Erresuma Batuko Belmarsh-eko segurtasun handiko espetxean daramatza lau urte, 2019ko apirilaren 11n Londresko Ekuadorreko enbaxadatik kanporatu zutenetik. AEBek eskatutako estradizioaren zain dago.
Julian Assangeren kasua oso ezaguna da, 2010ean WikiLeaks-ek AEBetako gerra informazioa azaleratu zuelako, eta horrela ezagutu zirelako AEBetako armadak hainbat herrialdetan egindako txikizio eta giza eskubideen urraketak. Irakeko gerrako 400.000 informe argitaratu zituen, 90.000 Afganistango gerrakoak, 800 Guantanamokoak eta AEBetako 250.000 informazio diplomatiko.
AEBetako agintariek Assangeren aurkako atxiloketa agindua eman zuten eta 2012an Ekuadorko lehendakari Rafael Correak babesa eman zion herrialdeko Londreseko enbaxadan. Han egon zen zazpi urtez, 2019ko apirilaren 11n Lenin Moreno Ekuadorko lehendakari berriak enbaxadatik kanporatu zuen arte.
Lenin Moreno eta Julian Assangek hainbat tirabira izan zuten, batez ere Morenok WikiLeaks egiten zuelako berari buruz izandako hainbat filtrazioren errudun. Horien artean daude Morenorekin lotutako Ina Investment Corporation enpresari dagozkion ustelkeria salaketak. Eta tira-bira horiez gain, hor ziren halaber, AEBen presioak Ekuadorrek Assange bere enbaxadatik kanporatu zezan. Azkenean hala gertatu zen, eta horrek eraman zuen Assange Belmarsh-eko segurtasun handiko espetxera.
Bisita oso gutxi eta egoera larria
Lau urte hauetan Assangek oso bisita gutxi izan ditu, batez ere bere emazte eta abokatuarenak. Hasiera batean, gainerako presoekin batera ateratzen zuten patiora, baina kartzelako mandatarien esanetan, Assangeren presentziak patioa aztoratzen zuen eta bakarrik ateratzea erabaki zuten. Ondoren COVID-19ko garaia etorri zen eta 23 ordu ziega barruan izan zuten. Muturreko isolamenduaren ondorioz, egoera psikologiko larrian dago, bere abokatu Aitor Martínezek salatu duenez. Nils Melzer, NBEko torturaren inguruko kontalari bereziak ere gogor salatu izan ditu bizi-baldintzak, eta auzia nola manipulatzen ari den azkenean zigorrera heltzeko.
Mugarik Gabeko Erreportarien elkarteak ere egin du bisitatzeko saioa, baina azkenean ez diote utzi. Elkarteak salatu duenez, apirilaren 4an joan ziren baimen guztiak eskuetan, baina sarrera ukatu zieten, azken orduko inteligentzia informazioak aitzaki gisa jarrita eta kazetariak zirela argudiatuz. Elkartearen esanetan, ezaguna da elkarteko lehendakaria kazetaria dela, baina ez zihoazen Assange bisitatzera kazetari lanak egiteko, baizik eta adierazpen askatasunaren defentsan”.
Hiru helegite AEBetara estraditatu aurretik
Assangek Ekuadorreko enbaxadan babesa eskatu zuenean, Suediak eta AEBek haren estradizioa eskatu zuten. Suedian bortxaketa bat leporatu zioten, besteak beste, baina 2017an akusazio guztiak artxibatu ziren eta herrialdeak estradizio eskaera bertan behera utzi zuen. AEBetan 18 delitu leporatzen dizkiote, besteak beste konspirazioa –informatika arakatze bidegabeagatik– eta sekretupeko agirien azaleratzea. Akusazio horiekin 175 urteko zigorra jaso dezake AEBetan. 2022ko ekainean Erresuma Batuak baiezkoa eman zion Assangeren estradizioari.
Orain hiru helegite daude estradizioa gauzatu aurretik. Lehenik erabaki behar da Erresuma Batuko Goi Auzitegiak emandako estradizioari jarri zaiona, eta horrek huts egiten badu Erresuma Batuko Auzitegi Nagusiaren txanda litzateke lehenik, eta ondoren Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Auzitegiarena.
Publiko egunkariari Aitor Martinez abokatuak jakinarazi dionez, Goi Auzitegiak erabaki beharko du ea AEBetako 1917ko Espioitza Legea indarrean jar litekeen Erresuma Batuan, egiazko iturriak erabilita kazetari batek egiazko informazioa argitaratu duenean. Edo ea proportzionalitate printzipioa aintzat hartuta, kazetari batek 175 urteko zigor espetxea jaso dezakeen ikerketa kazetaritza egiteagatik.
Mugarik Gabeko Medikuek salatu dute Erresuma Batua etengabe ari dela trabatzen Assangeren defentsa eta elkarteak zera gaineratu du: “Assangek posible egin zuen publikoak gerra krimenak ezagutzea. Kontua ez da hura ongi edo gaizki erortzea, baizik eta zer den justua”.