argia.eus
INPRIMATU
Julia Mengolini kazetari argentinarrak Milei salatu du, bere aurkako “gorroto kanpaina” bat aireratzeagatik
  • Adimen Artifizialaz egindako bideoak sareratu dituzte, Mengolini difamatzen dutenak. “Gorrotoa bultzatzea, indarkeria kolektiboa eta bortxazko mehatxuak” izan direla salatu du kazetariak, eta zigor bideari ekingo diola.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2025eko uztailaren 02a

Argentinan hautsak harrotu ditu sare sozialetan zabaldu diren zenbait bideok. Bertan Julia Mengolini kazetari feminista ezagunaren aurkako kanpaina abiatzen dute, bere nebarekin intzestu harremana izatea aurpegiratzen. Kanpaina hori hauspotzen Javier Milei Argentinako presidentea ibili da, eta Mengolinik salaketa jarriko diola iragarri du: “Intimidazio publikoko delituak izan dira, gorrotoa sustatzen dutenak, bortizkeria kolektiboa bultzatzen dutenak eta gauza gehiago esan ahalko nituzke”.

Hori horrela, Milei presidentea eta bere alderdi La Libertad Avanzako beste zenbait kide ere salatuko ditu Mengolinik. Era berean, Mileik kazetariaren aurkako salaketa baten berri ere eman du, difamazioarengatik.

Mengoliniren aurkako erasoa salatu dute herrialdeko zenbait elkarte eta hedabide feministak, “estatu indarkeria” gisa definitu dute, eta salatu dute bereziki militante feministen aurka egindakoa dela. Hala ere, salatu dute gobernuaren aurkako iritzia duen oro dagoela Mileiren erasoen jomugan.

Datorren astean, La Sinsorgan

Mengolini Euskal Herrian izango da datorren astean, uztailaren 9an 19:00etan. Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan Las caras del monstruo (Munstroaren aurpegiak) liburua aurkezten egongo da, Maite Asensio kazetariaren gidaritzapean. Sarrera librea izango da, lekua bete arte.