Gasteizko Olagibel kaleko joko aretoak atzo zabaldu zituen berriz ateak. Deseskaladako hirugarren faseak mota honetako lokalen irekiera arautzen du. Judimendiko gazteek elkarretaratzea egin zuten lokalaren aurkako borrokan jarraitzeko deia eginez.
Deseskaladako 3. faseak Joko Areto eta Apustu Etxeen irekiera erregulatu du. Alarma egoerak iraun bitartean itxita egon dira eta orain %50eko edukierarekin zabaldu ahalko dituzte berriz ateak. Fase berriarekin batera martxan jarritako lokal horietako bat Olagibel kaleko Joko Aretoa izan da.
Judimendiko Gazte Asanbladak elkarretaratzea deitu zuen atzo, ekainak 8, arratsaldeko 20:30etan auzoko Joko Aretoaren aurrean. “Entzun gintuzten eta entzuten jarraituko gaituzte” lemapean aretoaren aurkako borrokan jarraitzeko deia egin zuten.
Hiru urte daramatzate Judimendi auzoan Olagibel kaleko 55 eta 57 zenbakietan kokatutako Joko Aretoaren aurka borrokan. Egindako dozenaka ekimenek, hitzaldiek, moblizazioek edota Euskal Herrian joko aretoen aurka burututako lehenengo manifestazioak auzo oso bat lerratu dute lokalaren aurka.
Garaipen txiki bat ere erdietsi zuten iragan urtean: establezimendua kudeatzen duen enpresak negozioa aurrera ateratzeko ezintasunak zituen eta hiru hilabetez itxita egon zen, Judiemenditik «auzo botereaz eta auzo borrokaz lortutako garaipen bat» bezala kalifikatu zuten.
Iragan urrian, ordea, lokalak berriz zabaldu zituen ateak, “auzoaren hitza errespetatu gabe” eta Judimendiko Gazte Asanbladak Joko Aretoaren aurkako borrokan jarraitzeko deia egin zuen.