argia.eus
INPRIMATU
Juan Luis Agirre Lete kalean da 28 urteko espetxealdiaren ostean
  • Asteazken eguerdian berreskuratu du askatasuna astigartarrak, zigorra osorik beteta. Espainiako Auzitegi Nazionalak otsailean inputatu zuen ETAren zuzendaritzako ustezko beste lau kiderekin batera, Gregorio Ordoñezen hilketa leporatuta.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko martxoaren 13a

Arabako Zaballa espetxean zegoen preso Agirre, eta bertatik irten da asteazken eguerdian, Etxeratek jakinarazi duenez.

1996an atxilotu zuten Astigarragako bizilaguna, eta 2000ko hamarkadan 2025 arteko espetxe zigorra ezarri zioten, besteak beste, Fernando Múgica Herzogen hilketa eta José Antonio Ortega Lararen bahiketa agintzea leporatuta.

Naiz-ek gogoratu duenez, 2013an Auzitegi Nazionalak espetxealdia zortzi urtez luzatu zion, 2033ra arte, espetxe onura batzuk ezabatuta. Fernando Grande Marlaska zen epaitegi haren buru. Presoak helegitea aurkeztu zuen, 2016an Auzitegi Nazionalak arrazoia eman eta zigorra leheneratu zion.

Otsailean auzipetze berria

Auzitegi Nazionaleko Luis Francisco de Jorge Mesas epaileak delitu berri batengatik inputatu zuen Agirre otsailean, ETAren “batzorde exekutiboko” ustezko beste lau kiderekin batera. Epaileak Gregorio Ordoñezen hilketa eta zuzendaritzan egon ziren garaiko “atentatu guztien erantzukizuna” leporatu dizkie Agirre berari eta Jose Javier Arizkuren, Iñaki Gracia, Mikel Albisu eta Julian Atxurrari.