazioa hartu eta babesgabe agerian utzi egin zutela. Bilboko Udalak “babesa” adierazi zion Izarori, behar zuen laguntza eskainiko ziola hitz eman zion. “Ez dut batere jaso”, azpimarratu du Izarok eta horri lotuta “purplewashing-a” leporatu dio mugimendu feministak udalari: “Ohar publikoa atera, baina dei bat ere ez zioten egin”.

“Hortik aurrera dena okertu zen”, dio Izarok: “Epaileak ni erasotzailea banintz bezala tratatu ninduen, erabat babesgabe sentitu nintzen”. Eta hala abiatu zen prozesu judizial “amaigabea”. Bere abokatuak epaileari eskatu zion akusatuari pasaportea kentzea eta urruntze agindua ezartzea, baina epaileak ez zuen onartu. “Epaileak argudiatu zuen errugabea zela, ez zuela ezer egin eta ez zuela [eskatutakoa] onartuko”. Horren ondorioa izan zen akusatuak ihes egitea. “Erasotzaileak ihes egin eta bi hilabete igaro behar izan dira justizia horretaz ohartarazteko”, salatu du mugimendu feministak.

Instrumentalizazioa

Izarok berak ere salatu zuen gizartearen “juzgua” jasan zuela, Voxen eta eskuin muturraren “mehatxu eta jazarpen itogarriarekin” batera. Eskuin muturrak bere kasua “instrumentalizatu” zuela azpimarratu du mugimendu feministak . Izan ere, kasua publiko egin eta gutxira biderkatu ziren bortxatzailearen jatorriari buruzko albisteak: lerroburu ugaritan nabarmendu zuten bere jatorria, erasoaren gainetik. 

Indarkeriak “hamaika” forma dituela baina horiei guztiei “aurre” egingo dietela adierazi du mugimendu feministak, “kolektiboki eta autodefentsa feministaz”.