Juan Martin Elexpuru idazle eta euskaltzale bergarar ezaguna gidari lanak egiten ari da Iruña-Veleiako aztarnategia ezagutzeko antolatu dituzten bisita alternatiboetan. Iruña-Veleiaren inguruko polemikan Batzorde Zientifikoak eta Arabako Foru Aldundiak erabakitakoa auzitan jartzen duten ekintzaileetan sutsuenetakoa da Elexpuru. Irailaren 26an, larunbata, hasiko du hurrengo sorta.
Abuztuaren 2an eginik lehenbizkoa, bizpahiru bisitaldi gehiago burutu dira udan, 20-30 lagun inguru bildurik bakoitzean. Ondorengo lauen albistea eman du orain Elexpuruk bere blogean. Irailaren 26koa, euskaraz izango dena, dagonekoz beterik dago 30 laguneko kopurua osaturik. Urriaren 3koa Bergarako Jardun euskara elkarteak antolatzen du. Aldiz, izen ematea zabalik dago urriaren 4an (gaztelaniaz) eta 18an (euskaraz) egingo direnetarako. Bisitak goizeko 10:30etik 13:00era luzatzen dira eta antolatzaileek Langraizko jatetxe batean bazkaria ere eskaintzen dute, bazkalondoan proiekzio bat ikusi eta aurkikuntza polemikoen inguruan solastatzeko.
Agintari politiko eta akademikoek postutik kendu zuten Eliseo Gilen bertsioaren aldekoek SOS Iruña-Veleia elkartetik zabaltzen dute beren informazioa (Batzorde Zientifikoak eta Arabako Diputazioak ez daukate webgunerik aztarnategiaz, gauza harrigarria 2015ean). Bisita fisikoez gain aztarnategia ezagutzeko ikustaldi birtuala bada, Eliseo Gilen Lurmen elkarteak antolatua.
Bestalde, irailean berriro hasi dira ostegunero elkarretaratzea egiten Arabako Foru Aldundiaren aurrean, Eliseo Gil arkeologoarekiko elkartasuna adierazi eta honen kontra agintariek jarritako kereila bertan behera uztea eskatzeko. Antolatutako bisita alternatiboen arrakastak erakusten duenez, luzaroan eta bero jarriatuko duela polemikak.