argia.eus
INPRIMATU
Juan Karlos Izagirre izango da berriz Donostiako alkategai
  • Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek jakinarazi du bera izango dela 2015eko Udal hauteskundeetan EH Bilduren hautagaia.

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2014ko urriaren 20a

Izagirrek, “konpromisoa” hartu du “benetako politika egiteko: gardentasunez, gertutasunez eta parte hartzean oinarrituta”.

Jacques Cousteau plazan aurkeztu zuen larunbatean alkategaia koalizio subiranistak, Aquariumaren aurrean. Bertan izan ziren besteak beste, Sortuko Hasier Arraiz, EAko Pello Urizar eta Aralarreko Ainhoa Beola, Donostiako Udal Gobernuko kideekin eta bertara hurbildutako zenbait jarraitzailerekin batera. Baita Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduko hautagai Xabier Olano ere.

Izagirrek uste du Bilduko Udal Gobernuak “erronka” eta “zailtasun” asko izan dituela agintaldiari aurre egiteko baina orokorrean balantze “baikorra” egin du: “Aukera asko izan ditugu; argi geratu da posible dela eta honek ez duela atzera bueltarik”. Haren ustez, “krisi ekonomikoa, aurreko Udal Gobernuak utzitako diru galerak eta polemika antzuak” dira legealdia zaildu dutenak.

Legealdiaren alderdi positiboen artean bat nabarmendu du Izagirrek: bakegintza. Donostia “normaltasuna eta bakea lortzeko erreferente” bihurtu dela uste du eta konponbide prozesuari lotutako ekitaldiak aipatu zituen, horien artean, Aieteko Nazioarteko Konferentzia.

Presoei ere aipamena egin zien EH Bilduko hautagaiak: “Hainbat eta hainbat donostiar eta euskaldun daude kartzelan egungo egoera posible egiteagatik”.

Maria Chivite PSNko hautagai

Maria Chivite izango da PSNren presidentegai. Bozen %58,59 lortu ditu Chivitek, Amanda Acedo bere hautagaiak berriz, bozen %41,41. 4.306 militante sozialistak eman dute bota; bozkatzera guztira 5.049 pertsona zeuden deituta.

Chivitek jasotako babesa eskertu eta gaineratu du “ohore” bat dela nafar sozialisten hautagai izatea. "Sinesgarritasuna, koherentzia, gardentasuna eta politikan berreskuratu beharreko etika publikoa” aldarrikatu ditu hautagai sozialistak herritarren konfiantza berreskuratzeko.

Chivatek uste du “herritarrak gobernu aldaketa bat” eskatzen dutela eta UPNren garaia “bukatu” dela: “UPNk aukera asko izan ditu eta ez ditu behar bezala baliatu”.