argia.eus
INPRIMATU
Julio Pachecoren frankismoko torturak ikertuko ditu lehenbiziz epaile batek Espainian
  • Ana María Iguácel epaileak bertan behera utzi du frankismoan torturatutako Julio Pachecori Madrilgo 50. Instrukzio Epaitegian ostiral goizean hartu behar zion deklarazioa. Hau da frankismo garaiko torturengatik Espainiako auzitegi batek ikertu behar duen lehen tortura kasua.

Xabier Letona Biteri @xletona 2023ko uztailaren 14a
Julio Pacheco, frankismoko torturatua. (Argazkia: Patricia J. Garcinuño / El Diario)

Julio Pachecoren abokatu Jacinto Larak adierazi duenez, epaileak jakinarazi die kasuak ertz asko dituela eta, auzia hobeto aztertzeko, deklarazio hartzea atzeratuko duela. Hau da Espainiako Estatuan epaile batek ikertuko duen frankismoko lehen tortura kasua.

Orain arte, frankismoak torturatutako herritarrek bakarrik deklaratu izan dute María Servini Argentinako epailearen aurrean, zeinak azken hamar urteetan auzi bat irekia duen frankismo garaian egin ziren humanitatearen aurkako krimenengatik.

Tortura kasuengatik 100 kereilatik gora aurkeztu izan dira Espainiako epaitegietan, baina denak artxibatuak izan dira, iragan maiatzean Iguácel epaileak Pachecoren salaketa aintzat hartu zuen arte. Horren arabera, frankismoko Brigada Politiko-Sozialeko lau poliziaren aurkako inputazioa egin du epaileak eta deklaratzera deituko ditu: José Manuel Villarejo, Álvaro Valdemoro, José Luis Montero eta José María González.

Ikusita frankismoaren garaiko tortura salaketekin zer gertatu den, ez dago kasu honek aurrera egingo duen esperantza handirik, baina Pachecoren abokatuaren esanetan, zirrikitu bat da eta baliatu behar da. Frankismoaren diktaduran milaka pertsona torturatu zituzten, baina oraindik ez da inor zigortu horregatik.

Orain arte epaitegietan salaketa hauek ez dira aintzat hartu izan, edo hartu badira berehala artxibatu dira. Oro har, epaileek kontuan hartzen dute auzien inguruan Espainiako Auzitegi Gorenak eta Auzitegi Konstituzionalak eraiki duten jurisprudentzia, batez ere 1977ko Amnistia Legean, delituen preskripzioan eta legalitate printzipioan oinarritzen dena.

Kasua sakon azaltzen duen El Diario-ko erreportaje honetan jarrai ditzake auziaren gorabeherak irakurleak.